Amaia Olabarrieta, futbolari ohia: “Nire bizitza p

Aikor aldizkaria 2016ko uzt. 26a, 09:21
Arraroa da Amaia futbolari ohitzat jotzea, Athleticen 13 urte emon eta gero. Halanda be, lezamarrak aurten itxi dau futbola, belauneko lesino bat dala-eta. Taldekideek agur ezin hobea eskaini deutsie Amaiari, denporaldi honetan, Superliga irabazi dabelako. Eta hori ospatzeko, ez dabe gabarrarik atera Autobusa atara dabe. Triste, itxi behar izanagaitik ala pozik, orain arte egindako ibilpideagaitik? Biak. Baina bat aukeratu behar badot, pozik esango neuke. Kirolean ibiltzen zaranean badakizu helduko jatzula amaierea. Eta amaitzeko modurik onena Liga irabaztea da. Zoritxarrez, ezin izan neban azken partida jokatu, baina tira, batzuetan erabagia ez dago zure esku. Agur esatea Liga irabazi eta gero. Ez da makala, ezta? Bai. Bederatzi urte emon doguz Liga irabazi barik eta askotan irabazteko gertu-gertu ibili gara. Hainbeste urte, hainbeste lan... Azkenean lortu dogu eta poz-pozik gabilz, zelan ez. Aurten zergaitik bai? Ez dakit. Batetik, aurten hobeto kudeatu dogu presinoa; eta bestetik, irabazteko behar dozun suerte-ukitu hori euki dogu. Suertea topau behar da, bai, baina azken zortzi urteotan be gogo handiz ibili gara eta ez dogu lortu. Beharbada, aurten suerte guzti hori batera etorri jaku. Zure ibilpidean, zer da onena eta txarrena? Onena, Athleticen jokatu ahal izatea, eta jakina, lehenengo Liga. Lehenengoa izan zalako, non eta San Mamesen irabazi gendualako... Txarrenari jagokonez, gurago dodaz gogoan gauza politak euki. Amaitu behar izatea tristea da, baina taldea itxiko dot Liga irabazi eta gero, eta hori oso polita da. Koparik ez dozu lortu. Arantza berezirik badozu horregaitik? Ez da aitzakia bat, baina Kopa txarto antolatzen da. Mutilek denporaldian zehar jokatzen dabe; guk, ostera, denporaldi amaieran eta asteburu bitan. Aurten, oso nekatuta amaitu dogu eta ezin izan dogu gure maila emon. Seguruenik, horregaitik, ez daukat pena handirik koparik irabazi ez izanagaitik. Nire ustez Ligak garrantzi handiagoa dauka, urteko lana adierazoten daualako. Aurten be egin dozue ospakizuna. Aurreko aldietan baizen politagoa? Beti da polita, batez be autobusez joatea. Zaleak gertu-gertu egon dira eta kristoren babesa emon deuskue. Gizarte mailan, asko egin da berba gabarrari buruz, baina, gure ikuspuntutik, horrek ez dauka garrantzi handirik. Aldagelan, jokalari batzuek esaten eben gabarra polita izango zala, eta beharbada zuzen ebiltzan, baina gehienok uste genduan hurbiltasuna zala garrantzitsuena. Eta horretarako, egia esateko, gurago genduan autobusa, jentea gabarratik oso urrun dagoalako. 2014an, belauneko lokailu kurutzatua apurtu jatzun, eta harrezkero ezin izan dozu jokatu. Gogorra izan da? Bai. Lokailu kurutzatua apurtzen dabenek behintzat sei hilabeteko bajea hartzen dabe, baina nik urte bi eta ebakuntza bi daroadaz. Normalean lokailua bakarrik apurtzen da; nire kasuan, ostera, kolpe baten ondorioz apurtu zan eta hori oso gogorra izan zan belaunerako. Horregaitik, nire gorputzak berak eragindako gaixotasun bat sortu jatan belaunean. Horrek kalte egin deust. Min hartu nebanean, nire kabuz hasi nintzan lanean, taldeko egunerokotasunetik kanpo. Hori da gogorrena, kanpoan egotea. Azken bi urteotan gimnasioan eta fisioterapeutakaz ibili naz batez be. Etorkizunari begira, esan deuste osatuko nazala, baina dana doa oso astiro. Orain dala hilabete batzuk, herren nenbilen ohetik altzaten nintzanetik, baina gaur egun ibili ahal naz, ibiltaldi luzeak egiten ez badodaz be. Ezin dot korrika egin eta ezin izango dot kirola egin. Futbola amaitu da. Orain zer? Magisterioko lehenengo urtea amaitu dot, eta oraindino ez dakit zer egingo dodan. Orain, beste aro batean murgilduko naz eta arreta jarriko dot nire bizitza pertsonalean. Erraketa eta baloiaren artean Amaia Olabarrieta Elordui Lezaman jaio zan 1982an. Guztira, 13 denporaldi ibili da Athleticen, eta bertan 232 partida jokatu ditu, 32 gol sartu ditu eta hiru Liga (2005, 2007, 2016) lortu ditu. “Kirolaria izan naz beti. Txikitan saskibaloia eta gimnasia egin dodaz, baina batez be tenisa eta futbola gustetan jatazan. Tenisean hainbat txapelketa irabazi nebazan, baina oso kirol gogorra da, oso bakartia, eta akabuan erabagi neban tenisa itxi eta futbolean jokatzea”. Amaia nahiko berandu hasi zan futbolean jokatzen, 18 urtegaz. Lehenik eta behin, Bizkerre Mungiako taldean, eta 2004tik aurrera, Athleticen. “Klubean sartu nintzanean, emakumezkoen futbolaren hasierako pausuak ziran. Bizkerren nik ordaindu behar izan neban fitxa (kar, kar). Harrezkero, emakumezkoen futbola bere bidea dabil egiten, astiro, baina beti aurrera, eta hori ona da. Emakumezkoen futbola aurrera jarraitzea guztion ardura da, kate bat moduan: jentea etorri behar da partidetara; horretarako, komunikazinoa egon behar da, hau da, komunikabideak eta batez be telebista oso garrantzitsuak dira. Eta ganera, guk tituluak irabazi behar doguz, jenteak zein komunikabideek gutaz berba egiteko”. “Etorkizunari begira, gustauko litxakit neskak futboletik bizi ahal izatea. Ez dot uste inoz mutilen mailara heldu ahal izango gintzakezanik, baina behintzat gaur egungo edozein langilek dituan baldintzak eukitea gustauko litxakit. Eta ez dot uste helburu hori oso urrun dagoanik”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).