Koronabirusa

Ateak itxi dizkiete ostalariei

t: Gaizka Eguzkitza 2020ko mai. 15a, 10:32

Euskadi deskonfinamenduaren lehenengo fasean sartu zen maiatzaren 11n, eta, handik aurrera ostalariek tabernak eta jatetxeak irekitzeko baimena jaso dute. Hala ere, muga izugarriak dituzte eta, horregatik, Txorierriko gehienek itxita jarraituko dute. Badirudi ateak itxi dizkietela.

Ostalariei hainbat baldintza jarri dizkiete maiatzaren 11tik aurrera tabernak eta jatetxeak ireki ahal izateko: taberna hutsik egon behar da eta terrazaren erdia baino ezin dute erabili; mahaien arteko aldea metro bikoa izan behar da; egunean sei aldiz garbitu behar dute komuna; bezeroak ezin dira tabernan sartu, komunera joateko ez bada, eta hara bakarrik joan behar dira. "Neurri zorrotz horiek kontuan izanda, ez zaigu taberna irekitzea merezi", esan digu Joan Gorroñok. Joan 1984an hasi zen ostalaritzatik bizimodua ateratzen eta gaur egun Egarri taberna kudeatzen du Sondikan anaiarekin batera.

Gutxienez, 1.500-2.000 euro kostatzen zaie ostalariei taberna irekitzea, beti ere salgairik erosi barik. Hauek dira taberna arrunt batek dituen gastuak: elektrizitatea, ura, udal-zergak, telebista, autonomoen kuota, aseguruak, aholkularitza-enpresa, lonja alokatzea... Tabernarien egoera antzekoa da, baina, herriaren arabera, desberdintasunak daude euren artean, udal bakoitzak era ezberdin batean jokatu duelako. Larrabetzun, esate baterako, ostalariek ez dute terraza eta zaborrengatik zergarik ordainduko, Ane Sanz, Gazteleku Larrabetzuko tabernaren jabeak esan digun bezala. "Herriko ostalariok gutuna bidali genion udalari laguntza eske, eta erantzun digute laguntza emango digutela, bai, baina uztailera arte, ezer ez. Dena dela, laguntzak ez du ezta gastuak ordaintzeko balioko, ziur asko. Bestalde, batzarra egin genuen udalekoekin, araudiaren berri emateko".

Taberna gehienak itxita daude Larrabetzun. Gazteleku ere bai, baina jabeak aste honetan bertan irekitzeko asmoa du. "Agian, maiatzaren 16an, zapatuan, zabalduko dugu berriro. Maskarak eta gela erosi ditugu". Tabernak mahai bi jarriko ditu kanpoko terrazan eta beste bat, aterpeko terrazan. Gainera, pintxoak prestatuko ditu. "Lan egin behar da, nahiz eta jende gutxiago etorri. Jende gutxiago, lan gutxiago eta diru-sarrera gutxiago, baina tira, goiari eutsiko diogu. Larrabetzu martxa duen herria da eta espero dezagun jendeak erantzun ona ematea", aipatu du Anek.

“Larrabetzu martxa duen herria da eta espero dezagun jendeak erantzun ona ematea”

Ostalariak, gerran

Derioko egoera antzekoa da. Taberna gehienak itxita daude eta udalak laguntza eskaini die ostalariei: tabernariek ez dituzte udal-zerga batzuk ordaindu beharko eta, gainera, dirulaguntza jasoko dute. "Derioko Udalak gela, maskarak eta holtzak eman dizkigu, baina hori baino garrantzitsuagoa hau da: banan-banan deitu digute norberaren egoera ezagutzeko", adierazi du Almudena Diaz Bizkargi tabernaren arduradunak. Hala ere, tabernari derioztarrak haserre daude eta gehienek, 20ren batek, Hosteleros en guerra Estatuko elkartearekin egin dute bat. Zamudioko eta Larrabetzuko beste batzuk ere sartu dira elkartean. "Derioko ostalaritza 2020ko martxoaren 15ean hil zen, COVID-19 birusaren krisialdian, erakunde publikoek adierazitako babesgabetasunarengatik eta egindako kudeaketa txarrarengatik. Kudeatzaileek, langileek, hornitzaileek eta bezeroek premiazko neurriak hartzea eskatzen dugu", dago irakurgai elkarteak banatutako eskeletan. Mezuari #horrelaezduguirekiko hashtaga erantsi diote.

