Gure planetaren sukarra

Aikor aldizkaria 2016ko mar. 30a, 09:50

t: Juan Luis Goikoetxea a: Aritz Albaizar

Ene lurraldean, udako iretargiak gauez baino ez du hartzen eguzkia; egunez beroegi egiten du-eta. Ene lurraldean, neguak hotzak izan ohi dira; aurtengoa, baina, epela. Berotegi-efektua gatik omen da. Egun epelduetan, haizeak boladaka jotzen duenean, pago-orriak hego bakarreko txori dira eta orbelak bidaiari herren. Haizerik ez dabilenean, ostera, orbelak piloetan batzen dira hausnartzeko, udaberrian jaioko diren orriak zer nolako girora erneko diren; lehorte lehorrak erkin lagako dituen hostook ala euri-garo oparopean soin-zabal haziko diren. Ene herrialdean, planetaren sukarra neurtzeko termometroari baino txorimetroari begiratzen diogu, elaimetroari, txindorrarenari: Non dira orain hiru urtera arte baserriko atarira hurreratzen ziren elaiak? Non neguetako txindor papargorriak? Hala elaiak nola txindorrak berriz geureganatzeko, planetaren kiskaltzea eten egin behar dugu, jakinik, lurraren sukarra gaixotasunaren sintoma baino ez dela; hainbeste karbono dioxido metatzearen ondorio. Izatez, lurra gure aurrekoa da, eman egin zaiguna; begirunea zor dioguna. Gure gazteek -eta udaberrian jaioko diren orriek- eskatzen diete politikoei, ez makurtzeko burua diru-merkatarien aurrean; eusteko bizitzeko eskubideari, abere zein pertsonenari. Zaintzeko aberastasun naturalaz gain ondare kulturalak, denak ere mehatxaturik daudenak. Gure lurraldeak geuri ere eskatzen digu “erabil eta bota” deritzan logika alde batera uzteko; zaborrak ondo bereizteko; berogailua gradu bat gorago ipini barik jertse artilezkoa janzteko. Munduko biztanleriak eskatzen digu, jagoteko geure etxea, alegia, geure planeta; ez dezagun sastegi bihurtu. Bestela, itsasoak gora egingo digu, zeren hainbeste zikinkeria garbitzeko -itsasoaren logikan- gero eta ur gehiago beharko baitugu lehorreko gizaki zikinok.