Derioko Elkartasunaren eta Giza Balioen I. Azoka

Aikor aldizkaria 2007ko mar. 22a, 13:33
Derioko Udalak Elkartasunaren eta Giza Balioen I. Azoka antolatu du domekan. Azoka goiz osoan zehar izango da herriko pilotalekuan, eta bertan 20 elkartek eta Gobernuz Kanpoko Erakundeek (GKE) parte hartuko dute. Beste alde batetik, Bolunta agentziak elkarteetan lan egiteko boluntarioak hartuko ditu. Azokak hurrengo helburuak ditu: herritarrak gizarte-arazoetara hurbiltzea eta balore solidarioak zabaltzea. Horrela, frontoia gune solidarioa bihurtuko dute, “ea balore horiek derioztarrei ez ezik Txorierriko beste herritako biztanleei ere hurbiltzea lortzen dugun”, esan du Ander Aiarza Derioko alkateak. Horrezaz gainera, GKE-en lana azpimarratu, eta elkarte horiei euren beharra aurrera ateratzen laguntzea ezinbestekotzat jo du, “bazkide egiten, bertan lan egiten edota diruz laguntzen. Izan ere, euro batekin ume batentzako txertoa eros daiteke Hirugarren Munduan”. Egun solidarioa izateaz gainera, festa-eguna ere izango da domeka. Elkarteek hainbat ekitaldi egingo dituzte, euren lana publikoari erakusteko. Adibidez, jaima bat hurbiletik ezagutzeko aukera egongo da, eta Gurutze Gorriak ospitalea inprobisatuko du. Elkartasunaren eta Giza Balioen Azoka urtero antolatzeko asmoa du Udalak. “Guztiok ahalegin txikia egitea beharrezkoa da, mundua gero eta hobea, eta solidarioagoa, izateko”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).