Almudenak ez du gutxienez maiatzaren 25era arte Bizkargi taberna irekiko, deskonfinamenduaren bigarren fasea hasten denean, alegia. "Garrantzitsuena osasuna da eta egoerak hobera egiten badu, taberna irekiko dugu. Hala ere, ez dut hori oso argi ikusten. Izan ere, jendea erlaxatu da, ez dabil segurtasun-neurriak hain zorrotz jokatzen eta horrek atzerapena ekarriko du. Tamalgarria da. Nire amak 14 urte daramatza egoitza batean eta hilabete bi daramatzat bera ikusi barik. Ez dut atzera joan nahi, baina jendea –bai bezeroak, bai ostalariok– arduratsu ez bagabiltza, horixe gertatuko da azkenean", azaldu du Bizkargiko jabeak.

"Garrantzitsuena osasuna da eta egoerak hobera egiten badu, taberna irekiko dugu”

Egarri taberna ere martxoaren 13an itxi zen eta harrezkero ez du atea ireki. Sondikako tabernari gehienek gauza bera egin dute. Ostalariek batzarrak egin dituzte eta elkartea sortzea pentsatu dute, baina oraindik proiektua ez da aurrera atera. Joan Gorroñok ez du dirulaguntzarik eskatu eta Sondikako Udalak ere ez dio laguntzari buruz ezer esan. "Egoera gogorra da, krisi ekonomiko bat baino gogorragoa, batez ere ez dakigulako egoera noiz arte luzatuko den. Ezjakintasuna da txarrena", aipatu du Joanek.

"Egoera gogorra da batez ere ez dakigulako egoera noiz arte luzatuko den”

Sondikako taberna horren jabeak jakinarazi digu bigarren fasera arte behintzat ez dutela irekiko. "Gure negoziotik lagun bi bizi gara eta ezin bagara % 100ean ibili, ez zaigu irekitzea merezi". Etorkizunari begira, Gorroño ez da oso baikorra eta Almudena Sanzen iritziarekin dator bat. "Jendeak ez du seriotasunez jokatzen. Krisialdia bortitza izango da eta adituen arabera, gaixotasuna udazkenean sortuko da berriro". Egarrikoek ez dute holtzik erosi, ezta maskarak ere. Gela eta desinfektatzaileak, bai, ordea.

Loiun oso taberna gutxi daude eta horietako bat batzokia da. Gaur egun, itxita dago eta Aitor Elorrieta kudeatzaileak iragarri digunaren arabera, horrela jarraituko du ekainera arte. "Bigarren fasea maiatzaren 25ean jarriko da martxan eta orduan ikusiko dugu gauzak zelan doazen. Egoerak hobera egiten badu, taberna garbitzen eta dena prestatzen hasiko gara, hurrengo astean irekitzeko. Alkateak deitu dit laguntza eskaintzeko, baina dirulaguntzak ez ditu gastuak beteko; beraz, eskaintza eskertzekoa da, baina ez da nahikoa. Guztira, bost langile ditut tabernan, bost familia nire kontura, eta bereziki arduratsua izan behar naiz: irekitzen badut, ez dut hurrengo astean itxi nahi".

Elorrietak jakin badaki egoera larria dela, baina itxaropentsu agertu da. "Ez dut batzokia itxiko, jarraitu nahi dut. Gogorra izango da, baina ziur nago herriak eta udalak babesa adieraziko didatela. Taberna ere bada garrantzitsua herriarentzat, bizitasuna ekartzen diolako. Azken egunotan hainbat louiztarrek deitu didate adorea emateko eta hori eskertzekoa da. Nik ere haien falta sumatzen dut ".

“Hainbat louiztarrek deitu didate adorea emateko eta hori eskertzekoa da. Nik ere haien falta sumatzen dut”

Etxera eramateko janaria

Tabernek muga izugarriak dituzte berriro martxan jartzeko, baita jatetxeek ere, baina horiek abantaila txiki bat dute, hau da, janaria prestatu ahal dute eta bezeroak hori eraman eta etxean jan. Eta hori da, hain zuzen ere, Txorierriko jatetxe batzuek egin dutena. Lezaman, Lejarrene jatetxeak hilabete bat baino ez du itxita eman. "Apirilean etxera eramateko janaria egiten hasi ginen, behintzat gastuak ordaindu ahal izateko. Gizarte sareetatik eta batez ere WhatsApp aplikazioren bidez kanpaina txiki bat zabaldu genuen gure eskaintzaren berri emateko. Ahoz-aho ere hedatu da", esan digu Nerea Garcia jabeak.

