Mikologiaren gaineko argazki lehiaketa egingo dute Lezaman

Aikor aldizkaria 2007ko abe. 4a, 11:15
Urrusti Lezamako Mikologia Elkarteak I. Argazki Lehiaketa antolatu du. Lehiaketaren gaia mikologia da eta bertan, argazkilari profesionalek izan ezik, 12 urtetik gorako edozeinek har dezake parte. Partehartzaile bakoitzak gehienez 3 argazki aurkeztu ahal izango ditu eta lanak originalak eta publikatu gabeak izan beharko dira. Edozein neurritako lanak onartuko dira; hala ere, horiek pasapartú batean (neurriak: 20x25cm-DIN A-4) aurkeztu beharko dira. Gutunazal baten barruan hauek idatzi beharko dira: egilearen izen-abizenak, helbidea, adina, NANa, telefonoa, e-maila (aukerakoa), lan bakoitzaren titulua, atera zen urtea eta erabilitako kamaren marka. Kanpoko aldean lehiaketaren gaia azalduko da. Argazkien negatiboa ere emango da eta lanak digitalak badira, CDa (300 pppko erresoluzioan eta JPEG formatuan) Argazkiak abenduaren 15era arte aurkez daitezke Lezamako liburutegian, eta partehartzaileek inskripzioa ordaindu beharko dute (1 €, Urrustiko bazkideek; eta 2 €, gainontzekoek). Sari banaketa abenduaren 28an, 20:00etan, egingo da Lezamako Kultur Aretoan. Urrusti elkarteak 4 sari emango ditu: 1. saria, argazki-makina digitala; 2. saria, 2 Gbko Mp3 erreproduzigailua; 3. saria, perretxikorako otzara eta labana; eta 4. saria, perretxikotarako otzara eta labana. Argazkiak abenduaren 26tik 28ra bitartean jarriko dituzte ikusgai Kultur Aretoan. ETBko saio baten protagonistak Urrusti elkarteko bost kidek ETBko "Udazken Loreak" saioan hartu dute parte. Saioa Orio produkzioak ekoiztu du eta ikusleei perretxiko mundua era atseginean hurbiltzea du helburu. “Udazken Loreak” programak 13 atal ditu eta Urrustikoak protagonistak izan dira atal horietako batean. Lezamarrek perretxikoak hartzeko erabiltzen duten teknika azaldu dute eta hainbat aholku ere eman dituzte. Beste alde batetik, Urrusti elkarteak mikologiari buruzko hitzaldiak antolatuko ditu datorren urtean Txorierriko Mankomunitatearekin batera. Horrezaz gainera, irteerak ere egingo dituzte.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).