German Bustinza, lezamarra, ehun urteak betetakoa

Aikor aldizkaria 2016ko uzt. 27a, 10:20
t: Lezamako Udalak babestua
Ekainean mobimendu handia egon da German Bustinzaren etxean. Izan be, lezamarrak 100 urte bete zituan hilaren 18an, eta, mende bat betetea oso gauza handia danez, senideez gainera, besteak beste, alkatea, Foru Aldundiko ordezkariak eta Adintsuen alkartearen ordezkariak joan ziran bere etxera, Larrana Goikoa baserrira. “Jente asko akordaten da nigaz”, esan deusku. Gizon ona eta jatorra dalako izango da, seguruenik. “Nik pentsetan dot baietz, baina kanpokoek esan beharko dabe hori”. German 1916ko ekainaren 18an jaio zen Lezaman. Goiti txikia baserrikoa, zazpi anaia-arrebatariko nagusia da, eta gaur egun bizirik dagoan bakarra. Edozelan be, bizitza luzeko familiatik dator German, anaia-arreba gehienek 90 urte baino gehiago bete dituelako, edo 90 urte betetetik paraje egon diralako). Oso bizitza nasaia daroa Germanek. “Ondo bizi nazala esan beharko dot; zer esango dogu, ba? Ohetik altzau eta pitin bat gosaltzen dot. Gero, ingurutik buelta bat emon eta deskantsau bazkaltzeko ordura arte. Sistea egin eta beste paseotxu bat. Eta halan gauera arte. Jan be, neurrian; eta edan, gitxi”. Oraindino autoa gidaten dau, eta ondo konpontzen dala azaldu deusku. Alaba bakarra dauka, Mariasun, eta haren esanetan, urtero oso azterketa gogorrak gainditu behar ditu gidabaimena barritzeko. “Ordu asko emoten ditu probak egiten, baina aprobau, aprobau egiten dau”. Lehen, Adintsuen alkartearen egoitzara joaten zan kartetan egiten, halanda be, belauneko ebakuntzea egin eutsienetik ez da joaten. “Joan behar dodala esaten deuste; medikuak be. Baina, tira...”. Guztira zortzi ebakuntza egin deutsiezala kontau deusku. “Begiak, aldakea, prostatea... Eta hemen nago, ondo. Pieza barriak ipini eta aurrera!”. Pozik bizi da German. “Hori bai, behar asko eginda, e!”. Eskolea 14 urtegaz itxi eban eta baserrian behar egiteaz gainera, kanpora be urteten zan jornaltxua aterateko. “Garia batzen, adibidez. Deriotik Geldora doan bidea egiten be egon nintzan, eta handik zoroetxera doan bidea egiten be bai”. Eta gerrea ailegau zan. “Hiru gau egin nituen Burdinazko garrikoan, faxisten kontra burrukatzen. Francoren soldaduek gauez eraso eben; eta egunez, abioiek. 1937ko ekainaren 13an preso hartu eta Olabarria baserrira, Lezamara, eroan ninduen; eta handik Gasteizera, kartzelara. Eta handik Palentziara. Banderearen zina egin behar izan neban eta intendentziara sartu ninduen. Caceresera eroan ninduen, eta gero, Toledora eta Madrilera. Madrilen hilabete bi emon eta lizentziau nintzan, baina barriro deitu eusten sei hilabeterako. Valladolidera joan nintzan, intendentziara”. Kirolik onena Gerrea amaitu eta Lezamako zerrategian hasi zan lanean, eta gero, Asuakoan. “Bertan jubilau nintzan, orain dala 35 urte”. 1948ko ekainaren 12an Maria Luisa Bilbaogaz ezkondu zan Larrana Goikoa baserrira, hareentzat aitaginarrebak egindako etxera. “Eta hementxe bizi izan naz, pozik. Andra ona tokau jat. Orain dala 16 urte hil zan, 76 urtegaz. Eta akabuan be suertea euki dot alabeagaz. Beragaz eta suhinagaz bizi naz”. Mende baten, aldaketa asko egon dira Lezaman eta munduan, eta German horreen guztien lekukoa izan da. “Behar egiteko modua, kasurako. Lehen, dana egiten genduan eskuz, dana zan “bruteria”, indarra. Pinuak eskuz hartu eta kamioira sartzen genduazan... Orain aurrerapen asko eta asko dagoz. Eta etxe asko eta asko be egin dira. Nik etxetik eta Geldoren arteko bidea oinez egiten neban, ordubete hara joateko, eta beste ordubete bat etxera etortzeko. Eta dana zan mendia. Etxera etorri eta ortuan egiten neban behar. Behi bat be bagendun eta ha be jagon behar... Dana pasau da ondo, baina behar asko eginda. Beharra kirolik onena da, gorputz osoa mugiten dalako: tira, ekin, aurrera... eta halan egun osoan”. “Kirolaz” aparte, 100 urte bizitzeko sekreturik ez dagoala ziurtatu deusku. Germanek bere bizitza nasaiagaz jarraituko dau, bere paseotxuakaz. “Trankil-trankil”. Izan be, bizitzen jarraitzea tokaten da. “Itxiten deusten arte”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).