Larrabetzuko jaiak: Emeteriak bultzatzen

Aikor aldizkaria 2016ko uzt. 29a, 11:26
Intxurreta batzordeak antolatu ditu Larrabetzuko jaiak, Udalaren laguntzagaz. Abuztuaren 12tik 16ra bitartean Andramariak ospatuko dira; abuztuaren 24an, San Bartolome; eta abuztuaren 30etatik irailaren 1era bitartean, Emeteriak, Goikoelexalde auzoan. Aurten azken horreek bultzau gura ditue bereziki, hara jente gehiago hurbiltzeko. “Aurten esfortzu berezia egin gura izan dogu Emeteriak bultzatzeko, normalean jente gitxi hurbiltzen dalako. Ez gagoz ziur hori zergaitik dan. Goikoelexalden egiten diranez eta hori herritik apur bat urrun dagoanez, beharbada jentea ez da animetan. Gainera, nahiko berandu egiten dira, irailean, eta jentea oporretatik etorri barria da eta, beharbada, ez dau jaietan murgiltzeko gogo handirik”, esan deuskue antolatzaileek. Horretaz aparte, nobedade gitxi ekarriko ditu aurten Larrabetzuko jaietako egitarauak. Halanda be, antolatzaileek esan deuskuen moduan, eskaintza zabala eta erakargarria presatu dabe. “Jaietan adin guztietako lagunek parte-hartzea gura dogu, hau da, gazteek ez eze, nagusiek eta umeek be bai. Larrabetzuko jaiek beti dabe herri kutsu hori, eta horrela, ahalik eta herriko alkarte eta lagun gehien erakarten ahalegintzen gara. Jente askok abuztuan hartzen ditu oporrak, baina horrek ez dauka jaietan garrantzi handirik. Izan be, horreetan parte-hartu gura daben larrabetzuarrak hemen egoten dira”. Egitarauak eskaintzen dituan ekintzei jagokenez, futbol 7 txapelketeak hasiera emongo deutse Andramari jaiei, abuztuaren 12an. Txapelketak kategoria bi eukiko ditu -14 urtera artekoak eta 14 urtetik gorakoak- eta kategoria bietako kanporaketak egun horretan jokatuko dira. Futbolak hurrengo egunean be jarraituko dau, finalaurrekoak eta finalak jokatuko diralako. Ostean, Futbol Txapelketaren sariak banatuko dira eta herri-afaria egingo da. Ohikoa danez, Kantuke lehiaketan parte hartzen daben herriko musikariek eta kantariek euskeraz girotuko dabe gaua. Kirola abuztuaren 14an be izango da protagonista. Goizean pala jaialdia antolatuko dabe, eta han luxuzko jokalariak ibiliko dira: Fusto argentinarra kartelaren burua da eta beragaz batera Imanol, Ibai eta Necol ikusteko aukerea be eukiko dogu. Jaialdia osatzeko, Olarreta herriko alkartearen neskek, Olatz Arrizabalagak, Irati Saezek, Maialen Rodriguezek eta Ane Villanuevak partida bat jokatuko dabe. Baina hori ez da kirol ekitaldi bakarra izango, arrastirako triatloi herrikoia antolatu dabelako. Eguna borobiltzeko, Txokoan alkarteak txupinazoa botako dau, kalejirea egingo da, suzko zezena aterako da eta Laket taldeak erromeria eskainiko dau. Abuztuaren 15ean, kalejira batek izartuko dau herria eta, eguerdian, Beñat Ugartetxeak eta Etxahun Lekuek bertsoak botako ditue herritarrek egindako pintxoak dastatzen diran bitartean. Arrastian, Gorritiren animaliakaz disfrutau eta gero, karrozen ibilpidea egingo da eta, gauean, elektrotxarangea. Hurrengo egunean, jai zaleek pijama jantzita bukatuko ditue Andramariak. Goizean, umeentzako puzgarriak, kalejirea eta zumba saioa antolatu dira eta arrastian, umeentzako bazkaria eta sukalki txapelketea. Ostean, baita sokamuturrea, antzerkia eta dantza lehiaketea be. Amaitzeko, Tximeleta taldeak erromeria eskainiko dau. Emeteriak