Izaskun Jauregi Larrazabal, postaria: “NAN zenbakiak be badakiguz buruz”

Aikor aldizkaria 2016ko mai. 30a, 11:41
Bulegoa Derion daukala, sondikoztarrak egunero-egunero eroaten deutsez gutunak udaletxearen inguruan bizi diran derioztarrei, eta herriguneko zamudioztarrei. Izaskunengana hurbildu gara, bere lana apur bat hobeto ezagutzeko asmoz. Txiste fazilagaz hasiko gara. Postariak beti joten dau birritan? Kar, kar. Batzuetan, behin bakarrik; eta beste batzuetan, hamar bider... Leihoak zabalik dagozan eta etxean bateren bat badagoala dakizun arren, ez daualako inork atea zabaltzen. Zenbat urte daroazuz postari? Hogei urte baino gehiago. Ni lan barik nengoan eta Correos-en ebilen lagun batek esan eustan zerrendak zabalduko zituela, oporretan ordezkoak egiteko. Paperak bete eta Mungian hasi nintzan. Gero, oposaketak aprobau eta Urdulizera bialdu ninduen. Urte piloa emon nituan bertan. Zamudiora 2009. urtean etorri nintzan. Guk kalean ikusten zaitugu normalean, baina bulegoko lana be egin behar. Zertan datza zehatz-mehatz zure lana? Banatu beharrekoa sailkatu eta antolatu egiten dogu bulegoan: paketeak, gutun ziurtatuak... Kalera atera eta horreek banatu ostean, bulegora itzultzen gara egindako lana berrikustera, ea dana ondo dagoan, zerbait banatu barik lotu dan... Sinatu eta etxera. Lan neketsua da? Ez, niri gustetan jat. Kaletik ibilten naz eta ez nago bulego baten sartuta. Baina, jakina, abantaila dana desabantaila bihurtzen da eguraldi txarra dagoanean... Lankideakaz be oso pozik nago, oso jatorrak dira danak eta oso giro ona dago gure artean. Bestalde, oso harreman zuzena daukat jenteagaz eta hori be gustetan jat. Nahiz eta batzuk apur bereziak izan, jentea oso jatorra da normalean. Herritar guztion, edo gehienon, izen-abizenak ezagutzen dozuezan ospea daukazue. Baita NAN zenbakia be; gero, nirea ahiztuta eukiten dodan arren (kar, kar). Kopiau eta kopiatzearen podasoz... Ariketa itzela da bururako! Herrian bertan egiten dozu lan, Zamudion zein Derion, baina lehen baserrietatik be banatu dozuz gutunak-eta. Erosoago herrian, ezta? Ba, ez dakit ni be baserrikoa nazalako izango dan, baina, egia esan, ezbardina da. Baserrian bizi dan jentea bakartuago dago eta hara joaten zaranean, berba egiteko gogoa daukie normalean. Baina pisuan bizi diran batzuek be bai, ez pentsau! Behin, laugarren edo bosgarren pisuan, ez dot gogoratzen, bizi zan edadeko andra bati eroan neutsan gutun ziurtatu bat. Ez egoan igongailurik eta andreak mobikortasun-arazoak zituan; hortaz, ni neu igon nintzan bere etxera. Eskerrak emoteaz ganera, bere bizitza osoa kontau eustan. Eta handik ezin mobidu, jakina! (kar, kar). Esperientzia txarrik bizi izan dozu? Bai, eta topiko bat iruditu arren, txakurrakaz. Persona berezi batzukaz be euki dodaz arazoak, batzuetan “apur bat holan” paretan dira-eta. Isildu egin behar zara. Badago han banatzea gustetan ez jatzun lekurik? Ez, ez dot maniarik. Dana dala, Zamudio nahiko txikia da eta dana dago batuta; Derio, ostera, handiagoa da, baina ondo. Beno, bai; igongailurik ez daukien pisuakaz ez naz ondo konpontzen (kar, kar). Anekdota bitxirik badozu kontetako? Ez dakit, existitzen ez dan helbideren bat... Birritan jaso dogu gutun bat ohar honeekaz: urlia ez dakit zer, eskura entregau, Derio. Eta Mungiako lagun batek hau topau eban beste gutun baten: Larramendi y kastola (kar, kar). Argi dago bigarren gutuna ikastolarako zala, baina ez dakigu ezer lehenengoaren gainean. Zer egiten da kasu horreetan? Igorlea nor dan badakigu, bueltau; eta igorlerik ez badago, biltegian itxiten da egun batzuetan. Ondoren, Bilbora bialtzen da. Gutuna ailegaten ez bada, postariaren errua da beti? Batzuetan izan leiteke. Igaz-edo, milaka gutun gordeta eukan postari baten barri emon eben komunikabideek. Gutunok erretzeko asmoa eban, antza. Jenteak, nahiko harriturik, galdetzen eustan ea zerbait entzunda neban horren inguruan. Nik esaten neutsen baietz, baina nasai egoteko, nik ez nebala inoren gutunik biltegian gordeta (kar, kar). Zein sasoitan dozue lan gehiago? Gabonak hasi baino lehen. Jenteak gauza piloa erosten dau interneten bidez eta pakete asko banatu behar doguz. Hauteskundeek be lan piloa ekarten deuskue, eta aurten hauteskundeak errepikatu egin behar dira, gainera. Kiloak eta kiloak paper banatu behar dira, eta lana be atera behar da, zeuk jakingo dozu zelan... Errenta-aitorpenagaz be bagabilz lanpetuta. Postariek gutunak-eta narruzko zorroan eroaten zituen garaia ez dozu ezagutu; halanda be, asko aldatuko zan zuen lana urte honeetan. Bai! Lehen eskuz egiten genduan dana, eta gero hasi zan ordenagailua erabilten, lanaren erregistroa eroateko. Orain PDA be erabilten dogu. Bestalde, teknologia barriek erabiltzaileen ohiturak aldatzea be ekarri dabe. E-maila, WhatsApp... Ba, horreen ondorioz, oso gutun pertsonal gitxi ikusten da. Batez be paketeak banatzen doguz, Txinatik piloa datoz, fakturak, banketxeen eta administrazinoen gutunak... Krisia be nabarituko dozue. Bai, esate baterako, bateren batek oporrak hartzen baditu, ba, ez dator ordezkorik. Bere lana beste lankideon artean banatzen dogu. Pozik ikusten zaitugu postari moduan. Oso. Batzuetan, neguan, hotzak hilik ailegaten zara etxera, beste batzuetan nahiko berandu... Eta beste batzuetan lehenago be bai. Izan be, nire ordutegia badot be, malgua da: batzuetan, lan guztia amaitu arte lotu behar zara, beharbada, eta orduren bat sartu; baina beste batzuetan, lana lehenago amaitu badozu, ba, etxera joaten zara.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).