Loiuko jaiak: Alkarteak eta herritarrak, ezinbeste

Aikor aldizkaria 2016ko eka. 27a, 09:16

Loiuko Udalak 50 ekintza baino gehiago antolatu ditu aurten, San Pedro eta Santa Luzia jaietarako. Ekintzok herriko alkarteen parte-hartze eta laguntzagaz prestau ditu. Halan, besteak beste, kirola, dantzak, musika, puzgarriak, txapelketa gastronomikoak eta magia eukiko ditue bost egunean zehar. Loiuztar eta txorierritar guztiak konbidatuta dagoz. Idoia Bilbao Loiuko kultura zinegotzia da. Azaldu deuskun moduan, Loiun ez dago jai-batzorderik eta jai-egitaraua Udalaren, bertako langileen eta herriko alkarteen lanaren emaitzea da. Eta hori begi bistan dago prestautako ekintzei begiradatxua botaten badeutsegu. Halan, Irtxan Euskal Pilota Elkarteak pregoia botako dau ekainaren 29an, eguaztenean, “aurten 10 urte bete dituelako”. Horrezaz gainera, Pala Txapelketearen finalaurrekoak eta finalak antolatu ditue eguaztenerako, eguenerako eta zapaturako. Esan moduan, herriko gainontzeko taldeek be parte-hartze aktiboa eukiko dabe jaietan. Gure Etxea nagusien alkarteak, esate baterako, bazkaria antolatu dau eguenerako, eta ostean, bilbainadak eukiko ditue Iñaki Basabegaz. Li Karate Loiu Klubak eta Taekwondo Doyan Yeol Klubak be arte martzialen erakustaldia eskiniko dabe eguenean bertan. Beren aldetik, Loiuko Bakarrak gazteen alkartekoek herriko gazteei zuzendutako bazkaria egingo dabe barikuan, eta egun berean pelikulea bat emongo da Loiu Laztana alkarteren eskutik. Larrakoetxe herri kirol alkarteak idi probak antolatu ditu domekarako. “Alkarteek jaietan ez ezik Udaletik urte osoan zehar antolatzen diran ekitaldietan be emoten deuskue beren laguntzea. Beraz, jai-egunetan be beren momentua izatea gura dogu”. Loiuko San Pedro eta Santa Luzia jaiek helburu honeek ditue: herritarrak kalera atera, ondo pasau eta herria girotzea, eta kanpotik datozanek Loiu ezagutzea. Horretarako, jai-egitaraua zabala prestau da, zeinetan herritar guztientzako ekintzak sartu baitira, ume, gazte, heldu zein nagusientzako. Besteak beste, umeentzako puzgarriak eta marrazki lehiaketea egongo dira, dantza lehiaketea eta dantzaldiak, kirola, bazkariak, Zumba saioa, triki-poteoa... eta gastronomia. Kontzertuak Tortilla Txapelketea hirugarren aldiz egingo da eta 300 euro banatuko ditu saritan: 150 euro, txapeldunarentzat; 100 euro, bigarrena lotzen danarentzat; eta 50 euro, hirugarrenarentzat. Nolanahi be, ikusmin handiena sortzen dan jaietako hitzordu gastronomikoa Paella Txapelketa da. XII. Paella Txapelketak nobedade bi ekarriko ditu aurten. Alde batetik, eta gaur egungo egoera ekonomikoa kontuan hartuta, eguzki-oihala alokatzea merkeagoa izango da: igaz, esate baterako, 70 euro balio eban; eta aurten, 40 euro. Bestetik, diru-sariak emongo dira. Orotara, 12 sari egongo dira, baina inportanteenak lehenengo laurak izango dira: 250 euro, irabazlearentzat; 200 euro, bigarrenarentzat; 150 euro, hirugarrenarentzat; eta 100 euro, laugarrenarentzat. “Neurri barri horreek biak jentea txapelketan parte hartzera animetea daukie helburu. Halanda guztiz be, Udaletik argi itxi gura dogu lekua edo toldoa hartzeko lehentasuna, txapelketan aurreko urteetan parte hartu dabenek euki dabela”. Beraz, betiko parte-hartzaileei bermatu egin deutsee, halan gura izan ezkero, txapelketan parte hartzeko aukerea. Zalantza barik, kontzertuak dira jai-egitarauaren ekintzarik garrantzitsuenetarikoak. Barikuan, Celtas Cortos eta Trikizioa igongo dira eszenatokira, eta zapatuan, Esne Beltza, McOnak eta Dj Ibai Sanchez. “Zapatukoak gazteakaz adostutako taldeak dira. Udalak oso harreman ona dauka gazteakaz eta ahalegina egiten dogu beti, beren eskaerei erantzuna emoteko eta hareek gustuko daukien musikea ekarteko”. Zapatu gauean doako autobus-zerbitzua egongo da Txorierriko beste herrietatik Loiura joan