Esan liteke ezen Txorierriko erosketen gune nagusia Derio dela, saltoki gehienak bertan daude eta. Danerik Paraje merkataritzako eta zerbitzuetako elkartearen barruan –laster, Deriocom elkartea–, esaterako, hainbat motatako saltokiak daude: ile-apaindegiak, arropa-dendak, hortz-klinikak, informatika-denda, gestoriak, optika, lore-denda, ginekologoa eta psikologoa, besteak beste. Mari Mar Mellado da elkartearen presidentea, eta, azaldu digunez, COVID-19ak sortutako krisiak desberdin eragin du sektore batzuetan eta beste batzuetan. Horrela, bada, saltoki batzuek derrigorrean itxi behar izan zuten martxoan; beste batzuek –gestoriak eta informatika-denda kasu– aurretiko hitzordua eman zieten bezeroei; eta janari-dendak zabalik egon dira.
“Inkesta bat zabaldu genuen bazkideen artean eta % 80k eman zuen erantzuna”, esan digu Melladok. “Erantzun zutenen % 55ek adierazi zuten zergei-eta aurre egin ahalko zietela; % 44k ezetz esan zuen. Bestalde, % 74k erantzun zuten saltokia pandemiaren aurreko baldintzetan berriz zabaltzeko asmoa zutela; % 13k langile gutxiagorekin irekiko zutela; eta % 13k negozio-eredua aldatuko luketela. Dirulaguntzei buruz ere galdetu genuen eta erantzuna 51 lagunek eman zuten: horietako 47k pentsatzen zuten beharrezkoak zirela. Kalkuluak egin genituen eta hilean 950 euro behar zirela aurreikusi genuen, baita hasierako laguntza bat ere, segurtasun- eta higiene-neurrietan egin beharreko inbertsioari aurre egiteko”.
Galerei lotutako kontuak ere atera ditu elkarteak, eta, salgai galkorrei dagozkien galerak 40.000 eurokoak izan direla jakinarazi dute. “Aitzitik, zaila da salgai iraunkorrei lotutako galerak kalkulatzea. Itxi orduko, dendak denboraldi berriaren merkantzia jaso berriak ziren eta dena kutxetatik atera barik zuten; hala ere, gastu arruntei aurre egin behar izan diete itxita egon diren bitartean. Pandemia urteko beste sasoi batean etorri izan balitz, ez zen dendetarako hain gogorra izango, beharbada”.
Salgai galkorrei dagozkien galerak 40.000 eurokoak izan dira Derion
Elkartea zenbait aldiz batu da udalarekin euren egoera azaltzeko, eta oposizioko alderdiengana ere jo dute. “Udalak 800 euroko laguntza emango die saltokiei gastu arruntak ordaintzeko. Zerga batzuk irailera arte atzeratu dira eta itxita egon diren saltokiek lokal hutsak balira bezala ordaindu dute zaborren tasa. Era berean, 1.500 bonu aterako dira herriko saltokietan gastatzeko, eta higiene-kita eman diote saltoki bakoitzari zabaldu denean”. Beste aldetik, Melladok azaldu duenez, udalak 11.400 euroko laguntza eman dio elkarteari. “Laguntzaren parte bat onlineko salmentak sustatzeko webgune bat martxan ipintzeko erabiliko dugu: horretarako dirulaguntza iaz eskatu genuen, baina udalak erantzun zigun ezin zigutela momentu horretan laguntzarik eman eta diru-partida aurtengo aurrekontuetan sartuko zutela. Beste partea Derio Distingue kanpainaren zati bat –Eusko Jaurlaritzak diruz laguntzen ez diguna– ordaintzeko erabiliko dugu”.
Dirulaguntzak beharrezkoak
Lanbidek autonomoentzako dirulaguntzak bider bost handitzea erabaki du (16 milioi euro), eta Melladok adierazi du laguntza guztiak behar-beharrezkoak direla. “Negozioak ekartzen dituen gastu arruntak eta langileen soldatak ordaintzeaz gainera, autonomoak familia ere badu eta dirua eraman behar du etxera; baina autonomoa denez, ezin du gizarte-larrialdiko laguntzarik eskuratu. Badirudi instituzioak eta agintariak ez direla horretaz konturatu. Gainera, fondo galdukoak ez diren laguntzak eskuratzeko, banketxeek beste produktu bat hartzera behartzen zaituzte edo mailegua eskatu behar da. Halaber, paper asko aurkeztu behar dira eta eskatzaile gehienentzat oso gogaikarria da”.
