Harrizko Gabriel Aresti hau

Aikor aldizkaria 2016ko mai. 31a, 09:54

Testua: Jose Angel Mentxaka (Liluratura)

Gutxi edo asko, denok entzun dugu Gabriel Aresti izena. Kale baten izena delako, behintzat, ikastetxeren batena edo euskaltegiren batena. Beharbada, bere poemak abesti askotan abestu edo entzun ditugu jakin barik: San Simon eta San Juda, Bizkaiko aberatsak, Guretzat berdin dira, Gora eta gora beti … Gehienak, Oskorrik musikatuak. Bateren batek buruz jakingo du poema hau: Nire aitaren etxea defendituko dut. Otsoen kontra, sikatearen kontra, lukurreriaren kontra, justiziaren kontra, defenditu eginen dut nire aitaren etxea... Politikari batek ere hitz horiek erabili ditu orain dela ez asko. Belaunaldi berriek institutuetan ikasiko zuten, eta ahaztu ere, agian. Beste garai batekook ikastetxeetan aipamenik ere ez genuen entzun, jakina. Bada, gaur gomendatzen dudan liburuari oso aproposa deritzot Gabriel Aresti ezagutzeko. Gabriel Aresti BioGrafikoa komikia da, oso erraza irakurtzen eta, nire ustez, ezin hobeto kokatzen du pertsonaia bere garaiko Bilbaon. Izan ere, ezin dugu ahaztu Gabriel Aresti Bilbon jaio eta bizi zela gerra osteko giro frankista eta erdaldunean. Eta hor, harri bitxia, oso bitxia, zen. “... euskera Bilboko portuan ikasi dut, urdaiazpiko frijitua jaten nuenean, kafesne koinakatua edaten nuenean...” . Bere bizitza umezarotik hil arte ezagutuko dugu, eta bide batez, errepasoa emango diogu frankismo garaiari. Euskararen mundu honetan, oso garai erabakigarriak bizi izan zituen: euskara batua finkatzea, bertsolaritzaren berpizkundea, ikastolen sorrera… Eta ez zen beti ondo ikusita egon: “gorriegia ei zela”, “españolista ei zela”. Bera ere, polemika zalea. Liburuak hainbat pasadizo ere badakartza. Esate baterako, euskal izenak debekatuta zeuden garaian, zelan lortu zuen alabei Nerea, Guria eta Andere jartzea? Amaitzeko, bere poema bat: Hitza nirea da. Ez didate eman. Ez nuen inoiz eskatu nahi, eta gure etsaiak beren diruak kontatzen zeudela, deskuido batean lapurtu egin nien. Orain hitza nirea da, eta ez dut ematen ez diru-truk, ez ogi-truk, ez musu-truk.