Sorkun, abeslaria: “Metamorfosi sakona eduki dut pertsonalki zein musikalki”

Aikor aldizkaria 2016ko api. 27a, 12:39
Atal honetara Txorierrin izan diren musikariak, aktoreak, idazleak… ekartzen ditugu normalean, baina oraingo honetan salbuespena egin dugu, San Isidro Derioko jai-batzordeak hala eskatu digulako. Sorkunek eta bere taldeak kontzertua eskainiko dute maiatzaren 13an, jai-egitarauaren barruan, eta Errenteriako abeslariarekin izan gara solasean bere azken lanari buruz. Nolako kontzertua topatuko du Deriora hurbiltzen denak? Batez ere Ziklomorphosia azken diskoa aurkeztuko dugu eta eszenatokian hauek arituko gara: bateria-jotzailea, baxu-jotzailea, gitarra-jotzailea, teklatu-jotzailea eta bostok. Duna diskoaren kantaren bat eta Kashbad taldearen bertsioren bat ere joko dugu. Kontzertua ezberdina izango da; ez du zerikusirik edukiko betidanik egin ditudan rock kontzertuekin… Soula, reggaea, funk-a… nagusi izango dira kontzertuan. Dantzagarriagoa izango da, ezberdina. Ziklomorphosia joan den urteko azaroan kaleratu zenuen. Zelako harrera eduki du? Oso ona. Egia da jendea harritu egiten dela, ez delako betikoa. Gainera, taldeak maila bat dauka, eta gauza asko gertatzen dira musika arloan. Jendea gustura azaltzen da. Kontzertuetan ere sumatu duzu? Bai, orain dela gutxi Gazte Danbadan egon gara eta, nolabait, saio erabakigarria izan da, musika gogorragoa, punkyagoa… egiten duten taldeekin batera jo dugulako. Jendeak oso erantzun ona eman zuen eta publiko artean oso jende gaztea ere egon zen. Hori oso pozgarria da musikariontzat, jende gaztearengana ailegatzeko kezka izaten dugulako. Lehen aipatu duzun moduan, Ziklomorphosia bestelako erritmoz betetako lana da: soul, funk, hip-hop…; aurretik jorratu duzun rock estiloarekin zerikusi gutxi duena. Bilakaera naturala izan da? Kashbad taldearekin edo nik neuk bakarrik rocketik hurbilago dagoen estiloa jorratu dudan arren, musika anitza entzun dut beti. Duna ere nahiko lan berezia da, drum&bass dago bertan, musika esperimentalagoa, elektronikoa… Era berean, rap munduko jendearekin egin ditut kolaborazioak, Fermin Muguruzarekin, oso musika estilo zabala jorratzen duena… Egiteko gogoa nuen zerbait izan da; rocketik atera eta beste erritmo eta estilo batzuk landu. Bai, bilakaera naturala izan dela uste dut. Estilo aldaketa horrek zerikusirik du diskoaren izenarekin? Metamorfosirik eduki duzu? Bai, erabat. Momentu zehatz batean ziklotimia diagnostikatu zidaten eta gauza asko ulertu nuen neure buruari buruz, zer gertatzen ari zitzaidan. Metamorfosia oso sakona izan da pertsonalki zein musikalki. Hitz jokoa egin eta Ziklomorphosia atera zen. Hasieran, abesti bat baino ez zela izango pentsatu nuen, baina uste baino gehiago izan da azkenean, eta horregatik ipini diot titulu hori diskoari. Kontraste handia dago dantza egiteko gonbitea egiten duen musika eta hitzen iluntasunaren artean. Beste disko batzuetan neuk idatzi ditut hitzak, baina oraingo honetan hitz gehienak Eider Rodriguezenak dira. Eider eta biok lagun minak gara eta berak ondotxo daki zelan sentitu naizen azken urteotan, zelan egon naizen… Zazpi urte pasatu dira aurreko diskoa atera nuenetik hona, eta saiatu gara urte hauetan gertatutako guztia Ziklomorphosia lanean islatzen. Komunikazio handia dago gure artean eta abiapuntutzat gure arteko elkarrizketak, nik kontatutako gauzak… hartu ditugu. Gainera, hitzak indartsuagoak izatea nahi nuen; eta euskara, landuagoa. Asmatu dudala uste dut. Eta bai, kontraste handia dago hitzen iluntasunaren, eta hori guztia musikalki zein ahotsarekin zelan adierazten dudanaren artean. Zure laugarren lana da bakarka. Bakarka, baina lagunak eduki dituzu inguruan. Ur azpian abestia Koldo Soretena da, eta Javi P3zek Astronautak konposatu du. Gainera, Harkaitz Canok konposatutako Gizon laztan abestiaren rapa ere egiten du. Bestalde, talde osoak parte hartu du diskoan. Adibidez, zati bat gitarra-jotzailearekin, Mikel Romerorekin, konposatu dut; eta beste zatia, baxu-jotzailearekin, Aritz Luzuriagarekin. Gero, bateratze lanean, bakoitzak bere ikuspuntua adierazi du, konponketak egin… Hogeita bat urte daramatzazu musika munduan. Zelako abeslaria, musikagilea… da Sorkun gaur egun? Lan honetarako argi eduki dudana hau izan da: bakoitzak ondo egiten dakiena egin behar zuela. Nik abesten dut, baina ez dut instrumenturik jotzen eta ezin dut bakarrik konposatu. Beraz, konposatzen dakien jendea eduki dut inguruan. Testu onak idazteko gauza zen pertsona bat ere behar nuen, euskara ondo menperatzen zuena eta nire sentimenduak islatzeko gauza zena. Hori guztia nahasteko ardura nirea da, bai; ahots-melodiak beti dira nireak eta diskoaren estiloa neuk erabakitzen dut. Baina konposizioari eta testuei maila altuagoa emateko asmoa eduki dut oraingo honetan. Ziklomorphosia diskoarekin bira egiten zabiltza buru-belarri. Zelan datoz hurrengo hilabeteak? Kontzertu asko ditugu eta udan ere gelditu barik ibiltzea espero dugu. Euskal Herritik kontzertuak eman eta asko jo. Gero, abenduan, hausnarketa egingo dugu urtea zelan joan den aztertzeko. Ibilbidea Sorkunde Rubio (Errenteria, 1977). Musika mundura Kashbad rock taldearen eskutik ailegatu zen eta talde horren abeslaria izan zen 90eko hamarkadan: Kashbad (Esan Ozenki, 1996), Distantzia (Esan Ozenki, 1997) eta Hesiak (Esan Ozenki, 1999). Negu Gorriak, Joxe Ripiau, Flitter eta Fermin Muguruza bezalako talde eta musikariekin ere egin ditu kolaborazioak. Bakarkako bere lehen lana Onna 2002. urtean (Metak) aurkeztu zuen eta handik hona beste hiru disko plazaratu ditu: Duna (Kontrakalea-Metak, 2005), Sorkun & Vice Presidentes (PIAS, 2008) eta Ziklomorphosia (Srgntx Koop, 2015). Kashbad taldearekin beste lan bat kaleratu zuen 2014. urtean: Arrakalak; eta urte berean, beste bat DJ Patarekin: Turn on the Radio. The mixtape. Bildumetan ere hartu du parte: Gizaki hauskorra (Metak, 2003); Pistola aluan (Wagram, 2004) eta Hator (Gure Irratia-Gara, 2005).

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).