Lezamako jaiak: Jenteak kalera urten daien!

Aikor aldizkaria 2016ko uzt. 29a, 11:36

a: Gaizka Peñafiel

Lezamako Gailur mendi taldeak 25 urte bete ditu eta pregoia bere kideek botako dabe irailaren 2an. Handik aurrera, lezamarrek makina bat ekitaldi izango ditue eskura, Andra Mari jaiez eta udako azken egunez gozau ahal izateko. Basobaltz Lezamako jai-batzordeak igaz lortutako helburuari jarraipena emotea hartu dau aurten be helburutzat: jenteak kalera urten eta antolatutako ekintzetan parte hartzea, giro aparta sortuz. Horretarako, adin guztientzako ekitaldiak prestaten ahalegindu dira. “Txikienei zuzendutako puzgarriak eta antzerkiak, nagusientzako mariachiak, antzerkiak eta bazkaria; eta herritar guztientzat antolatutako bazkaria, jatsierea eta kontzertuak”. Jai-egitaraua osatzeko orduan, ohiko eskemeari jarraitu deutsie. “Txupinazo egunean, poteoa elektrotxarangagaz; haurrentzako puzgarriak, zapatuan; kale-antzerkiak; Zorribike eta Lezamako Mugetatik taldeen lasterketak; Ekidazu abesbatzearen kontzertua...”. Era berean, erabagi dabe igaz lehen aldiz antolatutako ekintzak barriro egitea, erabat arrakastatsuak izan ziralako. “Mozorro jatsieran, esate baterako, 30 kuadrillak eta taldek hartu eben parte, giro itzela sortuz. Aurtengo gaia musikea izango da. Herri bazkariak be oso ondo urten eban eta bertan 300 lagun inguru batu ginan. Oxabi taldeko lagunek bazkalostea girotuko dabe aurten”. Ohiko eskemez eta igaz ondo funtzionau eben ekintzez aparte, Lezamako Andra Mari jaiek nobedadeak be ekarriko deuskuez. “Orain dala urte bi frontenis txapelketea egin zan, baina igaz ez genduan antolatu. Jentea kexatu zan eta horregaitik berreskuratuko dogu. Beste barritasun bat domeka arrastirako prestau doguzan ekintzak dira: harri-jasotzaileen, aizkolarien eta trontzalarien erakustaldia, eta mariachien kontzertua. Gure helburua domeka arrastiari bizitasuna emotea da. Akabuan, irailaren 8an, Andra Mari egunean, egongo dan bertso-pintxo-poteoa be barritasuna da”. Jai-batzordetik adierazo deuskuenaren arabera, kontzertuetan apur bat arriskatu dira eta talde nagusi moduan Green Valley taldea ekarriko dabe. “Estilo ezbardineko musikea proposatzen dabe reggaegaz, eta Lezaman musika hori ez da oso ohikoa. Halanda be, uste dogu jenteari gustauko jakola. Barikuan, Dekot taldea egongo da. Talde horrek Euskadi Gaztea irratiko maketa lehiaketea irabazi barri dau eta BBK Live jaialdian jo dau. Aitatutakoez gainera, erromeria eta bertoko taldeak be ez dira faltako”. Gonbitea Jai-egitarau oparoa antolatu dabe, beraz, gustu eta adin guztiei zuzendutakoa. Ekintza guztiak dira erakargarriak eta kontuan hartzekoak, baina bereziki baten bat azpimarratu behar izanez gero, jatsierea eta herri bazkaria azpimarratuko leukiez. “Igazko arrakastea ikusita, aurten harrera bera espero dogulako. Barritasunek zelan funtzionaten daben be ikusi gura dogu, gure ustez, ekintza politak diralako bertan herritarrek parte hartzeko”. Jai-guneari jagokonez, ez da aldaketa handirik egongo. “Azken urteotako taldeek ipiniko dogu txosnea, eta, betiko moduan, karpea izango da badaezpadan”. Basobaltz jai-batzordea oso lagun gazteek osatzen dabe eta aitatu deuskuen moduan, ez legoke txarto taldeagaz adin ezbardinetako herritarrek bat egitea, “ikuspuntu ezbardinak izateko. Baina jentea gitxi animaten da”. Edozelan be, aitortu dabe gero, ekintzak egiteko orduan, laguntza handia jasoten dabela bai herriko alkarteetatik, bai lezamarrengandik. “Herri bazkaria, adibidez, ezin izango genduke hareen laguntzarik gabe aurrera atera”. Horren haritik, jai-batzordeak bertan parte hartzeko gonbitea luzatu deutse herritar guztiei. “Nahiz eta bilera guztietara ezin etorri, gu idea barriak jasotzeko zabalik gagoz”. Irailaren 2tik 10era bitartean ekitaldi sorta zabala eukiko dogu Lezaman, baina jai-giroa ez da etengo eta hurrengo egunetan