Telelanaren legea, zehaztugabetasunez betea

a: www.catalunyaplural.cat 2020ko aza. 4a, 08:38

COVID-19ak sortutako pandemiaren eraginez, enpresa askotan telelana ezarri da. LAB sindikatuaren datuen arabera, esaterako, 2019an etxetik lan egiten zuten langileak % 4 ere ez ziren, baina 2020ko martxoaren hasieran, aldiz, Hego Euskal Herriko langileen % 23 baino gehiago telelana egiten zebiltzan. Espainiako gobernuak, patronalak eta CCOO eta UGT sindikatuek telelana arautzeko legea adostu zuten irailean; horren gakoak Erika Bilbaorekin eta Itziar Larrazabalekin aztertu ditugu, hurrenez hurren, LABen eta ELAren Txorierriko ordezkariak.

Legeak jaso dituen alderdien artean, hauek azpimarratu daitezke: telelanean dabiltzan langileek eta gainerakoek eskubide berberak dituzte, telelana borondatezkoa eta itzulgarria da, eta lan presentziala eta ez presentziala uztartzeko aukera ematen da. Langileak eta enpresak akordioa sinatu beharko dute eta horretan, besteak beste, ordutegia, gastuen zerrenda eta konpentsazio-modua, akordioaren iraupena eta kontrol-bideak zehaztu beharko dira.

Sindikalista bien iritziz, Madrilen onartutako legea hankamotza da, eta oso orokorra. Lehenengo eta behin, pandemiaren ondorioz etxetik lan egin behar izan duten langileak arauditik kanpo uzten ditu, baberik gabe. “Ulertzen genuen presaka eta korrika landutako lege honek behar horri erantzungo ziola, eta ez da hala izan”, aipatu du Bilbaok. Halaber, legea ezargarria izan dadin, gutxienez lanaldiaren % 30 telelanean egin behar da, “eta kanpoan uzten du, adibidez, orain arte astean egun bat etxetik lan egiten duen jendea”. Gainera, azpimarratu duenez, legeak ez du modu ez presentzialean egindako lana eskubide moduan arautzen, adostu daitekeen egoera moduan baizik. “Baina langileok eta enpresa-buruak ez gaude aukera-berdintasunean negoziatzeko eta adostasunak lortzeko orduan. Ondorioz, legeak ezartzen duen borondatezko izaera oso zalantzagarria da”.

Larrazabalen esanetan, irailean onartutako legeak nabarmen okertu du Lan Ministerioak uztailean egindako proposamena, eta patronalaren beto-eskubidea argi ikusi da. “Uztaileko proposamen hura ez zen nahikoa, gure ustez, baina onartutakoa askoz eskasagoa da. Legeak gabeziak eta zehaztugabetasunak ditu eta, ondorioz, negoziazio sektorialetan eta enpresa-hitzarmenetan zehaztu beharko ditugu hainbat alderdi”. Hobeto zehaztu beharreko alderdien artean, gastuen ordaina, lan-baliabideak, deskonexio digitalerako eskubidea eta lan-arriskuak daude. “Baina zer gertatzen da negoziazio kolektiboak indarrik ez duen lantokietan? Edo langile gutxi batzuek edo bakar batek negoziatu behar dutenean?”, gehitu du Bilbaok. “Zentzu horretan, marra gorriak behar direla esaten dugu; hau da, gutxieneko baldintzaren batzuk eta gutxieneko arauketaren bat, batez ere gai gatazkatsuenetan. Gutxieneko horiek ez ezartzeak langileok erabat baldintzatzen gaitu negoziatzeko orduan”.

 

L: “Legeak zehaztugabetasunak ditu, eta negoziazio sektorialetan eta enpresa-hitzarmenetan zehaztu beharko ditugu hainbat alderdi”

B: “Gutxieneko baldintzaren batzuk eta arauketaren bat ez ezartzeak langileok erabat baldintzatzen gaitu negoziatzeko orduan”

