Asun berdea

t: Txiribita 2021ko eka. 29a, 12:44

Ohikoenak urtica dioica edo asuna eta urtica urens edo asunbeltz dira. Batzuetan elkarrekin hazten dira. Hesietan ikusi ditzakegu, larreetan, belardietan eta ongarritutako soro hezeetan. Hostoak eta kimu samurrak loraketa baino lehen batu behar dira, eskularruak erabilita. Berehala erabiltzen ez badugu, gerizpean sikatzen ipini behar dugu, eta leku lehor batean gorde.  

Ezaugarri dietetikoak:

  • Proteinatan aberatsa da, gatz mineraletan, kaltzioan, burdinan, fosforoan eta A eta C bitaminatan.
  • Arazgarria da eta mineralak ematen dizkigu.
  • Apur bat libragarria ere bada.

Sukaldean

  • Biak jaten dira, asuna zein asunbeltza; azken hori finagoa da.
  • Sukaldean egiten direnean uzten diote min egoteari, edo batu eta handik ordubetera gutxi gorabehera. 
  • Hostoak barazkiak bezala prestatu daitezke: frijituta, nahasietan, zopetan, gisatuetan…
  • Tenpuran edo arrautza-irinetan eginda, hosto handiak gozo-gozo daude.
  • Asunari dagokionez, bakarrik kimuak eta hosto-txortenik gabeko hostoak jaten dira. Hosto handiak gutxienez 3-5 minutuan egosi behar dira.
  • Asunbeltzari dagokionez, bestalde, zurtoinak ere jaten dira. Minutu bi baino gutxiagoan egiten dira.

Erabilera sendagarriak (kanpokoak):

  • Artritisa arintzen du, aknea eta azalaren alergiak. Kanpoko zauriak eta hanturak sendotzen ditu. Esandako gaitzetarako, asunezko infusioz* bustitako zapi edo oihal fin bat ipini daiteke kaltetutako eremuan 20 minutuan. Hurrengo pomada hau ere egin daiteke: Eltze batean eta su motelean, litro bat oliba-olio birjina estra eta aurretik zatitutako 3-4 asun-eskukada berotuko dugu ordubetean (asuna siku badago, 300 g; freskoa bada, bikoitza). Oso garrantzitsua da olioa irakiten ez uztea, landarearen ezaugarriak galdu ez daitezen. Sutatik kendu, eta astebetean izango dugu jalkitzen. Likidoa iragaziko dugu, eta 100-150 g erleen argizaria gehitu (zenbat eta argizari gehiago, hainbat eta sendoagoa). Marian berotuko dugu, harik eta argizaria desegiten den arte. Nahasia beirazko flasko garbietara botako dugu, solidotu dadin. Pomada lesioa dugun eremuan ezarriko dugu. 

Ortuan

Bere laborantzak lurra hobetzen du, burdina eta kaltzioa mugitzen ditu eta oso egokia da ongarriak egiteko. Tomateak landatuko diren zuloetan asun txikitua ipintzea gomendatzen da.

*Asun-irakina:

500 g asun bilduko ditugu, sustrairik gabe. Bost litro ur dituen ontzi batean sartu, eta han 10-15 egunean izango dugu; egunero eragingo dugu. Ura ilunduz joango da, eta kiratsa botako du: hori hartzitzen dagoen seinalea da. Burbuilarik ez dagoenean, likidoa iragazi eta botilaratuko dugu.

Lurrean erabiltzeko, litro bat erauzkin 9 litro uretan diluituko dugu. Hazitegiak eta landareak ureztatzeko erabili ahal dugu. Erauzkinak ezaugarri onuragarri asko ditu: intsektizida naturala da, landareen defentsa-gaitasuna indartzen du, eta haien hazkundea suspertu.

Kontraindikazioak

Haurdun daudenek ez dute lehen hiruhilekoan erabili behar. Pertsona batzuek alergia izan diezaiokete landareari. Eskularruak jantzita batzea gomendatzen da.

Bitxikeriak

Erromatarrek urtika deitu zioten –esanahia: erre– bere ileek azalean eragiten duten azkura dela eta. Penintsulan eta Balear Uharteetan, bost asun-espezie daude.

Belarrak eta landareak batzeko aholkuak

Orokorrean: hartu ondo ezagutzen duzuna; hartu neurriz eta soilik lekuan asko badaude; ez eraman dena, utzi beti zerbait; hartu bakarrik erabiliko duzun landarearen zatia; ez atera sustraitik, moztu ondo hazten jarrai dezaten; ez moztu loreen % 20 baino gehiago, zuhaitzak edo zuhaixkak badira; hartu bakarrik erabiliko duzuna, geroago itzuli zaitezke, edo beste leku batzuetara joan; ez jaso gune babestuetan edo parke naturaletan.

Non: larreetan eta autorik pasatzen ez den bide-ertzetan; goldatu gabeko basoetan; toxikorik erabiltzen ez den ortuetan eta lorategietan; INOIZ EZ areketan, fumigatutako landetan eta ibaiertz kutsatuetan.

Noiz: goizean, ihintza sikatu ondoren; hartu hostoak erabiliko ditugun egunean berean; hartu loreak goizean eta sustraiak arratsaldean; landareak gorde edo sikatzeko, hobe da ilbehera denean jasotzea.

Materialak: eskularruak, artaziak, paperezko oihalezko poltsa, zumezko saskiak…

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).