Txikoria-belarra

t: Txiribita 2021ko mai. 31a, 10:37

Txikoria belarra topatu daiteke larreetan, bazkalekuetan, soropiletan, lugorrietan, harea sikuetan edo bustietan…

Ia urte osoan, klimaren arabera, eta nagusiki martxotik maiatzera bitartean. Dena aprobetxatzen da: hostoak, loreak eta sustraiak. Loreak beroa dagoenean jaso behar dira, lorea erabat zabalik dagoenean. Hostoak martxotik urrira bitartean batzen dira, loraketaren aurretik, eta airean sikatzen dira, oihal baten gainean eta gerizpetan. Errizomak/sustraiak apiriletik ekainera eta irailetik azarora bitartean batzen dira.

Ezaugarri dietetikoak

A, B eta C bitamina-ekarpen handia, kaltzioa, burdina, potasioa, magnesioa…

Oso arazgarria, diuretikoa eta hepatikoa.

Lagungarria da gorputzetik toxikoak ateratzeko.

Sukaldean

Landare osoa jan daiteke.

Hostoak: entsaladetan erabiltzen dira, barazki edo gozagarri moduan (gordinak edo egosiak). Hosto gazteak eta samurrak batu behar dira, txikoria-belarra loratu baino lehenago, izan ere, loratzen denean hostoak mingots bihurtzen dira.

Errizomak: txigortuak eta ehoak, kafe-suzedaneoa da.

Loreak: entsaladetan, postreetan… erabiltzen dira, baita jele edo ezti gozoa egiteko ere.

Mahaiko ura

Landarea ur hotzean sartuta utzi behar da gau osoan, eta hurrengo egunean edan.

Ardoa

Osagaiak: 80 g sustrai eta lore, litro bat ardo zuri. Prestatzeko: sustraiak eta loreak ardo zuritan sartu, eta 10-15 egunean beratzen utzi behar dira, leku siku eta ilun batean. Apur bat eragin behar da egunero. Esandako denbora-tartea pasatu ondoren, ardoa iragazi eta gorde egin behar da. Gozagarria da, hepatikoa eta arazgarria.

Ortuan

Loreek erleak erakartzen dituzte, polinizaziorako mesedegarria dena.

Gorotza eta txikoria-belarraren hostoak, loreak eta zurtoinak erabilita egindako ongarria, kaltzioa eta silizea ematen dizkie laboreei.

Kontraindikazioak

Haurdun dauden edo bularra ematen dauden emakumeek eta 12 urtetik beherako umeek neurriz hartu behar dute. Deshidratatuta dauden gaixoek ezin dute hartu.

Bitxikeriak

“Meacamas” esaten zaio: ukituz gero, ohean txiza egiten dela esaten da, ziur asko, propietate diuretiko handia duelako.

Belarrak eta landareak batzeko aholkuak

Orokorrean: hartu ondo ezagutzen duzuna; hartu neurriz eta soilik lekuan asko badaude; ez eraman dena, utzi beti zerbait; hartu bakarrik erabiliko duzun landarearen zatia; ez atera sustraitik, moztu ondo hazten jarrai dezaten; ez moztu loreen % 20 baino gehiago, zuhaitzak edo zuhaixkak badira; hartu bakarrik erabiliko duzuna, geroago itzuli zaitezke, edo beste leku batzuetara joan; ez jaso gune babestuetan edo parke naturaletan.

Non: larreetan eta autorik pasatzen ez den bide-ertzetan; goldatu gabeko basoetan; toxikorik erabiltzen ez den ortuetan eta lorategietan; INOIZ EZ areketan, fumigatutako landetan eta ibaiertz kutsatuetan.

Noiz: goizean, ihintza sikatu ondoren; hartu hostoak erabiliko ditugun egunean berean; hartu loreak goizean eta sustraiak arratsaldean; landareak gorde edo sikatzeko, hobe da ilbehera denean jasotzea.

Materialak: eskularruak, artaziak, paperezko oihalezko poltsa, zumezko saskiak…

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).