Fuentene Berria erretegia, Euskal Herriko bigarren parrila

Aikor aldizkaria 2016ko mar. 23a, 09:31
Jatetxe eta erretegi ederrak ditugu Euskal Herrian, baita Txorierrin ere. Gure sukaldari batzuek Michelin izarrak eta beste sari batzuk irabazi dituzte. Ohorezko zerrenda horretan beste kide bat dugu, Fuentene berria erretegiko Urko. Izan ere, Zamudioko jatetxe horrek bigarren postua lortu zuen Euskal Herriko Parrila Lehiaketan. “Polita da irabaztea, baina ez diot ho­rri garrantzi handirik ematen, egia esan. Horrelako txapelketak politak dira beste jatetxeetako lagunak ezagutzen dituzulako eta oihartzuna ematen diolako zure lanari, zure erretegiari. Baina besterik ez”. Urko Zarauza Fuentene Berria Erretegia­ren sukaldaria eta jabea da. Plentziarrak umiltasunez hartu du bere erretegiak lortu duen esker ona. “Gure lan egiteko era erakustera joan ginen txapelketara eta horregatik hain zuzen ere gaude pozik”. Euskal Herriko Parrila Lehiaketaren hi­ru­garren edizioa Donostiako Alde Zaha­rrean egin zen azaroaren 26tik 29ra bitartean. Jakitea elkarteak –sukaldari gipuzkoarren elkartea eta txapelketaren antolatzailea– deitu zion Urkori lehiaketan parte hartzeko. “Nahiz eta eskarmentu handirik ez izan, gure ibilbidea badugu, eta elkartekoek ezagutzen gaituzte. Be­raz, parrilen lehiaketan parte hartzera ani­matu gintuzten. Guk telebista eta irrati-saioetan hartu dugu parte, epaile izan gara sukaldaritza lehiaketa batzuetan...”. Fuentene berrikoek lehendabiziko aldiz hartu dute parte txapelketan. Parte-hartzaileek txerri txuleta, abere larriaren txuleta eta zapoa prestatu behar zituzten lehiaketan. Azkenean emaitza ona lortu arren, txarto hasi zen dena Ur­korentzat. “Oso berandu heldu ginen txapelketara, Donostiara, gure jatetxean ere berandu bukatu genuelako. Berandu heldu ginenez, oso leku txarra utzi ziguten parrilan, txarrena ziur asko. Eta borobiltzeko, hotz handia eta eguraldia oso kaskarra egin zuen. Beraz, oso baldintza txarretan sartu ginen lehian; hala eta guztiz ere, maila ona erakutsi genuen eta bigarren postuan bukatu ahal izan ge­nuen txapelketa”. Sukaldaritza lehiaketak Euskal He­rrian beti dira gogorrak sukaldarien maila oso ona delako. Parrilena ez zen salbuespena izan, ez horixe! “Lehiakideen artean denetarik zegoen, baina maila altua zen: eskarmentu handiko erretegiak, Michelin izarren bat duten jatetxeak... Eta haien artean gu geu! (kar, kar). Erabat ezezagunak ginen eta hasieran ez ziguten jaramon handirik egin. Hala ere, lanean hasi ginenean, beste era batean tratatu gintuzten, errespetu handiagoarekin”. Euskal Herriko txapelketan parte hartzeko, Urkok txartela irabazi behar izan zuen Bizkaiko txapelketan. Bizkaia mailan iaz egin zen lehendabiziko aldiz txapelketa, Getxon, ekainaren 13an. Han ere bigarren postuan gelditu zen Urko. “Irabazi behar izan genuen, gurea zelako platerik onena, baina tira...”. Beraz, Euskal Herriko Txapelketan Gipuzkoako zein Bizkaiko lehenengo sukaldari biak sartu ziren lehian. Gainera, antolatzaileek Nafarroa, Araba eta Iparraldeko sukaldari batzuk gon­bidatu zituzten, baita Juan Manuel Garmendia iazko txapelduna ere. “Parrilara, dena gozo” Urkok txapelketan egindako lan txukunak agerian utzi du primeran lantzen duela parrila. Aditua da eta lehiaketak au­kera ona eman digu berari parrilari buruz galdetzeko. “Parrilan edozein gauza jarri ahal da, okela, arraina, itsaskia, fruta.... Eta dena dago gozo. Parrilak usaina ekartzen dio janariari eta hori zartagin batek ezin du eman. Txingarretatik ateratzen den kea da parrila bereizten duena. Bestalde, jankidearen gustuak erabakitzen du ze­lan egin janaria parrilan. Niri, esate baterako, okela bero gustatzen zait, baina bes­te batzuek apur bat hotz ateratzen du­te parrilatik”. Urkok esan digu hainbat alderdi hartu behar direla kontuan parrila gozoa prestatzeko: txingarrak, parrila mota, okela zelan moztu… “Baina lehengaia goi-mailakoa bada, parrilan ere primerakoa izango da”. Erretegi gaztea Urkok duela gutxi, 2014ko apirilean, jarri zuen martxan Fuentene Berria erretegia, Lekunbiz auzoan, Za­mudion. Bere leloak esaten duenez, lehorreko eta itsasoko baserria da, hau da, bere espezialitatea okela eta arraina da, baina txingarretan erreak. Bazkalorduan ohikoa da Urko parrilaren aurrean ikustea, aparkaleku zabalaren ondoan. Urkorekin ba­tera, beste lau lagunek ere egiten du­te lan erretegian. Urkoren taldea pozik dago Txo­rierrin. Gogor eta ilusio handiz egiten dute lan egunero, jatetxea aurrera eramateko. Hasiera gogorra izan zen. “Alde batetik, jatetxeak ez zuen ospe onik eta aurreko jabeek eta kudeatzaileek ez zuten baserria behar bezala zaindu. Bestetik, sartu ginenean aldaketa batzuk egin nahi izan genituen eta horrek denbora eskatzen du. Zorionez, kartak arrakasta izan zuen hasieratik eta horri esker, gero gure eskaintza zabaldu ahal izan dugu: eguneroko menua, menu bereziak, gosariak, jantoki pribatuak...”, esan digu Urkok.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).