“Ohiko gastuak eta langileen soldatak ordaintzeaz gainera, autonomoak dirua eraman behar du etxera”
Derioko denda eta establezimendu gehienek maiatzaren 11ko astean zabaldu zuten berriro pertsiana. “Mugimendua dago. Antza denez, jendeak erosketak egiteko beharra zuen –umeak hazten dira, denboraldiaren hasiera da…– , eta ile-apaindegira joateko beharra. Galdera da zer gertatuko den datozen hileetan, hau da, jendeak dirurik izango ote duen ile-apaindegira aldizka joaten jarraitzeko edota arroparik erosteko”. Tokiko merkataritzak tokiko bezeroa behar du eta elkartea kanpaina bat prestatzen dabil herritarrak erakartzeko eta merkataritza berpizteko. “Etxealdian argi geratu da ondoan dugunak benetan funtzionatzen duela, eta Derion zerbitzu asko ditugu eskura. Alboko herrietako lagunak ere Deriora etorri dira erostera: ziurrenik, batzuek konfinamendua baino lehen ere erosketak berton egiteko ohitura zuten. Guztiek orain ere Derion erosten jarraitzea ezinbestekoa da”.
Jon Vazquez da Bizi Zamudio merkatarien eta profesionalen elkartearen presidentea. Melladok bezala, behar-beharrezkotzat jotzen du herritarrek tokiko merkataritzaren alde egitea. “Baina ez bakarrik gugatik, baizik eta herriko merkataritza guztiontzat onuragarria delako. Horrela, bada, merkatariok zergak ordaintzen ditugu, lanpostuak sortzen ditugu, elkarte batzuei kuota ordaintzen diegu eta ekitaldiak ere babesten ditugu; hau da, harreman zirkularra da: Zamudioko dendetan sartzen den diru gehiena herrian geratzen da”.
“Zamudioko dendetan sartzen den diru gehiena herrian geratzen da; hau da, harremana zirkularra da”
Beti gutxi
Vazquezen aburuz, batez ere Espainiako Gobernuak jarduera uzteagatik emandako ezohiko prestazioa eta udalarena funtsezkoak dira autonomoentzat. Lanbidek emandakoa eta zeharkako beste laguntza batzuk ere lagungarriak dira –adibidez, Bizkaiko Foru Aldundiak zergak ordaintzea atzeratzea–. Tokiko laguntzei dagokienez, Vazquezek azaldu du Zamudioko Udalak herriko saltokiei itxita egon diren hile bakoitzeko 650 euroko laguntza emango diela; era berean, alokairuan dauden dendei gehienez 600 euroko laguntza emango die hura ordain dezaten. “Laguntza guztiak ondo etorriak dira, baina beti dira gutxi, jasoko dena baino handiagoak baitira galerak”. Lerro hauek idatzi orduko ez dute itxialdiak eragindako galeren balioespena egin, hala ere, Vazquezek uste du orokorrean handia dela, COVID-19ak negozio guztietan modu batean edo bestean eragin negatiboa izan baitu. “Beharbada, elikagaigintza sektoreak «etekina atera» dio egoerari, dendak zabalik egon direlako. Nolanahi ere, horiek ere urduri ibili dira eta momentu gogor bati egin behar izan diote aurre”.