Nolanahi ere, Larrazabalek adierazi duen moduan, orokorrean ez dute Madrilen egiten diren akordio eta legeetatik zehaztasun handirik espero, eta horrexegatik aldarrikatzen dute Euskal Herrian erabakitzeko garrantzia. “Badakigu Estatutik datorrena zer den, eta egokiena izango litzateke hemen aukera eta lehentasun aplikagarria izatea bai sektorialetan, bai enpresa-hitzarmenetan, eta negoziazioa berton egitea zentroka edo sektoreka. 2012tik gabiltza aldarrikatzen hori. Urte hartan, Rajoyren gobernuak negoziazio kolektiboaren estruktura aldatu egin zuen eta Madrilera eduki gehiago eraman ziren negoziatzera, guri indarra kenduta”. Euskal Herriko lege bat izatearen beharrizana ere nabarmendu du Bilbaok. “Inor kanpoan utzi gabe, lan ez presentziala eta telelan guztia arautzeko, langileon eskubideak argi zehazteko, gastu guztien konpentsazioa ziurtatzeko, jarduna mugatzeko, deskonexio digitalerako eskubidea kontrolatzeko… Baina batez ere langileak ez indibidualizatzeko bermeak ezartzeko”.

L: “Egokiena izango litzateke hemen lehentasun aplikagarria izatea sektorialetan zein enpresa-hitzarmenetan, eta negoziazioa berton egitea”  

 

Sektore feminizatuak

Bestalde, Larrazabalek gogora ekarri du telelanean dabiltzan sektore gehienak sektore feminizatuak eta prekarioak direla. “Hausnarketa handia egin behar da genero-rolei buruz, eta hainbat gai ipini mahai gainean, hala nola sexuen araberako lan-banaketa eta bizitzaren publikoaren eta pribatuaren arteko mugak”. Bilbaoren hitzetan, lan ez presentzialak kontziliazio-neurri eraginkorrik eza estaltzen du. “Sortu den egoera honetan, ez Estatuak, ez bertako gobernuek ez dute kontziliazio-neurri eraginkor bat bera ere hartu. Gure aburuz, lan ez presentziala ezin da kontziliazio-neurria izan; kontziliazio-neurri eta erantzunkidetasun-politika eraginkorrak nahitaez eta lehentasunez behar ditugu”.

Telelanaren abantailak ezin dira ukatu; hala ere, langileak isolatzeko eta prekarietatea areagotzeko modua ere izan daiteke. “Egoera batzuk azaltzen dabiltza dagoeneko: langileen atomizazioa, lankideen arteko harremana galtzea, etxea eta bulegoa nahasten dituen gunea sortzea, lanaldiak luzatzea… Baina arazoa sakonagoa izan daiteke, telelana negoziazio kolektiboa deuseztatzeko edota erabat baldintzatzeko tresna inportantea izan daiteke eta: langileak etxean bakartuta eta lan-baldintzak indibidualki negoziatzera behartuta, langileon elkar borroka eta zaintza baldintzatuko da, eta lan-baldintzen prekarizazioa izango da ondorioa”, azaldu du Bilbaok.  “Bizitzen ari garen honek guztiak zeharo baldintzatu dezake egungo eta etorkizuneko langileen mugimenduaren batasuna, indarra eta lan-baldintzak hobetzeko duen gaitasuna.  Beraz, martxan jarri beharko gara telelana prekarietatea hedatzeko baliabide izan beharrean gure bizi-baldintzak hobetzeko tresna izan dadin”.

B: “Telelana negoziazio kolektiboa deuseztatzeko edota erabat baldintzatzeko tresna inportantea izan daiteke”

 

Beste aldetik, Telelanaren Legeak ez ditu Administrazio Publikoko langileak bere baitan hartzen, eta horien kasuan artikulu berria sartu da euren estatutuan. “Eduki batzuk arlo pribatuko langileenak baino txarragoak dira, eta harrigarria iruditzen zaigu sinatzaileek onartzea langile publikoei sektore pribatukoei baino eskubide gutxiago onartzen dien testua. Esate baterako, nahiz eta ez zehaztu, sektore pribatuan gastuaren ordainaz hitz egiten da, baina publikoan ez da ezta aipatu ere egiten”, azaldu du Larrazabalek. Bilbaoren ustez, administrazio publikoko langileei dagokienez, arau-marko propioa adostu beharko litzateke, zerbitzu publiko gisa hainbat aldagai kontuan hartuta. “Eta tokian tokiko administrazioan eta ematen diren zerbitzu publikoen arabera, negoziazio kolektiboaren bidez arauketa zehatza adostu beharko litzateke”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).