Egurraz eta kristalaz ganera, harria erabiliko da Txorierriko Baserri Antzokia eregiteko. Berrehun eta hogei tona harri inguru, hain zuzen be. Harri zaharra da, Zornotzan egoan baserri batekoa, eta Lasuen eraikuntza enpresari erosi jako. Mikel Lasuen enpresa horretako gerentea da eta Baserri Antzokiko harriaren berezitasunak kontau deuskuz.
“Gurea familiako enpresea da eta lotura handia daukagu Euskal Herriko ohiturakaz. Diru apur bat dagoanean, herri kirolak eta euskal kulturea sustetako be erabilten dogu”, hasi da Mikel azaltzen, “Beste lan batzuen artean, baserriak botaten doguz lurrera eta aitari pena handia emoten eutsan halako harria galtzeak. Beraz, gure hondakindegian gordeten hasi ginan. Baina ez harria bakarrik, egurra eta habe handiak be gordeten doguz. Balio sentimental handia daukie guretzat”.
Baserri bat bota eta harriak hondakindegira eroaten diranean, moltso berean ipinten dira baserri horretako harri guztiak, beste eraikuntza batzuetako harriakaz nahasi ez daitezan eta bezeroak aukeratzen dituan harriak baserri berekoak dirala ziurtatzeko. “Harri bakotxak bere tonalitatea dauka, baserria egon dan lekua eguzkitsua edo euritsua izatearen arabera. Baserri Antzokiaren harria aukeratzeko, besteak beste, eraikina egongo dan ingurua hartu zan kontuan, baita harriaren tamainua eta kolorea be”.
Mikelek esan deuskun moduan, aukeratuko harria Zornotzan egon zan baserri batekoa da. “Orain dala 20 urte, baserri bi erori ziran bertan eta harriak hor egon ziran urteetan. Denporearen poderioz, bedarrak tapau zituan harriak eta artzain bat etorri jakun kendu ahal genduzan galdetuz, ardiek jateko bedarra behar ebela”. Baserri Antzokikoa hareharria da, makarroi-hori kolorekoa, eta alde batzuetan nahiko tonalitate ilunak daukaz. “Tamainu guztietako harriak dagoz, handiak, txikiak, handiagoak, txikiagoak... Harria ipinten dauenak gustu handia euki behar dau, edonor ez dalako harri zaharrak ipinteko gauza. Eta igarten da, gainera. Eskua euki behar da”.
Konforta
Ezin da esan harri zaharra harri barria baino hobea danik; halanda be, alde handia dago estetikoki, lan egiteko modua ezbardina dalako. “Harri barria puzzle bat izango balitz moduan dator fabrikatik, eta errazagoa da ipintea. Harri zaharra, ostera, artisau-moduan landu behar da. Izan be, lehenago ez egoan gaur egun dagoan makineriarik eta ondorioz, harriak tamainu ezbardinetakoak dira, batzuk handiagoak, beste batzuk txikiagoak... Orduan, harginak ondo ahokatu behar ditu aleak. Meritu itzela dauka harria ipinten dauenak”.
Mikelen esanetan, harriak ez dau edozelango tratamenturik euki behar. “Arlo estetikoaz ganera, beste abantaila bat be badauka: eskaintzen dauen konforta. Harri zaharrak barriak baino zabalera handiagoa dauka eta, ondorioz, hobeto mantentzen dau tenperaturea. Halan, barrukoa fresko mantentzen dau udan eta epelago neguan. Abantaila handia da hori”.
Harginak buru belarri dabilz Baserri Antzokiko hormetan harria ipinten. Lanak maiatzaren erdialderako-edo espero dabe amaitzea. Orotara, 220 tona harri ipiniko dira Txorierrin euskera eta euskal kulturaren topagunea izango dan baserrian. Jatorrizko harria da, Euskal Herriko baserri tradizionalak egiteko erabili zana, eta beraz, gure ohiturei eusten deutsena.