Ezaugarri diuretikoak, elikagarriak eta arazgarriak ditu eta antidiarreiko eta antiinflamatorio ezin hobea da. Idorgarria da, eta taninotan aberatsa. Katarroa kentzeko baliagarria da, eta orbaintzailea. Aho- eta eztarri-infekzioak osatzeko erabil dezakegu, baita handituta dauden edo odola darien hortzoiak sendatzeko. Aho-zaurietarako eta anginetarako ere bada egokia. Gargarak egiteko, prestakin hau egin dezakegu: ur litro bakoitzeko 40-60 gramo hosto eta kimu hartu, hiru minutuan egosi eta 10 minutuan utziko dugu jalkitzen. Bestalde, jarabea egiteko, masusta-kopuru eta azukre-kopuru berdina nahastuko ditugu eta ordu batzuetan egosiko dugu su motelean. Beharrezkoa bada, ura botako dugu. Prestakina iragaziko dugu, zukua ondo atera, eta botilaratuko dugu. Umeen zein helduen beherakoa kentzeko har daiteke, eta aho- eta birika-gaitzetarako. Hiruzpalau koilarakada handi hartu behar dira zenbait aldiz egunean.
Sukaldean
Masusta-marmelada ospetsuaz gainera, errezeta asko daude. Hurrengo lerroetan adibide bi ditugu.
Likorea: Uxual litro batean 350 g masusta heldu beratuko dugu hauekin batera: limoi bat (zatituta), bost iltze, kanela-zotz bat eta intxaur muskatu apur bat. Hilabetean izango dugu beratzen. Ondoren, gaza bat erabilita ondo iragaziko dugu eta, erabili baino lehen, leku fresko eta ilun batean utziko dugu jalkitzen beste hilabete batean.
Tea: 2/3 lahar-hosto eta 1/3 mugurdi-hosto (zatituak). Hostoak busti eta oihal batean ipiniko ditugu. Bizpahiru egunean gordeko ditugu. Ondoren, atera eta hostoak erabat sikatzen utziko ditugu. Poteetan gordeko ditugu. Usaintsuak dira eta te txinatarraren ordez har daitezke.
Erabilera kosmetikoak
Larruazal pikortadunetarako etxeko lozioa: 25-30 g lahar hartu eta 10 minutuan egosiko dugu. Goizean eta arratsaldean erabiliko dugu aurpegian, zauriak azkarrago orbaindu daitezen.
Ortuan
Txori txikien eta haragijaleek jazarritako animalia txikien babeslekua da. Bere adar arantzadunen azpian zuhaitz txikiak hazten dira, barazkijaleengandik salbu. Zuhaitz txiki horiek erabat handitu direnean, laharrak lekua uzten die eta leku berrietara zabaltzen da. Larreak bereizteko erabiltzen da.
Bitxikeriak
Euskarazko beste izen batzuk: nar, lar, elorri lar, lar xistako, lapar, gapar, kaparrarte, endratxa, kehela, tarta, asu, asuar, azuar, arantza, asu arantza, zearnarra, esilarraga, sasi eta berro.
Belarrak eta landareak batzeko aholkuak
Orokorrean: hartu ondo ezagutzen duzuna; hartu neurriz eta soilik lekuan asko badaude; ez eraman dena, utzi beti zerbait; hartu bakarrik erabiliko duzun landarearen zatia; ez atera sustraitik, moztu ondo hazten jarrai dezaten; ez moztu loreen % 20 baino gehiago, zuhaitzak edo zuhaixkak badira; hartu bakarrik erabiliko duzuna, geroago itzuli zaitezke, edo beste leku batzuetara joan; ez jaso gune babestuetan edo parke naturaletan.
Non: larreetan eta autorik pasatzen ez den bide-ertzetan; goldatu gabeko basoetan; toxikorik erabiltzen ez den ortuetan eta lorategietan; INOIZ EZ areketan, fumigatutako landetan eta ibaiertz kutsatuetan.
Noiz: goizean, ihintza sikatu ondoren; hartu hostoak erabiliko ditugun egunean berean; hartu loreak goizean eta sustraiak arratsaldean; landareak gorde edo sikatzeko, hobe da ilbehera denean jasotzea.
Materialak: eskularruak, artaziak, paperezko oihalezko poltsa, zumezko saskiak…