Kurtze auzora mobiduko da. Izan be, irailaren 14tik 17ra jaietan egongo dira han. Besteak beste, herri kirolak, kalejirak, erromeria eta lehiaketa gastronomikoak antolatu dira egun horreetarako. Jai-egitaraua Abuztuak 28, domeka –08:30: Lezamako Mugetatik XI. mendi martxea. –10:00: Lezamako Mugetatik XI. lasterketea eta martxa txikia. Irailak 2, barikua San Antolin auzoan –12:30: Mezea. Ostean, kopaua, trikitilariek girotua. –14:00: Azken ordua, bazkarirako txartelak erosteko (3 € aldez aurretik, 5 € egunean bertan). –14:30: Herri bazkaria (paellea), Lezama Saretzen alkartearen laguntasunagaz). Herrian –19:00: Koadrilen jatsierea, Mikel Zarate enparantzatik. Elektrorxufla, elektrotxarangak girotua. –20:00: Pregoia eta txupinazoa, Lezamako Gailur Mendi Taldearen eskutik. –20:00: Andra Mari Pelota Txapelketearen finalerdiak. –20:15: Poteoa herriko tabernetatik, Elektrorxufla, elektrotxarangak girotua. –22:00: Txosnak zabaltzea. –22:00: Umeen mozorro lehiaketako sariak banatzea. –22:00-00:00: Mozorrotuta datozanentzat 2 x 1 katxietan (garagardaoa eta kalimotxoa) eta alkohol bako edarietan. –23:30: Kontzertuak: Egarri + Dekot + Garilak 26. –01:00: Nagusien mozorro lehiaketako sariak banatzea. Jatetxe eta tabernetan, odolosteak afaltzeko. Irailak 3, zapatua –11:00-14:00: Umeentzako puzgarriak. –13:30: Poteo musikatua, herriko tabernetatik. Oxabi taldeagaz. –14:30: Jubiladuen bazkaria. –14:30: Herri bazkaria, Estankoaren eskutik. Txartelak, dendetan eta tabernetan salgai: 12 €. Erosteko azken eguna: abuztuak 31. –16:00: Kantaldia, Oxabi taldeagaz. –16:30-19:30: Umeentzako puzgarriak. –19:30: Kale-antzerkia: Walkman, Ganso & Cía taldearen eskutik. –22:00: Txosnak zabaltzea. –23:30: Kontzertuak: Eskean Kristo + Green Valley + Dj Bull. Jatetxe eta tabernetan, odolosteak afaltzeko. Irailak 4, domeka –09:30: IX. Andra Mari MTB Lasterketea, Zorribike taldeak antolatua. –12:30: Mezea. Ostean, Ekidazu abesbatzaren eta Koro Gallego Eixil abesbatzaren (Cedeira) emonaldia. –18:00: Aizkolari, trontzalari eta harri-jasotzaileen erakustaldia. –20:00: Mariachiak. Irailak 7, eguaztena. Odoloste Eguna Jatetxe eta tabernetan, odolosteak afaltzeko. Irailak 8, eguena. Andra Mari Eguna –12:30: Mezea. –18:00: Umeentzako kale-antzerkia: Hor konpon Marianton. Plazan. –19:00: Frontenis Txapelketako finala. –19:30: Bertso-pintxo-poteoa, Fredi Paia eta Oihana Bartra bertsolariakaz. Irailak 9, barikua –12:30: Mezea. –18:30: Lezamako Pelota Eskolako partidak eta Andra Mari Pelota Txapelketako finala. Irailak 10, zapatua. Bolalekuko jaiak –12:00: Kurutze dantza taldearen emonaldia. –13:00: Paella Txapelketan izena emotea. –14:30: Paellak aurkeztea eta sariak emotea. –16:30: Mus Txapelketea. Izena emotea, Goiko Tabernan (20 € bikoteka). –17:00: Umeentzako puzgarriak eta tailerrak. –19:30: Txokolatadea. –21:00: Erromeria, Nakar taldeagaz. Kurtzeko jaiak Irailak 14, eguaztena. Santa Kurtze Eguna –12:00: Txupinazoa eta jaien hasierea. –12:30: Mezea. Ostean, kopaua auzokoentzat. Irailak 15, eguena –12:30: Mezea. Irailak 16, barikua –20:00: Idi probak (pisu librea). –20:30: Kalejirea, auzoko tabernetatik. Kz Taldeak girotua. –22:30: Diskofestea. Irailak 17, zapatua –Goizean, umeentzako tailerrak. –10:00: Mahaiak eta aulkiak banatzea (15 €). Txartelak erosteko azken eguna: irailak 14. –11:30: Sukalki eta Tortilla Txapelketetan izena emotea. –13:00: Kli-k txarangea. –14:00-14:15: Sukalkia eta tortillak aurkeztea eta sariak banatzea. –14:00: Umeen bazkaria (7 €). Txartelak Kurtzeko eta Lezamako denda eta tabernetan salgai. Azken eguna: irailak 14. Arrastian, umeentzako jolasak. –18:00: Kuadrillentzako herri kirolak. –20:00: Taberna Ibiltaria. –20:00: Afari-meriendea eta herri kirolen sariak emotea. –21:00: Erromeria, Broken Izotz taldeagaz. –22:00: Sorgina erretzea, suak, txokolatedea eta jaien amaierea.