Eta apurka-apurka eskaerak jaso dituzte. Lejarrenek eguneko menuak eta menu bereziak asteburuetan eskaintzen ditu, baita egun berezietan ere: esate baterako, Amaren Egunean. "Bezeroek zerbait berezia nahi izanez gero, hori ere prestatzen diegu: haien esanetara gaude. Batez ere, enpresek eskatu digute janaria, betiko bezeroak direnak. Hala ere, lortu duguna ez da nahikoa gastuak betetzeko; gutxienez, itxialdia hasi baino lehen genituen jakiak ez dira alferrik galdu".

Beste herri batzuetan gertatu ez den moduan, Lezamako ostalariak ez dira batu. Era berean, udalak ez die dirulaguntzarik ere eskaini. "Egoera oso larria da eta apur bat larriago guretzat, aholkulariak bihotzekoa izan zuelako eta ospitalean ibili delako. Horregatik, apur bat galduta sentitu gara. Gainera, oro har jasotzen den informazioa ere ez da batere argia eta arazoak sortu ahala konpontzen gabiltza, ahal dugun moduan", dio lezamarrak.

“Jasotzen den informazioa ere ez da batere argia eta arazoak sortu ahala konpontzen gabiltza"

Lejarrenek hartu zuen erabakia Bidegorri Zamudioko tabernak ere hartu zuen maiatzean. Horrek betiko karta eskaintzen du: hanburgesak, plater konbinatuak, sandwichak, katxopoak... "Asteburuan erantzun ona jaso genuen, hainbat eskaera egin zizkidatelako; lanegunetan, aldiz, ez hainbeste", aipatu du Marife Rodriguez jabeak. Marife bigarren fasearen zain dago. "Gurea taberna handia da eta, gainera, terraza bi ditugu. Horrek beste batzuei baino aukera gehiago ematen dizkigu. Dena dela, ez dakit aurrera edo atzera egingo dugun. Nik esango nuke atzera. Begiratu gizarte sareetan ikusi den bideoa: Bilboko Ledesma kaleko tabernak, jendez gainezka. Negargarria da. Halaber, adituek diote txertoa datorren urtera arte ez dela lortuko. Errespetuz jokatzen badugu, aurrera aterako gara; bestela...".

“Adituek diote txertoa datorren urtera arte ez dela lortuko. Errespetuz jokatzen badugu, aurrera aterako gara; bestela..."

Zamudioko ostalarien erdiak zabaldu du, eta beste erdiak, ez. Udalak gela, maskarak eta holtzak eman dizkie herriko tabernariei. Era berean, ziurtatu du dirulaguntzak emango dizkiela ostalariei, baina zehaztu gabe daude. "Ez dakigu zenbatekoak izango diren, noizko banatuko diren, zelan, guztiontzat berdinak izango diren... Bitxia da, baina Eusko Jaurlaritzak laguntza eman zien alokairua ordaintzen dutenei, baina hipoteka dugunoi, ezer ez. Zer gertatzen da gurekin?", adierazi du Marifek. 

Derioko Baserri Antzokia maiatzaren 25ean ere irekiko da. "Taberna eta jatetxe guztiok ditugu arazo berberak. Nor, bere neurriaren arabera. Esan nahi dut gure taberna handia da eta horrek alde onak ditu: esate baterako, metro biko distantzia leku txiki batean baino errazago lortuko dugu. Hala ere, leku txiki horretan langile bat edo bi arituko dira; eta gurean, 16. Eta hori ordaindu behar da", azaldu digu Gorka Urrutia Baserri Antzokiko jatetxearen kudeatzaileetako batek. Irekitzen dutenean, janaria eskainiko dute, bai barruan, bai kanpoan. Gainera, batez ere enpresei –"betiko bezeroak direlako, azken batean"– etxera eramateko menuak prestatuko dizkiete. 

"Egoera berri honetara gabiltza moldatzen. Argi dugu legeak dioena egingo dugula. Horretarako, maskarak eta gela erabiliko ditugu, noski, eta aretoa lurrunketaren bidez garbituko dugu gauero, negutegian egongo bagina moduan. Bezeroak lasai egon daitezke, botako duguna osasunerako kaltegarria ez baita. Sarreran ere ipintzen saiatuko gara, laborategietan gertatzen den moduan, bezero guztiak sartzerakoan garbitzeko".

"Egoera berri honetara gabiltza moldatzen. Argi dugu legeak dioena egingo dugula”

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).