Sokari helduta

Aikor aldizkaria 2016ko ira. 28a, 09:58

Aita sokatira entrenatzailea izan arren, Arkaitz Orozko zamudioztarra berandu hasi zan kirol horretan. Harrezkero, aldiz, sokari helduta bizi da eta gogor entrenaten dau astero. Irailean, Munduko Txapelketan, bere azken domina lortu dau eta Euskal Herria ordezkatzeko aukera euki dau bertan.

Arkaitz Orozkok 30 urte ditu eta Txelisen, José Luisen semea da, Goiherri taldeko entrenatzaile mitikoa. Halanda be, Arkaitzek futbolean jokatzen eban txikitan. “Betidanik gustau jat soka, eta askotan aitagaz joaten nintzan entrenetera edo saioetara. Baina berak ez ninduan sokatira taldean aritzera inoz animau. Eta futbolean jokatzeari itxi neutsanean, azkenean, sokatiran hasi nintzan”, dino Arkaitzek. Sokatira oso kirol gogorra da, eta gazte zamudioztarraren berbetan, “benetan gustau behar jatzu horretan aritzeko”. Bakotxak egin edo moldatu behar dau materiala, sokatirari zuzendutako material propiorik ez dagolako. “Normalean, bigarren eskuko gurpil-lerroko patinak erosten doguz eta hareei gurpilak kendutan deutseguz, bota moduan erabilteko”. Bestetik, entrenamentuak oso gogorrak dira fisikoki. “Lau aldiz astean entrenaten dogu eta txapelketak badagoz, bost egun astean”. Baina gatxena “nor bere pisuari eustea” da. “Bakotxak badaki zein pisu euki behar dauan. Urtean zehar kontrolaten dogu, baina txapelketaren aurreko egunean bertan hiru kilo gitxiago pisau behar dogu. Horretarako, deshidratau egiten gara, hau da, ez dogu urik edaten. Ganera, ariketa fisikoa egiten dogu edo saunara joaten gara izerdia botetako. Hurrengo egunean, jan eta edan barik pisua neurtzen deuskue eta orduan bai, orduan, apurka-apurka edan eta jan egiten dogu”. Eta gogortasun horregaitik, hain zuzen be, sokatirak poztasun handia ekarten deutso Arkaitzi. “Sokatira askoz gogorragoa danez, garaipena askoz gozoagoa da. Oso erakargarria iruditzen jat sokak”. Ganera, mutilak ez dau txarto egiten. Arkaitz 2008an hasi zen lehian sartzen Goiherri taldean eta, harrezkero, hainbat garaipen lortu ditu, bai taldearen izenean, bai Euskal Herriaren izenean. Urrezko domina batek, zilarrezko bik eta brontzezko hiruk osatzen dabe Arkaitzen palmaresa. Azkena, zidarrezko domina Irailean bertan azken domina, zidarrezkoa, eskuratu eban, Suedian jokatutako Munduko Txapelketan. Arkaitz hara joan zan bere taldeagaz, Goiherri, eta beste talde euskaldun bategaz batera, Laukizko Gaztedi. Eta han beste txorierritar bi dagoz, Eneko Bilbao zamudioztarra eta Unai Ibarra sondikoztarra. Txapelketa bi mailatan egiten da: batetik, taldeak; eta bestetik, herriak. Goiherrik li¬gaxka gainditu eban, baina lehenengo kanporaketan, final-zortzirenetan, alemaniar batzuek kaleratu zituen. Nazino mailan, aldiz, ho¬beto ibili ziran. “Ez genduan espero, baina domina lortu genduan. Li¬gaxka gainditu eta gero, talde mailan kanporatu ginduezan alemaniarren kontra aritu ginan eta irabazi geuntsen. Mende¬kua hartu genduan (kar, kar). Finalean, aldiz, galdu egin genduan suitzarren kontra”. Sokatira euskal kirola da, eta batzuek uste dabe berton baino ez dala egiten, baina ez da egia. “Oso onak dira Europa mailan: Alemania, Irlanda, Ingalaterra.... Baina batez be Suitzan. Han era sutsuan bizi dabe sokatira, talde asko, gazte asko aritzen dira eta harrobi handia dabe. Taiwan be sendo dabil. Bertan sokatira ikasgaitzat dabe eskolan eta batez be neskak badira oso onak”. Lehiakortasun handia dago mundu mailan, bai, baina euskaldunok onenen artean aritzen dira urtero-urtero. “Oso tiratzaile gitxi gara eta, europarrakaz konparauta, txikerrak gara fisikoki. Halanda be, benetan azpimarratzekoa da Euskal He¬rriko tiratzaileok txapelketaz txapelketa adierazoten dogun maila handia”, dino Ar¬kaitzek, harrotasuna ezkutau barik. Eta Euskal Herriaren izenean lehian sartzeak be harrotasun itzela ekarten deutso gazte zamudioztarrari. “Apurka-apurka aurrerapausuak emon doguz: hasieran, Espainia¬ren izenpean jokatzen genduan; gero, izen horregaz, baina euskal kamisetagaz; ondoren, Euskal Herria izenpean; eta azkenik, antolatzaileek ikurriña jartea lortu genduan. Guretzat Euskal Herria atzerrian ordezkatzea ametsa da”. Hu¬rrengo ametsa munduko txapelduna izatea da, eta datorren urtean hori lortzeko lehian sartuko da Arkaitz.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).