Apolo lehen, eta orain Artemis: ilargia itu duten bikiak

a: guantamagazine.org 2019ko uzt. 9a, 11:02

1969ko uztailaren 20an, Neil Armstrong-ek hitz famatu hauek bota zituen ilargitik: “That’s one small step for a man, one giant leap for mankind”. Hau da:  “Urrats txikia da gizon batentzat, baina jauzi handia gizateriarentzat”.  Ez nuen momentua zuzenean bizitzeko aukerarik izan, baina hainbeste dokumental, pelikula eta albistetan daukat ikusita… Eta oraindik ere liluratzen nau estatubatuar familiak egurrezko telebista zaharraren inguruan ikusteak, pantaila txikian azaltzen den gertakariari zirraraz beteta so.

1973. urterako, garaiko 25,4 mila miloi dolar gastatu ziren urrats hori emateko. Beste esplorazio batzuek bultzatutako jakin-mina, ekonomia eta abenturaren ordez, bloke-politika motorra zutela, 24 astronauta –guztiak gizonezkoak– ilargiaren inguruan ibili ziren biraka, eta horietako 12 ilargiratu egin ziren. Eta egia da gizartearentzat jauzi handia izan zela: alde batetik, akuilu handia izan zelako zientzia eta teknologiaren garapenerako (zirkuitu integratu txikiagoak, konputagailu ahalmentsuagoak…); eta bestetik, muga bat apurtu, eta gure gizarte jakingura, ibiltari eta esploratzailearentzat Unibertsora lehenengo pausoa izan zelako.

Urteetan, beste helburu –eta aurrekontu– batzuk erabili dira agentzia espazialetan, eta krisialdi ziklikoek ez diote ez zientziari orokorrean, ez espazio-zientziari lagundu. Berrogeita hamar urte pasatu dira Armstrong-ek ilargia zapaldu zuenetik, eta hurrengo urratsak, Martera joateak, imajinario kolektiboan behin baino gehiagotan gertu ikusi dugun arren, iristen ez den etorkizun hurbil horretan jarraitzen du, fusioarekin gertatu den bezala. Eta badirudi blokeen arteko borroka motorrak berriro piztera datorrela: kasu honetan, Errusia eta Txina dira lehiakideak.

Artemis programa

Artemisa Apoloren arreba da eta grekoen mitologian ilargiarekin lotzen da. Ehizaren jainkosa ere bazen, eta nebarekin batera arkua asmatu zuen. Ilargira berriro joateko epemuga 2028a bazen ere, Mike Pence AEBtako lehendakari ordeak 2024ra aurreratu zuen data eta, Marteko bidean, 2028an base iraunkor bat ipiniko dute gure satelitean. Maiatzean, aurrekontuak eta programaren izena aurkeztu zituzten: Artemis.

Lehenengo emakumea eta hurrengo gizona ilargiratzea helburu duen proiektua bost urte barru gauzatu ahal izateko, hainbat programaren garapena bizkortu beharko da: astronautak hara eramango dituen Orion kapsula (Orion Artemisaren laguntzaile ehiztaria da mitologian), ilargiaren inguruan orbitatuko duen Gateway estazio espaziala (International Space Station-aren (1) antzekoa) eta espazio-anezka (2) ordezkatuko duen SLS kohetea, besteak beste.

Zientzia fikzioak gure planetatik haratago eraman gaitu askotan. Nire ustez, goseaz edo ihes egin nahi izateaz gainera, gizateriak badauka “zeozer”, zirrara bat-edo… Bikingoak, euskaldunak, portugesak, polinesiarrak eta hainbat herritako lagunak gehiago ikustera bultzatu zituen zirrara, beharbada, ezagutzen zuten mundua nahikoa ez zen eta. Konkista? Ez. Goazen beste mundu batzuk ezagutzera!

Ilargira berriro joateko epemuga 2028a bazen ere, 2024ra aurreratu da                    

1 https://eu.wikipedia.org/wiki/Nazioarteko_Espazio_Estazioa

2 https://eu.wikipedia.org/wiki/Espazio_anezka

 

 

Post-data:

Ezin politikariez fidatu. Artikulua idatzi orduko, Donald Trumpek berak eta bere administraritzako zenbait buruk lehenengo ilargira eta jarraian Martera joango zirela ozen zabaldu zuten arren, NASAk, ekainaren 7an idatzitako tweet anbiguo batean, berba gutxi bota zituen ilargira joateari buruz; ordea, benetako helburua Marte zela adierazi zuen.

Eta anbiguoa izan zela esan dut, zeren eta martxoan Artemis egitasmora zuzendutako 1.600 milioi dolarrak oraindik Estatu Batuetako kongresuan onartu barik zeuden bitartean, NASAko agintariek adierazi baitzuten oraindik beste 20-30 mila milioi gehiago beharko zirela hasierako helburuak betetzeko.

Egia da bien bitartean badabiltzala aurrerapausoak egiten, Orion kapsula eta SLS kohetearen testak tartean; baina, horrelako egitasmo konplexu eta garesti baten inguruan, kezkagarria da politikariek lema gaur ekialdera eta bihar mendebaldera jartzea, haizea nondik datorren eta helmuga zein den garbi eduki barik.

Abraracurcix-en kezka bakarra halakoren batean zerua gainera etortzea zela kontuan hartuta (Aikor! aldizkarian, beste artikulu batean aipatu nuen bezala), ez dakit Trumpek zerutik zerbait jausteari beldurrik dion; hala ere, zalantzarik gabe, esandakoa gainera jaustearen beldur ez da. 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).