San Isidro jaiak maiatzaren 13tik 16ra ospatuko ditue Derion. Jai-batzordea buru belarri ibili da herritar guztientzako ekitaldiak antolatzen: jolasak, txapelketak, kontzertuak, dantza saioak, kale antzerkia, pelotea... Aurreko urteetan moduan, herriko alkarteen laguntzea be ezinbestekoa izango da, jaiak erabat arrakastatsuak izan daitezan.
Odol argia alkarteko kideek pregoia irakurteko ardurea eukiko dabe aurten. “Derion lan handia egiten dabe odol-emotea bultzatzen. Gainera, urtero-urtero jai-egitarauaren zenbait ekintza hartzen dabe euren ardurapean, esate baterako, marrazki lehiaketea eta txitxi-burruntzia. Hori laguntza handia da jai batzordearentzat”, esan deuskue. “Hogei urte bete ditue eta atxakia paregabekoa iruditu jaku, pregoia irakurtzeko proposamena egiteko”.
Jaietako lehen egunari, barikuari, indar berezia emoteko asmoa dauka jai-batzordeak. Horretarako, Jai Tropikalean ipiniko dabe arretea. “Urte pare bat daroaguz ha antolatzen, baina aurten txupinazoagaz batera hasiko da. Ludotekako umeek be loradun lepokoak, gonak... prestauko ditue astean zehar. Txosnagunera igoerea inozko koloretsuena izango da. Batukada brasildarra egongo da eta herriko txokoak dantzaz beteko dira”. Dantzaz eta musikaz, barikuan zein zapatuan estilo zabaleko kontzertuak egongo diralako: folk, rock, reggae, elektronikoa, hip-hop... Derio edo inguruko herrietako kideek osatutako taldeek hasierea emongo deutsee kontzertu sailei, eta, hareez gainera, Sorkun abeslaria, McOnak taldea (punk-folk) eta Dj Munza igongo dira eszenatokira barikuan; eta Los zopilotes txirriaos taldea (ranchera nafarrak), Oxabi taldea (erromeria) eta Patrol destroyers (elektrohouse, dubstep...) zapatuan. “Gure helburua ez da jentetza erakartea. Halanda be, talde barriei edota gazteei aukerea emoteaz aparte, eta zailtasunak zailtasun, euskal eszenan esanguratsuak diran musika taldeak ekarten ahalegindu gara. Musika estiloen aniztasuna be hartzen dogu kontuan, eta gustu guztiak asetzea ezinezkoa dan arren, ezin da ukatu aurten danetarik dagoala”. Bestalde, eta nobedade moduan, Piperdun flamenko alkarteak be saioa eskiniko dau domeka arratsaldean.
San Isidro jai-batzordea orain dala pare bat urte hasi zan Koadrila Txapelketea antolatzen, oso emaitza onagaz. “Koadrilei, barikuan eta Jai Tropikalaren barruan, igoera tropikala egiteko proposamena egin deutsegu, jaia arratsaldean hasi eta gauean amaitzeko. Zapatuan, proba biri egin beharko deutsee aurre: bubble balls eta kutxen igoerea, Uribe parkean eta kiroldegian egingo diranak. Parte-hartzaileek ondo pasauko dabe eta ikusleek be eukiko dabe disfrutetako aukerea, ezohiko probak diralako”.
Herritarrek ondo pasetea jaien helburu nagusia da, argi eta garbi. Eta, zelan ez, jai parte-hartzaileak izatea, hau da, herriak herriarentzat egindakoak. Horregaitik, jai batzordearen bilerak edonorentzat dagoz zabalik, eta alkarlana funtsezkotzat joten dabe. Kultura-taldeen lana, beraz, azpimarratzekoa da urterik urte. Subike, Odol argia eta Sutondoan alkarteek, adibidez, txitxi-burruntzia antolatzen dabe, eta bigarren txosna hartzen dabenek -Derio futbol taldeko neskak, aurten- kartelak ipinten laguntzen dabe. Gure señeak alkartea herri bazkariaz arduratzen da eta txokolatadea Sutondoan alkartekoek egiten dabe. Piperdun eta Lainomendik euren emonaldia eskaintzen dabe, eta marrazki lehiaketea Odol argia alkartearen eskutik izaten da. Gainera, hainbat herritarrek egiten dabe txandea txosnan, eta gazteek buruhandiakaz laguntzen dabe. Ludoketan be jai tropikaleko mozorroak prestaten ditue umeakaz. “Lan handia egiten dogu jai-batzordean, baina ezinezkoa izango litzateke danari eustea alkarteen eta herritarren laguntza barik. Guztion parte-hartzea funtsezkoa da, gazte, heldu zein nagusiena. Danon artean egiten doguz jaiak eta danok disfrutetan doguz. Alkarlana da Derioko jaien ezaugarri nagusietako bat”.
