Emakumeek ahots errimea daukie Lezaman

Aikor aldizkaria 2016ko mar. 18a, 11:53
Lezamako emakumeen ahotsa herriko txoko eta esparru guztietara zabaltzea dau Moreak taldeak helburu eta premia. Holan, bada, gizon eta emakumeen arteko bardintasun erreala lortzeko helburua harturik, gogor ibiltzen dira lanean errespetau daitezan emakume lezamarren eskubideak eta kontuan hartu daitezan euren kezkak eta beharrizanak. Taldekide batzuk izan doguz geugaz berbetan: Marisa, Karmele, Begoña eta Lurdes. EH Bilduk 2015eko otsailean bultzatu eban gune irekian dago taldearen abiapuntua. Emakumeen eremua lantzeko eta Udalaren politikan emakumeen ikuspegia sartzeko premia ikusi eben bertan. “Berba asko egiten da bardintasunaren inguruan, badagoz hainbat plan, instituzino..., baina, praktikan, gauza gitxi ailegaten da jentearengana. Kezkatuta gabilz gaiagaz, eta horregaitik hasi ginan biltzen, Lezama emakumeen eremutik aktibatzeko zer egin geinkean pentsetako”. Urtebete eskas daukan taldea da, baina gogoz ekin deutsie lanari, eta landu beharreko hainbat esparru zehaztuta daukie daborduko. Halan, beharrezkotzat jo dabe herrian dagoen beste emakume taldeagaz (Laiak ) eta Udaleko alderdiakaz batzea eta Emakumeen Kontseilua sortzea, proposamenak hortik bideratzeko, eta emakumeei zuzendutako benetako planak osatu ahal izateko. Bardintasunaren Planari jarraipena egitea eta plana gauzatzea be garrantzitsutzat jo dabe. Era berean, emakumea arlo pribadutik publikora ateratea ezinbestekoa da, lezamarren ustez, eta, beste neurri batzuen artean, ahalduntze tailerrak antolatzeko asmoa daukie. “Heziketea behar dogu barne-barnean daukaguzan balio horreek aldatzeko. Izan be, gizarte honek gauza konkretu batzuetarako prestatu gaitu, adibidez, zainketarako, eta hori ez da bidezkoa emakumeontzat. Pentsetan dogu gure autoestimua ez dala behar bestekoa, eta milaka gauza primeran egiten doguzan arren, geure buruari ez deutsagula medailarik ipinten. Beti gagoz eremu pribaduan, eta publikoa, nahiz eta bikainak izan, beste batzuen esku izten dogu”. Errebindikaten dabe emakumeek presentzia eukitea herrian egiten diran ekintza guztietan, eta emakumeen ikuspegia, nahiak eta premiak kontuan hartzea herriko bizitzaren esparru guztietan. “Kirol arloan, adibide bat ipintearren. Frontoia, momentuz, ez da emakumeen lekua; eta etorkizunean izango da, beharbada. Baina ikusi dogu, besteak beste, leku ederrak, erosoak eta ondo zainduak behar doguzala, adibidez, pasieran ibilteko gonbitea egiten dabenak”. Segurtasun arloari jagokonez, herrian dagozan puntu baltzak emakumearen ikuspuntutik identifikatzea eta era egokian atontzea be hartu dabe garrantzitsutzat. Gure erreferente gehienak, edo ia guztiak, gizonezkoak dira, eta taldearen helburua da Lezamako emakumeak eta hareen historia ikusgai ipintea. Horretarako, arrazoi bategaitik edo besteagaitik nabarmendu diran emakume lezamarren gaineko informazinoa batuko dabe, herritarren artean zabaltzeko. Aurten, eta Martxoaren 8aren haritik, emakume baten izena ipini dabe Udaletxeko plazan, modu sinbolikoan. Emakume hori Maria Josefa Garabieta Olabarrieta da (1920-2005). Amaren Etxea jatetxekoa, ospetsua zan prestaten zituan indaba, txorizo eta odolosteengaitik. Gainera, Bizkaiko lehenengo emakume gidaria izan zan 1949an. Halanda be, eta esan deuskuen moduan, emakumearen izena hurrengo goizerako