Zaborra burutik gora (eta noraino!)

Aikor aldizkaria 2015ko uzt. 22a, 09:53

Testua: Xabier Díaz, BTEK-eko zuzendaria; a: NASA

Egunotan New Horizon espazio-ontzia hizpide dugu hedabideetan (1). Pioneer (2), Voyager (3) eta beste zunda batzuen bideari jarraituz, Pluton aldera jo du, eta hasi da haren eta beren ilargien inguruko informazioa Lurrera bidaltzen. Paparazzi lanak egin eta gero, New Horizon-ek (4) Eguzki-sistemaren muga den Kuiper Gerrikoko (5) gorputzen argazkiak atera eta alde egingo du, bere kideek egin zuten bezala. Alde egin, jausi… Eta besteak? Zunda hauen kasua berezia da, dena den. Gutxi dira gure eguzkiaren eraginetik ihes egiten dutenak. Batzuetan, haien misioa bete eta aztertzera joan diren gorputzera jautsen dira, prozesuan desintegratuz. Lurrera, adibidez, satelite batzuk edo horiek orbitara eramateko erabiltzen diren espazio-ontzien zati batzuk jausten dira. Beste batzuk, ordea, orbitan gelditzen dira, biraka, inoiz euren artean talka eginez, beste satelite batzuen bidea oztopatuz, eta espazio-ontziak eta astronautak arriskuan jarriz. Zabor espaziala NASA (6) eta ESA (7)-ren kalkuluen arabera, 20.000 baino gehiago dira Lurraren inguruan biraka (8) dabiltzan 10 cm baino gehiagoko zabor-pusketak. Eta 500.000tik gora 1 cm-10 cm bitartekoak dira. Baina horien kopurua ez da arazo bakarra, abiadura itzela ere baitute: segundoko 15 kilometrora irits daitezke! (9) Kontuan hartu, hegazkinik azkarrena ez dela segundoko kilometro bateko abiadurara iristen. Zabor-pusketen jatorria espazio-ontzietatik askatzen diren atalak izan dira gehienbat, baina azken urteetan sateliteen artean izan diren talkak direla-eta, gaur egun horien pusketek osatzen dute batez ere. Gainera, orbitan dauden 3.600 inguruko sateliteetatik 1.000 inguru baino ez daude erabilgarri. Eta orain, zer? Arazoa berria ez den arren, espazio agentzia ezberdinetan oraintsu hasi dira zaborra kontrolatzen. Eta zabor-kopurua gora badoa ere, espero da hartutako neurriek epe laburrean eragina izatea. Bestalde, espazio-ontziak, sateliteak eta horrelakoak material bereziko geruzez babesten dira, baina arazoa ez da bakarrik neurri pasibo horiekin konponduko. Neurri aktiboen artean, laser eta kanoi magnetikoez egiten da berba. Ideia, zaborra lurrerantz desbideratzea da, atmosferarekin topo egitean desintegratuko zelakoan. Honek baditu bere arazoak: oso sentsore sentikorrak behar dira, pusketak eta haien inguruan dagoena lokalizatu eta beren ibilbidea ezagutzeko. Eta oso punteria zorrotza, desbideratu ostean, beste gorputz batekin talka egin barik lurrerantz bideratzeko. Beste ikuspegi batzuetatik ere badabiltza lanean. Suitzako EPFL-n, esate baterako, Pacman satelitea (10) garatu dute, oso sentsore bereziak edukiko dituena, eta zaborra arrantzatuko duen sare metalikoak erabiliko dituena. Abraracurcix-en kezka bakarra… Halakoren batean zerua gainera etortzea omen zen… Eta ez, Asterix eta Obelixen herrixkako buruzagiak zioen moduan, hori ez da bihar gertatuko… Gutxi dira atmosferan desintegratu barik sartzeko gai diren zabor-pusketak, eta oso kontrolatuta daude. Arazoa orbitan dauden traste eta espazio-ontzietarako da. Beraz, astronauta izateko asmorik ez baduzu, lasai ibili! 1. Arrakastaren seinalea iritsi da Plutonetik, @elhuyaraldizk http://goo.gl/1l3xdp 2. Pioneer 10, wikipedia https://goo.gl/jH71Ie 3. Voyager 1, wikipedia https://goo.gl/o3026K 4. New Horizon zunda, @NASAnewhorizons https://goo.gl/m2KMEd 5. Kuiper Gerrikoa, wikipedia https://goo.gl/jj0FOz 6. NASA Orbital Debris Program Office, http://goo.gl/CxzCDI 7. Europako Espazio Agentziaren zabor espazialaren inguruko gunea, http://goo.gl/qIDSwA 8. Zaborra orbitan, @nasa -ren bideoa https://goo.gl/xIcXzX 9. Hiperabiadura, @esa http://goo.gl/rHpCDj 10. Pac-man haundi bat espazioko zaborra irentzeko, @EPFL_en http://goo.gl/JR4v7e

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).