Berbalagunak: “Ikasturte biribila eduki dugu!”

Aikor aldizkaria 2016ko eka. 23a, 14:08
Berbalagun egitasmoa urterik urte badoa sendotzen, eta horren adierazle proiektuarekin bat egin duten txorierritarrak dira, eta ikasturtean zehar antolatzen ditugun ekintza guztiak. Horiei esker, gogotsu eta alai ibili gara amaitu berri den ikasturtean. Gurasolagun taldeak ere ondo baino hobeto irten dira. Aurten, berbalagun taldeak herri guztietan osatu dira, Loiun izan ezik. Gainera, gurasolagun taldea egon da Sondikan eta Zamudion. Datorren ikasturteari begira, ahalegin berezia egingo dugu gainontzeko herrietan ere gurasolagun taldeak osatzeko, eta Loiun berbalagun taldea sortzeko. Berbalagunak zein gurasolagunak pozik azaldu dira egitasmoekin. Gurasolagun taldeetan, esate baterako, ekintza osagarriak egin dira taldeak apur bat dinamizatzeko. Horren haritik, parte-hartzaileek oso garrantzitsutzat jo dute egitasmoa, “gurasoen artean harremana euskaraz sortzeko, baita seme-alaben artean ere”. Era berean, eta beti esaten dugun moduan, ikasten ari denak edota ondo ez dakienak aukera dauka euskaraz beldur barik mintzatzeko eta inongo lotsa barik praktikatzeko. Bestalde, Berbalagun taldeetan ibili direnek ere balorazio positiboa eman dute egitasmoari buruz. Izan ere, taldeko solasaldiez gainera, ekintza oso dinamikoak egiteko aukera izan dute, euskaraz. Hala, eta besteak beste, museora joan gara, perretxikotan ibili gara edo txiste kontalari bat eduki dugu afari batean. Txorierriko bira lehenengo aldiz antolatu dugu ikasturte honetan. Proposamena Berbalagun talde batetik etorri zen eta ekintza aurrera ateratzeko, talde bat sortu genuen. Taldea herri ezberdinetako lagunok osatu genuen eta guztiok oso gustura ibili ginen. Adin ezberdinetako jendea elkarrekin euskaraz ikustea ere oso polita izan zen. Halako proposamenak beti dira ondo etorriak, jendea pozik eta elkarlanean aritzea oso aberasgarria delako. Baina txorierritarron arteko harremanak sendotzeko eta euskara praktikatzeko ez ezik, erdaldunak euskal mundura hurbiltzeko ere baliagarria da Berbalagun egitasmoa. Askok, egitasmoan parte hartu baino lehen, euskal kulturarekin ez dutelako inongo harremanik, eta ostean, mundu berri bat ezagutzen dutelako. Zentzu horretan, euskaldun zaharrak ezinbestekoak dira egitasmorako eta euren lana eskertzekoa izango da beti, astero ordu bat euskararen alde egiten dutelako, debalde, hala sentitzen dutelako. Dena dela, euskaldun zahar gehiago behar dugu taldeetan, eurak barik ezin dugulako egitasmoa aurrera atera. Gazteak eta gurasoak inplikatzea ere ondo legoke, etorkizuna direlako. Antolatzaileoi dagokigunez, gu ere pozik baino pozago gaude egitasmoaren ibilbidearekin. Taldeak sortu eta euskara entzutea beti da pozgarria. Gainera, egitasmoa nahiko beharrezkoa da herri batzuetan, euskara kalera ateratzeko. Euskara kalean behar dugu, herritarrena delako. Jakin eta egin! Azkenik, nahiz eta kopuruarekin pozik egon, gure helburua jendea pozik izatea da, euskaraz goza daitezela. Eta ez daukagu mugarik, kalean zenbat eta euskaldun gehiago, hobeto! Urrian berriro ipiniko ditugu taldeak martxan, zaharrak zein berriak.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).