AENAk radarrak probatuko ditu Loiuko aireportuan hegaztiak antzemateko

Aikor aldizkaria 2020ko ots. 24a, 12:00

Jon Iñarritu EH Bilduko diputatuak Diputatuen Kongresuan galdetu zuen ea Gobernuak Loiuko aireportuan hegaztiak antzemateko radarren bat ipintzeko asmorik zuen.   Gobernuak erantzun dio AENAk Loiuko aireportuan hegaztiak antzemateko radarrak probatzeko asmoa duela eta zerbitzua 2020ko lehen seihilekoan esleitzea aurreikusi duela. Proben bidez, radar-ekipoaren funtzionaltasuna eta baliagarritasuna aztertuko da, eta emaitzak positiboak badira, hura ipiniko da aireportuan.

Halaber, 2019an hegaztiak eta saiak aireportutik hurbil zenbat aldiz ikusi ziren galdetu zuen Iñarrituk, eta aireratze- edo lurreratze-maniobretan istripurik egon zen. Gobernuaren erantzunaren arabera, iaz 82 aldiz ikusi ziren hegaztiak aireportuaren inguruetan; eta 55 aldiz, saiak. Hala ere, adierazi du ez dakiela zehatz-mehatz zenbat hegazti eta sai ikusi ziren, animaliak zenbatzea oso zaila da eta. Istripuei dagokienez, 2019an 12 talka eta gurutzatze bat egon zirela erantzun du, baina ez zutela kalterik sortu.

Azkenik, EH Bilduko diputatuak saiek gaur egun eragindako egoerari buruz itaundu zuen, baita Gobernuak ezbehar gehiago ekiditeko hartuko dituen neurriei buruz ere. Gobernuak ihardetsi duenez, aireportuaren inguruetan ez dago saiak erakartzen dituen elementurik, eta, “hurbil zegoen hiltegi ilegal bat ixtearen ondorioz”, 2018an sai gutxiago ikusi ziren Larrabetzun, Lezaman eta Zamudion. Gobernuaren esanetan, 2019an ere saiak ikusi ziren arren, ez zen hegazkinen eta hegazti horien arteko talkarik izan. Ezbehar gehiago saihesteko neurrien harira, Gobernuak azaldu du AENAk jarraituko duela faunak eragin dezakeen arriskua kudeatzeko sistema ziurtatua mantentzen eta eguneratzen, eta haren barruan hauek sartuko dituela: aireportu-esparruan habitata kudeatzeko prebentzio-neurriak, hegaztiak aldentzeko neurriak (falkoneria nagusi) eta natura-ingurunean eskumena duten administrazioekin koordinatzea. Era berean, garapen teknologikoen bideragarritasuna aztertzen jarraituko du.