eta etxera itzultzeko, eta hori be gazteek eurek eskatutako zerbitzua da. “Merezi dauan zerbitzua da, jenteak erabilten daualako eta Loiura hurbiltzen dalako”. Autobusa gaueko 10etan eta 11etan aterako da Larrabetzutik eta geldialdia egingo dau Txorierriko etorbideko autobus-geltoki guztietan. Etxera itzultzeko autobusa goizaldeko 3etan, 4etan eta 5etan urtengo da Loiutik, eta gainera, beste autobus bat ipiniko da Ibarrekolandaraino. Autobus honek ordutegi berbera eukiko dau. Alai Domeka arratsaldean be kontzertu erakargarria egongo da: Oreka TX. Baina aitatu beharra dago goizean sokatira txapelketea izango dala. Sokatira txapelketea igaz ez zan egin eta aurten berreskuratu da. Eskupelota txapelketea be egingo da domekan. Jai-gunea betiko moduan atonduko da. Udaletxeko plazan txosna bi ipiniko dira eta horreek eroateko ardurea Larrakoetxe herri kirol alkarteak eta Loiuko Bakarrak gazte alkarteak eukiko dabe. “Igaz karpea ipini genduan eta, herritarren aldetik oso balorazino positiboa euki dauanez, aurten be jarriko da, bertan kontzertuak, bazkaria... egiteko”. Ekitaldiak Aransotegi enparantzan, aterpean eta paellen zelaian be egingo dira. “Jai erakargarriak eta guztion gustukoak izango doguz. Loiuztar guztiak, eta txorierritar eta bisitari guztiak be, animau gura doguz jaietan parte hartzera, alai, eta kalera urtetera, beren poza adierazotera”. Jai-egitaraua Ekainak 29, eguaztena. San Pedro 13:00: Mezea eta organu kontzertua, Pedro Guallarren eskutik. 13:50: Aurreskua. 14:00: San Pedro kopaua. 17:00: Pala Txapelketearen finalaurrekoa (2. kategoria), Irtxan pelota alkarteak antolatua. 18:00: Pala Txapelketearen finalaurrekoa (1. kategoria), Irtxan pelota alkarteak antolatua. 19:30: Dantzen agerraldia, Goi Alde dantza taldearen eskutik. 20:30: Txupina eta pregoia, Irtxan pelota alkartearen eskutik. Ostean, Pantxikoren igoerea eta VI. Kartel Lehiaketearen sariak banatzea. 21:00: Dantzaldia, EGAN taldeagaz. Ekainak 30, eguena. Santa Luzia 12:00: Kalejirea. 13:00: Mezea eta organu kontzertua, Miriam Cepeda eta Luis Alberto Requejoren eskutik. 14:30: Nagusientzako bazkaria eta bilbainadak, Iñaki Basabegaz. Gure Etxea nagusien alkarteak antolatua. 17:00: VI. Dantza-lehiaketea. 18:00: Pala Txapelketearen finalaurrekoa (2. kategoria), Irtxan pelota alkarteak antolatua. 19:00: Pala Txapelketearen finalaurrekoa (1. kategoria), Irtxan pelota alkarteak antolatua. 20:00: Karate erakustaldia, Li Karate Loiu Klubaren eskutik. 20:30: Taekwondo erakustaldia, Taekwondo Doyan Yeol Klubaren eskutik. 21:00: Dantzaldia, Dj Xaiborregaz. Uztailak 1, barikua 12:00: Puzgarriak. 14:30: Gazteentzako bazkaria, Loiuko Bakarrak alkarteak antolatua. 18:30: Filma, Loiu Laztana alkartearen eskutik. 19:45: Ruta 66 ibilpidearen gaineko berbaldia, liburutegian. 21:00: III. Tortilla Txapelketea: tortillak aurkeztea. 22:00: Tortilla Txapelketearen sariak banatzea. 23:00: Kontzertuak: Celtas Cortos eta Trikizio. Uztailak 2, zapatua 10:00: XII. Paella Txapelketea. 11:00: Puzgarriak. 11:00: Umeentzako marrazki lehiaketea. 12:00: Zumba saioa. 13:00: Face painting (arpegia margotzea). 13:30-14:30: Paellak aurkeztea. 16:30: Apar jaia. 16:30: Mus txapelketea, Loiuko Bakarrak alkarteak antolatua. 17:30: Paella Txapelketearen sariak banatzea. 18:00: Five Direction taldearen kontzertua, paellen zelaian. 18:30: Pala Txapelketearen finala (1. eta 2. kategoria), Irtxan Pelota alkarteak antolatua. 23:00: Kontzertuak: Esne Beltza, Mc Onak eta Dj Ibai Sanchez. Uztailak 3, domeka 11:30: Euskadiko Sokatira Txapelketea, paellen zelaian. 12:30: Eskupelota txapelketea. 13:30: Triki poteoa. 17:30: V. Padel Txapelketearen finala. 18:00: Tor magoa. 18:30: Idi probak, Larrakoetxe herri kirol taldeak antolatua. 20:00: Kontzertua: Oreka TX. 22:00: Txokolatadea eta Pantxiko erretzea.