Bedarra eta lorak zaintzen dituana lorazaina da, baina futbol zelaietako bedarra zaintzeak espezializazino handiagoa eskatzen dau. Aditu gitxi dagoz arlo horretan, eta hareetako bat Pedro Luis Dañobeitia (1962) da. Lezamarrak eskarmentu handia dauka: urteak emon ditu Athleticen futbol zelaiak zaintzen, eta gaur egun beste zelai batzuez arduratzen da. Horren inguruko liburu bat be emon dau argitara.
“Matrizeria ikasi neban, baina gaztetan Athleticen behar egiteko aukerea sortu jatan”. Ia kasualidadez hasi zan Pedro Luis Dañobeitia belarra jagoten. “Belarra naturala eta artifizialaren inguruko ikastaro bat egin neban Espainiako Futbol Federazioan, baina batez be nire kabuz ikasi dot zelan zaindu behar dan belarra. Ni 1984an sartu nintzan Athleticen, eta garai hatan ez zegoan materialik. Beraz, liburuak hasi nintzen irakurtzen, topatzen... Gaur egun, nire etxera joanez gero, liburu gehienak dira belarrari buruzkoak (kar, kar)”.
Heziketa berezi barik, ekinaren ekinez, Pedro Luis aditu egin da, eta gaur egun oso gitxi dago munduan. Lezamarrak bere eguneroko beharraren barri emon deusku. “Belarra mozteaz eta markak egiteaz ganera, batez be, entrenamenduetan hondatzen dan belarra konpontzen dot”. Eguneroko lanak apur bat aspertzen dau Pedro Luis, baina izugarri gustetan jako ikertzea. “Zelan hobetu, belarra aztertu, konponbideak topau.... Beti izan naz sortzailea eta gauza teknikoek botatzen deustez erronkak gustatzen jataz”.
Belarra behar bezala jagoteko, hainbat alderdi hartu behar dira kontuan. “Abonatzea eta ureztatzea inportanteak dira, noski; azken batean, holan elikatzen dogu belarra”. Baina beste batzuk be egon badagoz: esate baterako, gaixotasunak. “Futbol zelaietako belarra ez da naturala, edo berez sortutakoa: azpian harea, harriak eta drainatzea dagoz, eta horregatik belarrak dituan gaixotasunei aurre egin behar deutsezu”. Era berean, garrantzitsua da belarrari atsedenaldiak emotea. “Jenteak garrantzi txikiagoa emoten deutso atsedenaldiari, baina zelaia egunero-egunero erabilten bada, egunero-egunero zapaltzen badabe, baldintza txarrak eukiko ditu”.
Pedro Luisek 25 urte emon eban Athleticen. “Batez be Lezamako futbol zelaiak zaintzen nebazan, eta urte batean baita San Mamesekoa be”. Halanda be, gaur egun Enviser enpresan egiten dau behar. Horrek lorategiak-eta zaintzen dauz Txorierrin eta lezamarraren eskutik futbol-zelaiak hasi ziran jagoten. Pedro Luisek eta beste lagun batek lau futbol-zelai zaintzen ditue: Loiu, Sondika, Zamudio eta Zornotzakoa.
Txorierrin Sondikako futbol zelaiaren belarraren kalidadeak ospe handia euki dau beti. “Horregatik, hain zuzen be, bada kalidade handikoa, atseden hartzen ixten deutsielako. Belarra gutxi erabilten dabe: entrenamenduak eta ariketak belar artifizialezko zelaian egiten dira, eta bertan be jarduten dabe beheko mailetako taldeek. Belarrezko zelaia lehenengo taldeak baino ez dau erabilten, eta partidak aste birik behin jokatzeko”.
Pedro Luis belarra naturalean ez eze artifizialean be bada aditua. Bere eritxiz, belar artifizilak ez dau inoiz naturala ordezkatuko, goi-mailako zelaietan behintzat. “Belar artifiziala be zaindu behar da: orraztu, ureztatu... Baina askoz merkeagoa da eta beheko mailetan oso erabilgarria da. Baina ezbardina da: botea diferentea da, zauri gehiago sortzen dira belar artifizialean... Eguraldi extremoetan edo dirurik ez dagoan lekuetan belar artifiziala ezarriko da, baina Europan eta goi-mailetan guztiek gurago dabe belar naturala”.
Liburu bakarra munduan
Denporaren poderioz, Pedro Luisek material pilo bat batu dau belarra zaintzeari buruz. Eta horregatik erabagi eban 2013an Footballgrasskeeper, los cuidados del césped en el futbol liburua idaztea. “Liburua bakarra da munduan, ez dago ezta ingelesez be, nirea bezalako argitalpenik. Golfaren belarrari buruz asko idatzi da, baina futbolarenari buruz, ez, ordea. Nik hutsune hori bete dot”. Liburua potoloa da, baina material pilo bat kanpoan gelditu zan. Pedro Luisek hainbat gai jorratzen ditu: drenajea, zelan jarri belarra eta azpian dituan harea eta harriak, harri eta hare-motak....
Argitaletxe batzukaz berba egin ondoren, lezamarrak bere kabuz argitaratu eban liburua, eta online erosi ahal da, Punto rojo libros webgunean. Gaur egun barriro argitarau gura dau. “Argitaletxe batek kudeatzen badau, agian, ingelesez be plazaratu ahal da”. Pedro Luisek asmo didaktikoa dau eta liburuaz gain, artikulu batzuk idatzi dauz Greenkeeper izeneko aldizkarian. Horretan golfa da gai nagusia, baina Pedro Luisek futbola hartzen dau hizpide.