Kameleoiak
Jaiak antolatzeko orduan, daukien aurrekontura moldatzeaz gainera, hainbat erespide hartzen ditue kontuan, jai herrikoiak eta parte-hartzaileak izan daitezan: parekidetasuna, euskerearen erabilerea, adin ezbardinentzako ekintzak egotea, herrian giroa sortzea, gustu ezbardinetara egokitzea... Nobedadeez gainera, ondo funtzionaten daben ekitaldiak mantentzen ditue, beharrezko egokitzapenakaz, halan nola koadrila txapelketea, ume eta gazteentzako ekintzak, herri bazkaria... Eta azken horri jagokonez, aitatzekoa da aurten leku zabalagoa egongo dala. “Txosnetariko bat karpatik kanpo ipiniko da eta, beraz, leku gehiago egongo da, aurreko urteetan baino erosoago egon ahal izateko”. Jai-gunea, gitxi gorabehera, aurreko urteetan moduan atonduko da. “Kontzertuak eta beste zenbait ekintza Gernikako Arbola kalean ipiniko dan txosnaguneko karpan izango dira; pregoia, txitxi-burruntzia, dantzak... herriko plazan; eta ume eta gazteentzako ekintzak, koadrila txapelketak... kiroldegian, kantxan eta frontoian”. Azokea, ostera, Kultur Birika eta Uribe parkearen ingurura eroango da. “Aldaketea postuak muntatzen dituenen exijentziak ekarri dau, kaleetan egiteagaz ez egozalako ados”.
San Isidro jai-batzordeak irudi barria aurkeztu eban igaz: kameleoi bat. “Deriok daukan aniztasunaren erakuslea izatea gura genduan; edozertara egokitzen garala adierazo. Denporeagaz, jenteak jai-batzordeak logotipoagaz lotzea espero dogu. Igaz, karteletan, gizarte-sareetan eta edalontzietan ipini genduan, eta aurten be halan izango da”.
Jai-egitarauaMaiatzak 13, barikua
19:00: Pregoia eta trakea, Herriko plazan (euria bada, txosnagunean).
19:20: Txitxi-burruntzia, Herriko plazan (euria bada, txosnagunean). Buruhandiak.
20:00: Igoera tropikala, plazatik txosnagunera (euria bada, txosnagunean). Batukadeagaz.
21:00: Txosnak zabaltzea.
22:00: “Derio tropikal” jaia, txosnagunean.
22:00: Kontzertuak, txosnagunean: Hardcore.exe, Stai zitto, Sorkun eta McOnak. Ostean, Koadrilen Playback Txapelketea.
03:30-06:00: Dj Munza.
Maiatzak 14, zapatua
11.00-13:30: Umeentzako jolasak: Kulki. Herriko plazan (euria bada, kanpoko frontoian).
16:30: Koadrila txapelketea: Bubble balls. Parkean eta pistetan (euria bada, kiroldegian).
18:00: Euskal dantzak, Lainomendi taldearen eskutik. Herriko plazan (euria bada, frontoian)
19:00: Umeentzako kale antzerkia: Azken eguzki-lorea. Bakearen plazan (euria badau, kiroldegian).
19:00: Pintxopoteoa, Sakatu elektrotxarangeagaz. Aldekonetik beherantz.
22:00: Kontzertuak, txosnagunean: Mamagigis, Materia gris, Los zopilotes txirriaos eta Oxabi.
04:30-06:00: Patrol destroyers.
Maiatzak 15, domeka
11:00-15:00: Eskulangintza eta Elikagai azokea, Kultur Birikaren inguruan.
12:30: Mezea, San Isidro eleizan. Ostean, biribilketea, Aldekonetik.
15:00: Herri bazkaria (sukalki), txosnagunean. Ostean, animazioa.
16:00: Bizkaiko lau t'erdiko txapelketea, frontoian.
18:00: Flamenko emonaldia, Piperdun taldearen eskutik. Txosnagunean.
19:00: Diskofestea, ume eta gazteentzat. Txosnagunean.
Maiatzak 16, astelehena
11:30: Marrazki lehiaketea, kantxetan (euria bada, kanpoko frontoian).
11:30-13:30: Ume eta gazteentzako ekintzak, kantxetan (euria bada, barruko frontoian).
16:00-19:00: Ume eta gazteentzako ekintzak, kantxetan (euria bada, barruko frontoian).
19:00: Briska txapelketearen sariak banatzea, txosnagunean.
19:00: Txitxarrilloa, txosnagunean.
20:30: Txokolatadea, txosnagunean.
20:45: Koadrila txapelketearen sariak banatzea, txosnagunean.
21:00: Jaien amaierea, txosnagunean.