Bizi Zamudio elkartearen baitan hainbat sektoretako negozioak daude. “Konfinamenduan, batzuek legeak aginduta itxi zuten, hala nola ile-apaindegiak, mertzeriak, bitxidendak eta akademiak. Beste batzuek negozioaren zati bat izan zuten zabalik: liburu-dendak, esaterako, egunkaria saldu ahal zuen, baina liburuak-eta, ez”. Herritarrak eta saltokiak pixkanaka-pixkanaka gabiltza “normaltasun berrira” egokitzen, eta dendak inbertsioak egiten dabiltza osasun-neurriak betetzeko. “Herritarron osasuna funtsezkoa da. Udalak babes-pantailak, maskarak eta gela banatu ditu saltokietan, eta negozioek termometroak erosi dituzte eta ozono-makinak edo lainoztagailuak erostea ere aztertzen dabiltza. Dena dela, inbertsio horretatik harago, lana bikoiztu egin da, orain prebentzio-neurriak hartu behar direlako eta, hortaz, lokalak egunean zenbait aldiz garbitu edo desinfektatu behar direlako”.
“Lana bikoiztu egin da, lokalak egunean zenbait aldiz garbitu edo desinfektatu behar direlako”
Vazquezen esanetan, ziurgabetasuna da dendariek aurrera egiteko duten arazo nagusia. “Jendeak ez daki nolakoa izango den etorkizuna; dakiten gauza bakarra da negozioa itxi behar egin izan dutela eta diru-sarrerak gutxitu egin direla. Ziurgabetasun handia dago, gehienbat langileak dituzten saltokien artean. COVID-19a hondamendi handia izan da dendari guztientzat”.
Merkatura egokitu
Asier Madariaga Elekma etxetresna elektrikoen dendaren jabea da. Denda bi dituzte: bata, Loiun, eta bestea, Santurtzin. “Egia esan, ez gara itxiera posible baten beldur: premia biziko gaiak saltzen ditugu, urte asko daramatzagu sektorean eta bezero anitz ditugu. Hala ere, jakin badakigu merkatura eta bere beherakadetara egokitu beharko dugula”.
Elekman bederatzi langile daude eta horietatik hiru laurden ibili ziren lanean erabateko konfinamenduan; gainerakoak, dendetako langileak, ERTEra joan ziren, baina denda fisikoak berriro zabaldu direnean euren lanpostura itzuli dira. “Dendak itxita egon direla, zerbitzua telefonoz eta online eskaini dugu. Lana izan dugu, baina salmentek % 30 egin dute behera, eta, orobat, konturatu gara erosten den etxetresnaren batez besteko prezioak ere behera egin duela: kasurako, pandemiaren aurretik erosten ziren garbigailuen batez besteko prezioa 500 eurokoa zen; orain, garbigailu merkeagoak erosten dira, 300 eurokoak”.
“Pandemiaren aurretik erosten ziren garbigailuen batez besteko prezioa 500 eurokoa zen; orain, 300 eurokoa”.
Madariagak esan digunez, ez dute dirulaguntzarik eskatzeko beharrik izan; aitzitik bezeroek duten egungo joera kontuan hartuta eta galerak izango dituztela aurreikusita, erabaki dute Elkargira jotzea gerta litekeen egoera ekonomiko txarrari aurre egin ahal izateko. Beste aldetik, guztiok moduan, higiene-neurri zorrotzak ezarri behar izan dituzte bai etxera eramateko zerbitzuan, bai dendan bertan. “Bezeroen etxera joaten direnean, langileek osasun- eta higiene-neurri guztiak betetzen dituzte eta ukitzen duten guztia desinfektatzen dute. Bestetik, erabateko konfinamenduan datafonoa eraman dute bezeroek diruarekin ibili behar ez izateko. Dendan maskara daramagu eta gelak ipini ditugu bezeroen eskura”.
Ogibide batzuetan ezinezkoa da profesionalaren eta bezeroaren artean bi metroko distantzia egotea. Horregatik, neurri zorrotzagoak hartu behar izan dituzte bezeroei zerbitzua higiene-berme guztiak betez eskaintzen dutela erakusteko. Hori ile-apaindegien kasua da, esate baterako. “Maskarak erosi ditut, bezeroenak ez hondatzeko, gel desinfektatzaileak, erabili eta botatzeko kapak, tresnak garbitzeko likido berezia; garbigailua eta lehortzailea hainbat aldiz ipini behar ditut egunean; lokal osoa desinfektatu behar da: apain-mahaiak, aulkiak, burua garbitzeko konketak, tresna guztiak, zorua… “, azaldu digu Satur Lopezek. Horrek 1989tik du ile-apaindegia Sondikan. “Bi mila euroko inbertsioa egin behar izan dut, eta horri protokoloak betetzeko egin beharreko lana gehitu behar zaio. Lan gehiago dut, eta bezero gutxiago: gehienez zortzi bezero ditut egunean eta 11 ordu egiten dut lan”.
