Ateak zabaltzeko eguna, zapatuan Txorierriko tren linean

Aikor aldizkaria 2016ko eka. 30a, 09:54
Euskotrenek ateak zabaltzeko eguna antolatu du zapaturako, uztailaren 2rako, Txorierriko tren linean, Lutxana eta Lezamaren artean. Goizetik eta gaueko 10ak arte, bidaiariek doan egin ahalko dituzte bidaiak, eta 950 serieko tren berriak erabili. Tren horiek metroko 3 linean ibiliko dira etorkizunean. Hogeita zortzi tren dira orotara. Euskotrenetik azaldu duten moduan, 950 serieak metro bateko zabalerako 1.500 Vccko trenak biltzen ditu. Tren bakoitza gidaritzako kabina duten kotxe motor bik eta tarteko atoi kotxe batek osatzen dute. Gainera, lau kotxetara ere handitu daiteke, hiru kotxek eskaintzen dituzten prestazioak galdu gabe. Muturretako kotxeek gidaritzako kabina dute, gidaritzako postua eta aurrealdetik ebakuatzeko atea, eskailera barne. Tarteko kotxeak mugikortasun urriko pertsonentzako guneak ditu, eta arrapala automatikoa ate bitan. Trenek larrialdietako ateak dituzte alboetan eta aurrealdean, eta kotxe bakoitzak, sartzeko sei ate. Kotxeak pasillo irekien bitartez daude lotuta. Hauek dira beste ekipamendu batzuk: suteak hautemateko sistema, T motako megafonia, ikusten ez duten pertsonentzako soinu-oharrak eta gidaritza eraginkorreko funtzioak. Tren bakoitzak 296 leku izango ditu, eta horietatik 94 izango dira eserita. Diseinua hobetu egin da anticlimber gailuak eta egitura deformagarriak sartuta, segurtasun eskakizunei erantzuteko, eta horrela, talka aurrez aurre eginez gero, ondorioak murrizteko. Ateek harrapaketak ekiditeko segurtasun funtzioa dute. Azkenik, 950 serieak hobekuntzak dakartza irisgarritasun arloan, hala nola, kontraste kromatiko handiagoak trena osatzen duten elementuen artean, ikusmen-arazoak dituztenek hobeto identifika ditzaten, eta nasatik trenera, eta alderantziz, arrapalatik sartzeko aukera altura-aldaketak dauden lekuetan.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).