Astia da opor-lorearen eztia, atseden orduetan erle nahiz irakurle izateko; liburu luzea edo laburra, euskaraz sortua edo itzulia irakurtzeko.
Aurten, Euskadi Literatura Sarietako Itzulpen modalitateko epaimahaikide naizenez, hogei liburutik gora irakurri ditut: bat 1.852 orrikoa: Santa Teresa Jesusena, Idazlan guztiak, Luis Baraiazarrak itzulia; beste bat, 1.017koa: Ulises, James Joycerena, Xabier Olarrak itzulia; eta laburrena 157 orrialdekoa. Zuri, irakurle, zein gomendatuko dizut? Txikiena, agian, kiloko txuleta baino pintxo-poteoa.
Atzerritik datozen turistei –eta erdararen munduan bizi direnei– gastronomia produktuez gainera, kultura ere eskaini ahal diegu; literatura ere esportatu behar baitugu. Horretarako, itzultzaileen premia dugu, euskaraz sortua ingelesez irakurtzeko, edo alemanez, edo espainolez.
Itzulpena zubigintza da –Basque Writing 12. zenbakitik hartu dut metafora hau– eta itzultzaileak kultura biren arteko zubigileak. Honetan, sariketek badute eragina, diruz nahiz errekonozimenduz itzulpengintza prestigiatzen dutelako.
Dena dela, itzulpenean beti galtzen da jatorrizko zeozer. Horrexegatik da harrigarria 1996an Espainiako Ministerio de Culturan epaimahaiko nintzela gertatua. Xolak badu lehoien berri Bernardo Atxagarena –Shola y los leones itzulpena– saririk barik geratu zen. Horren arrazoia? Gaztelerako mahaikideek prest zirela erdarazko itzulpena saritzeko, baina ez euskarazkoa, jatorrizkoa.
Azken batean, itzulitako zein liburu gomendatuko nizuke? Laburra, 157 orrikoa: Maleta, Sergei Dovlatovena, Amaia Apaulazak itzulia.
Ea euskararen irakurketa menditsuan espainolezko lautadak baino Axularren goi-ordokiak aurkitzen dituzun!