“Lan gehiago dut, eta bezero gutxiago: gehienez zortzi bezero ditut egunean eta 11 ordu egiten dut lan”
Etxeko gastuak ere bai
Ile-apaindegiak ia hile bian itxita egon ondoren, bezeroek irudi pertsonala hobetzeko beharra izan dute eta berrirekitzeko lehen egunetan mugimendu handia egon da. Alabaina, Lopez kexatu da profesional batzuk etxez etxe ibili direla zerbitzua eskaintzen, hori debekatuta egon denean. “Solidaritate gutxi dago ogibidean, edo konfinamenduaren arauak ulertzeko hainbat modu”.
Negozioa itxita izan duen zazpi astean jarraitu behar izan du ohiko gastuei aurre egiten. “Autonomoen asegurua, zergak, hornitzaileen fakturak, ura, gasa, BEZa, lokalaren asegurua… Baina negozioan ez ezik etxean ere gastuak daude: hipoteka, jatekoak, argindarra, zergak, seme-alaben ikasketak… Guztira 13.000 euro galdu ditut, eta, gainera, ezkontzen eta jaunartzen haritik nituen hitzordu guztiak bertan behera geratu dira”.
Aurretik langileak izan dituen arren, Lopezek zortzi hile daramatza bakarrik ile-apaindegian. “Oso txikia naiz langileak dituztenen negozioen aldean; zortea guztientzat!”. Bere iritziz, erakundeek ez dute ahalmen ekonomikorik pertsiana itxi behar izan duten saltokien galerak ordaintzeko, eta, halaber, hainbat baldintza bete behar izatea ez da lagungarria. “Merkataritza ez da limosnei esker bizi; eta haiek ere ez. Haiek etxean daude, soldata osoa jasotzen: ez dira ez ERTEra, ez EEEra joan; beste guztitik aparte daude. Bestalde, maiatzaren 21era arte behintzat ez dugu herrian bilerarik izan, egoerari zelan aurre egin aztertzeko; hala ere, gizarte-sareetan ikusi dudanez, badirudi dagoeneko zer egin erabaki dutela”. Etorkizun grisa ikusten badu ere, Lopez positiboa da, izan ere, ez dago besterik aurrera egiteko.
Maider Aurrekoetxea eta Naroa Bengoa Larrabetzu ile-apaindegiaren jabeak dira eta COVID-19aren aurretik bezala lan egin ahal izatea espero dute. “Negozioa hile bian itxita izateak galerak ekarri dizkigu, eta, gainera, ile-apaindegietarako goi-denboraldia dela kontuan hartu behar da. Ezkontzei eta jaunartzeei dagokienez, bertan behera utzitako hitzorduak ez dira momentuz berriro eskatu”.
Premia bizikoak
Aurrekoetxeak eta Bengoak jarduera uzteagatiko sorospena jaso dute eta foru- eta udal-laguntzen zain daude. “Erabili eta botatzeko materialetan eta desinfektatzeko produktuetan inbertitu behar izan dugu. Bezeroek maskara jantzita etorri behar dute, eskuak desinfektatu eta gauzak poltsa batean sartu. Ez dugu aldizkaririk eta txartelaz ordaintzeko aholkua ematen dugu. Bezero bakoitzak alde egiten duenean, lekua eta tresnak desinfektatzen ditugu”.
Ordu gutxian atzera egin bazuten ere, konfinamenduaren hasieran Espainiako Gobernuak adierazi zuen ile-apaindegiek zabalik jarraituko zutela, premia biziko zerbitzua ziren eta. “Hori zentzugabea ez ezik eginezina ere bazen, autonomoen kuota ordaintzeko ere ez baikenuen aterako. Ezinbestekoak garela uste badute, BEZa gutxitu beharko ligukete”.