kenduta egoan. Alkarregaz filosofau Udal politikak berrikustea be ezinbesteko urratsa da, gizonen eta emakumeen arteko bardintasunaren errealerako bidean. Hori dala eta, aurreko udal aurrekontuak genero ikuspegitik aztertu ditue beste talde eta zinegotzi batzukaz. “Instituzino mailan, hainbat alderdi landu barik dagozala ikusi genduan. Dirua zelan gastau dan jakin gura genduan, aurrekontuen barruan zeintzuk gauza sartu diran eta lehentasuna zeri emon jakon. Eta, jakina, diru-partida horreetatik zenbat diru bideratu dan emakumeengana, eta zer egiteko. Astiro-astiro landu beharreko gauzak dira eta hurbil daukaguzan erakunde publikoetara jo beharko da, eta galdetu”. Kultura eta kirol ordenantzetan emakumeen presentzia eta balioa azpimarratzea eta hizkuntza trataera ikuspegi feminista batetik lantzea be eskatu eta onartu da. Talde zabala da Moreak taldea, gaur egun 10 emakume batzen dituena, baina espero dabena emakume lezamar gehiagorengan interesa biztea eta talde barrura erakartzea. “Emakumeok emakumeokaz egon behar dogu. Alkarrengandik ikasi, alkarregaz filosofau, eta gure beharrizanak eta nahiak aztertu, osasun, politika, kirol, kultura... arloetan, kalean... Mikromatxismoak identifikaten ikasi behar dogu, eta horreek zergaitik onartzen doguzan aztertu. Heziketea ezinbestekoa da horretarako. Eta geure burua genero indarkeriatik babesteko be bai. Izan be, indarkeria horrek lotura estua dauka emakumeok pairatzen dogun desbardintasunagaz, eskubide falteagaz, heziketa falteagaz...”. Orain arte, Lezaman ez da egon protokolorik indarkeria sexistaren aurrean zelan jokatu finkatzeko eta erasotuak bere eskura daukazan baliabideak zehazteko. Protokolo hori Makomunitateko Bardintasun teknikariagaz landu dabe. “Danon eskubideak defenditako, emakumezkoenak be defendidu behar doguz. Eta gagozan lekutik urten. Osterantzean, boterea eta erabagiak beti egongo dira gizonezkoen esku”. Gehiegikeriak salatzeko bideak zabaldu Moreak taldeak ikusi dauan beste hutsune bat da herrian ez dagoela bide egokirik emakumeen kontra gertatzen diran gehiegikeriak salatzeko. Lezamarren helburuen artean, hori betetea be badago. Kontau deuskuen moduan, orain dala gitxi, emakume batek bake-epaitegiko langile baten berba iraingarriak jasan zituan, umea erregistratzera joan zanean. Emakumeak umeak bere abizenak eukiko zituala adierazo, eta, besteak beste, honeek esan eutsan funtzionarioak: “aita bat asmatzeko; sexua gizon bategaz baino gehiagogaz euki ebala, beharbada, eta aita nor zan be ez ekiala; gizon baten izena ipiniz gero, ha salatzeko aukerea eukiko ebala; eta, behintzat, abizenen ordena aldatzea, nabarmenkerietan ez ibilteko”. Funtzionarioak, ostera, esan dau emakumeak txarto ulertu zituala bere berbak, eta eukazan aukerak jakinarazo baino ez ebala egin. “Emakumeak salaketea ipini eban Bilboko epaitegian, eta hareen erantzuna izan da ez dabela uste inongo erasorik egon danik. Bestalde, mozinoa sartu dogu Udaletxean, eta onartu egin da. Alkateak idatzi bat bialdu dau Justizia Sailera, eta Emakundeari zein Arartekoari be emon deutsegu gaiaren barri”. Emakundek erantzun deutse hareei ez jagokezala halako gaiak, eta, lerro honeek idatzi direnerako, beste erakunde bietatik ez dabe behin betiko erantzunik jaso. “Beharrezkoa bada, hareengana joko dogu barriro”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).