Txakolina, protagonista nagusia Lezamako Uzta Egunean

Aikor aldizkaria 2008ko urr. 2a, 11:35
Domekan Uzta Egunaren VII. edizioa egingo dute Lezaman. Azokan 40 salmenta postu jarriko dira: bederatzi postu Txorierriko txakolingileentzat; 17, gainontzeko ekoizleentzat; sei txosna; taloak egiteko tailer bi; eta sei postu herriko elkarteentzat. Taldeen artean, Behar Bidasoa, Urrusti Mikologia elkartea, Laiak emakumeen elkartea eta Zorrizketan euskara elkartea egongo dira. Umeentzako puzgarriak eta tailerrak ere ipiniko dituzte azoka gunean, horiek ere Uzta Egunaz goza dezaten. Era berean, Bizkaiko Txakolina jatorrizko deitura duten 10 ekoizleen erakusketa izango da, eta bisitariek euren txakolina dastatzeko aukera edukiko dute. Uzta Eguna Nekalur enpresak antolatzen du Udalarekin batera, eta, besteak beste, helburu hauek ditu: Txorierriko txakolina dastatzea eta nekazaritzako produktuak bultzatzea. Azokari goizeko 10etan emango zaio hasiera eta arratsaldeko 3ak inguruan amaituko da. 3.000 lagunetik gora Beste alde batetik, gastronomia zein eskulangintza postuetan produktu hauek jarriko dira salgai: gazta, txokolatea, emú-okela, kontserbak, ogia, euskal pastela, eztia eta barazkiak. Txosnetan talo txorizoarekin, ogitartekoak eta pintxoak salduko dituzte. Iaz 500 litro txakolin banandu ziren; 1.500 kopa, eta domekan zifra hori gainditzea espero dute antolatzaileek. Bisitari kopurua ere handiagoa izango dela uste dute: aurreko edizioan 2.500 lagun batu ziren Lezaman; eta aurten 3.000 inguru espero dute. Azokan aurtengo uztaren lehenengo muztioa edateko aukera egongo da, eta Alaitz Etxeandiak Lezamako alkateak brindisa egingo du. Xabier Amurizak eta Miren Arabak bertso-saioa eskainiko dute. Egitaraua 10:00: Azokaren hasiera 11:00: Trikitixa 11:40: Bertsolariak 12:00: Lehen muztioaren dastatzea 12:15: Haurrentzako jokoak 12:15: Talo tailerra 15:00: Azokaren bukaera

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).