Piramiderik famatuenak Egipton daude eta duela 4.500 urte eraiki ziren. Hala ere, txikitan askoz garrantzitsuagoak ziren Artxandako jolas-parkearenak. 70etako eta 80etako Bizkaiko haurrek jolas-parkeko piramide erraldoi eta gorriak ikusten genituenean, urduritasuna eta ilusioa askatzen ziren gure barnean. Gure aurrean, mundu magikoa zabaltzen zen, animaliez eta punta-puntako atrakzioz josia. Guretzat parkea bakarra zen munduan, paradisua bezalakoa.
Parkea 1974ko irailaren 14an inauguratu zen Ganguren mendian, Txorierri alboan, Galdakaon. Sustatzaileak Bankunión, Bilboko eta Bizkaiko Aurrezki Kutxak eta Madrilgo jolas-parkea izan ziren. Jabeek asmo handiak zituzten eta 515 milioi pezeta (3 milioi euro) inbertitu zuten. Gainera, urtean parkea 1,5 milioi lagunek bisitatzea espero zuten, baina usteak erdi ustel gelditu ziren laster. Izan ere, urterik onenean 450.000 lagun baino ez ziren parkean sartu.
Parkea martxan jarri zenean, Europako modernoenetariko bat zen eta Bizkai mailan aisialdirako erreferente handia bihurtu zen hasiera-hasieratik. Parkean denetariko atrakzioak zeuden, bai umeei, bai helduei zuzenduta: etxe magnetikoa, tiro-aretoa, tonbola, fantasiaren etxea, etxe sorgindua, zaldiko-maldikoa, haurrentzako motorrak, sorginaren trena, ohe elastikoak, mini-golfa, kart-zirkuitua, noria, errusiar mendia... Haietako batzuk zortzi piramide gorrik babesten zituzten, parkeko ikurrik nabarmenena. Era berean, txikienek amets egiteko aukera zuten parketik zebilen tren batean.
Atrakzioekin batera, parkeak ekipamendu oparoa zuen, gaur egun parke tematiko famatuek dituztenen modukoa: aparkalekuak, jatetxeak, kioskoa, diskoteka, berdeguneak, zoologiko txiki bat, iturri zibernetikoak, igerilekua... Baita 5.000 lagunentzako anfiteatroa ere. Garaiko artistarik handienek bertan eskaini zituzten kontzertuak: Hombres G, Miguel Bosé, Gloria Gaynor, Oskorri, Torrebruno, Mecano eta Parchis taldeak...
Apurka-apurka bisitarien kopurua gero eta txikiagoa izan zen. Parkea Bilboko hirigunetik urrun zegoen, eta bere kokapena, mendi erdian, ez zen batere atsegina. Errepidea ez zegoen baldintzarik onenetan, eta askotan auto-ilarak sortzen ziren. Gainera, eguraldi txarrak umeen gogoa, eta batez ere gurasoena, apaltzen zuen. 1988an 120.000 lagun baino ez ziren parkera joan eta Bizkaiko Foru Aldundiak parkearen % 77 erosi zuen, 900.000 euroren truke. Parkea indarberritzen saiatu zen behin baino gehiagotan, baina azkenean, 1990ean, itxi egin zuten parkea.
Gaur egun itxita jarraitzen du eta itxura benetan negargarria da. Dena dago erabat abandonatuta, sastrakak jan ditu bideak eta atrakzioen arrastoa, eta oraindik zutik irauten duten metalezko egiturak herdoilez beteta daude eta erortzeko arrisku handia dago. Aldundiak iragarri du parkea aurten botako duela lurrera. Beraz, agur esan beharko diogu geure haurtzaroaren zati bati, piramide-forma duen horri.