Baina Larrabetzun, jaiak ez dira amaitzen Emeteriak etorri arte. Aurretik, abuztuaren 24an, San Bartolome jaiak egiten dira. Goizean, igoera egingo da San Bartolomera, zelan ez, eta arrastian, paella, briska eta urkaritxu txapelketek osatzen dabe jai-egitaraua. Abuztuaren 30etik irailaren 1era bitartean, Emeteriak ospatuko dira. Jaiak animetako helburuagaz, ekitaldi gehiago antolatu dira aurten, betiko marmitako, mus eta briska txapelketakaz batera. Esate baterako, abuztuaren 31n, Bizkargi herriko dantza taldeak erakustaldi bat eskiniko dau. Gainera, irailaren 1ean, Goloka taldeak antzerki saioa taularatuko dau eta The Rock and kids Band taldeak rock kontzertu didaktiko bat emongo dau. ANDRA MARIAK Abuztuak 12, barikua –17:30: Futbol 7 txapelketea. Kanporaketak, 14 urte artekoak eta 14 urtetik gorakoak. Izena emotea: igerilekuetan edo intxurretajaibatzordea@gmail. com helbidean, abuztuaren 9a baino lehen. Abuztuak 13, zapatua –17:00: Futbol 7 txapelketaren finalaurrekoak eta finala. –20:00: Herri afaria + Futbol 7 Txapelketearen sariak banatzea. Ekarri etxetik jateko erabilteko tresna berrerabilgarriak. –22:30: Kantuke: herriko musikariak eta kantu lehiaketea. Banaka, taldeka, zuzenean, play back... Euskeraz. Abuztuak 14, domeka –12:00: Pala jaialdia. Profesional mailan: Fusto-Ibai Vs. Necol-Imanol. Zaletu mailan: Olarreta herriko taldeko neskak: Olatz Arrizabalaga-Irati Saez Vs. Maialen Rodriguez-Ane Villanueva. –18:00: Triatloi herrikoia, banaka. Izena emotea: igerilekuetan edo intxurretajaibatzordea@gmail.com helbidean, abuztuaren 9a baino lehen. –20:00: Txupinazoa, herriko frontoian, Txokoan alkarteagaz batera. Herriko trikitilari, txistulari, Akermari, Paskuala eta Matxinegaz. –23:00: Suzko zezena. –00:30: Erromeria, Laket taldeagaz. Abuztuak 15, astelehena –12:00: Kalejirea, txistulari, Akermari, Paskuala eta Matxinegaz. –12:30: Bertsopintxo saioa, Beñat Ugartetxea eta Etxahun Lekue bertsolariakaz. Ostean, herritarrek egindako pintxoak dastatzea. –12:30: Fanfarrea, Dunbots taldeagaz. –17:00: Gorriti eta bere animaliak. Plazan. –19:30: Karrozak. –22:30: Elektrotxarangea. Abuztuak 16, martitzena Pijama gaua –11:00: Kalejirea, txistulari, Akermari, Paskuala eta Matxinegaz. –11:00: Umeentzako puzgarriak, igerilekuetan. –13:00: Zumba saioa, plazan. –14:00: Umeentzako bazkaria. –14:30: Sukalki txapelketea. –19:30: Sokamuturra. –21:30: Antzerkia, Tiritirantes taldeagaz. Ostean, dantza lehiaketea. –23:00: Erromeria, Tximeleta taldeagaz. SAN BARTOLOME Abuztuak 24, astelehena –Goizean, igoerea San Bartolomera. –14:30: Paella Txapelketea. –17:00: Briska Txapelketea. –17:30: Urkaritxu Txapelketea. EMETERIAK (Goikoelexalde) Abuztuak 30, martitzena –12:30: Kalejirea eta txupinazoa. –14:00: Marmitako Txapelketea. –17:00: Mus Txapelketea. –19:00: Igoerea Barrenetxera. –21:30: Kontzertua: Drindots. Abuztuak 31, eguaztena –12:30: Kalejirea, Akermarigaz, Paskualagaz eta Matxinegaz. –13:00: Herri kirolak. –17:00: Briska Txapelketea. –18:30: Idi-probak. –19:00: Euskal dantzak, Bizkargi alkartearen eskutik. Ostean, txarangea. Irailak 1, eguena –12:00: Jokoak, Kulkiren eskutik. –17:30: Antzerkia, Goloka taldeagaz. –19:00: Rock kontzertu didaktikoa, The Rock and kids Band taldeagaz.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).