“Ezinbestekoak garela uste badute, BEZa gutxitu beharko ligukete”
Lezamako Kooperatibaren langile biak, alabaina, ez dira geldirik egon itxialdian. Ganaduzaleei eta nekazariei eskaintzen dizkieten ohiko zerbitzuez gainera, oso ilara luzeak izan dituzte kooperatiban, asperdurak eraginda-edo, asko ortua txikia ipintzera animatu direlako. “Hogeita hemeretzi urte daramatzat hemen eta ez dut hau sekula ere ikusi: ikaratuta nago”, esan digu Arantza Zaratek. “Kooperatibara etortzen nintzenerako banuen jendea zain eta ezinezkoa izan da ordutegia betetzea; berandura arte egon gara egunero. Dirudienez, aurten jende askok ortu bihurtu du lorategia eta balkoian ere tomateak edo piperrak landatu dituzte: orduak zertan edo hartan eman beharra egon da”.
Beti hemen
Nahiz eta aparteko eskaera izan, Zaratek esan digu ez dutela hornidura-arazorik eduki. “Gustatuko litzaidake hau guztia pasatzen denean ere jendeak gogoratzea tokiko saltokiak hemen gaudela. Arreta ona ematen diegu, baita behar dituzten azalpen guztiak ere. Baten batek esan dit ez zekiela Lezaman kooperatiba zegoenik; bada, beti izan gara hemen… Nire ustez, tokiko saltokiok orokorrean oso lan ona egin dugu herritarrei kalitateko zerbitzua emateko. Espero dut eurek ere kontuan hartzea”.
“Gustatuko litzaidake hau guztia pasatzen denean ere jendeak gogoratzea tokiko saltokiak hemen gaudela”
Sonsoles Martinezek maiatzaren 11n altxatu zuen berriro Gorbeia mertzeriaren pertsiana Zamudion. “Ezin naiz kexatu, momentuz saltzen gabiltza eta. Hala ere, ikusi beharko da zer gertatzen den irailetik aurrera, herri txikietan uztaila eta abuztua txarrak izaten baitira; dena dela, jendeak udan zer egingo den ere ez dakigu: oporretara edo herrira joango den edo etxean geratuko den”. Tokiko merkataritzak aurrera egin ahal izateko, Martinezek solidarioak izateko eskatu die herritarrei. “Nik BBKren bonuetan eman nuen izena eta batzuk hartu dituzte. Asko eskertzen diet, izan ere, dirua aurretik jaso dut eta lagundu didate gastu arruntei aurre egiten”. Horren harira, ezinbestekotzat jotzen du herriko dendetan erostea bultzatzeko kanpainak egitea.
Ezinbestekoa da herriko dendetan erostea bultzatzeko kanpainak egitea
Merkatariak autonomoentzako subsidioari, udal-laguntzari eta aurrezkiei esker espero du aurrera egitea. Azkenean merkealdiak egin ahalko dira eta horrek kalte egingo dio. “Denda txikiek ez ditugu merkataritza-gune handiek dituzten irabaziak, eta, beraz, ezin ditugu egin haiek egiten dituzten eskaintzak. Era berean, Interneten bidezko erosketek kalte egiten digute; hala eta guztiz ere, egia esan, nik oso bezero leialak ditut”. Beharbada, merkatari txikiek saltzeko modu berriak saiatzeko momentua izan daiteke. “Pandemiaren aurretik merkatarien elkartean aztertzen gabiltza ezagunagoak nola izan eta Parke Teknologikoko langileengana nola ailegatu. Hau guztia pasatzen denean gaia berriro hartu beharko nuke. Ni, oraingoz, erosteko aukerak ematen nabilkie bezeroei, adibidez, arropa etxean lasai probatu, eta erosi nahi ez badute, berrogeialdian ipiniko dut gero. Nolanahi ere, aipatu behar dut gehienetan probatu barik erosten dutela eta adierazten didatela jantziarekin bai ala bai geratuko direla”. Dendarien eta bezeroen arteko elkartasuna ezinbestekoa da une honetan.