“Ezagutu Aukeratzeko” programari esker, Batxilergoko ikasleek hainbat sektoretako profesionalekin esperientziak partekatzeko aukera izango dute. Horretarako, informazio-jardunaldiak, sektore-mahaiak edo enpresetako egonaldiak antolatuko ditu EGAZ Txorierrik. Azaroaren 23an, DBHko 3. eta 4. mailetako ikasleen familientzako orientazio-topagunea egingo da Derioko Kultur Birikan, 18:00etan. Bertan, Lanbide Heziketako eta unibertsitateetako prestakuntza-ibilbideak ezagutu ahal izango dituzte, eta lan-merkatuko azkenengo joerak ere bai. Jardunaldian arituko dira Jose Manuel Tobio Politeknika Ikastegiko koordinatzaile pedagogikoa, Ainhoa Saenz Politeknika Ikastegiko orientatzailea eta EGAZ Txorierriko Alex Loustaunau. Halaber, hezkuntza-legearen erreformak Batxilergoko adarretan ekarriko dituen aldaketak landuko dira.
Bestalde, hainbat arlotako profesionalen eta Batxilergoko ikasleen arteko topaketak antolatuko dira abenduaren erdialderako, Txorierriko Institutuarekin lankidetzan. Profesionalek ikasketak aukeratu zituzten unetik izandako bizipenak, lana eta ibilbidea azalduko dizkiete ikasleei.
Datorren urtean, eta “Ezagutu Aukeratzeko” programaren harira, sektore-mahai bi egingo dira eta bertan azalduko dira hainbat sektoretako enpresen misioa, ikuspegia eta eskatzen dituzten lanpostuak. Lehena 2022ko urtarrilaren 13an izango da eta hizlari Irene Rodriguez IDDTEKeko kudeatzailea izango da; bigarrena, urtarrilaren 19an, Laboratorio Aleo Vitroko Antonio Alonsoren eta Eneko Ochoaren eskutik. Gainera, ikasleek aukera izango dute aukeratzen duten enpresan lan-egun bat emateko. Ekintza hori martxoaren 7tik 10era bitartean egingo da.
Beste aldetik, Politeknika Ikastegiarekin batera, EGAZ Txorierrik “Kultura Ekintzailea” bideo-lehiaketa antolatuko du aurtengo ikasturtean ere bai, gazteak haien enpresa-proiektua garatzera animatzeko asmoz. Hamasei eta 29 urte bitarteko txorierritarrek haien negozio- edo enpresa-ideiak aurkez ditzakete, edo beren ikasketekin lotutako proiektu berritzaileak. Talde irabazlearen partaideek smartwatch bana jasoko dute saritzat.
Amaitzeko, eta aurreko ikasturteetan bezala, EGAZ Txorierrik eskualdeko gazteen lan-aukerak nazioartekotzeko apustua egiten jarraitzen du, eta, horretarako, Global Training beken programan parte hartuko du beste behin ere. Nazioarteko egoitzak dituzten Txorierriko enpresentzako enplegagarritasun-plana da, nazioarteko mailan haien gaitasunak hobetu nahi dituzten pertsonei zuzendua. Laguntza horien bidez, trebakuntza akademiko altua eta B2 edo gehiagoko ingeles-maila duten 30 urtetik beherakoei aukera eskaintzen zaie munduko edozein tokitako enpresetan 11 edo 12 hilabeteko egonaldiak egiteko, 2021eko azaroan hasi eta 2022ko urtarrilera arte. Hilean 1.500 euroko dirulaguntza jasoko da, eta enpresak 6 hilabetez luza dezake beka. Programan parte hartzeko interesa duten enpresek 2022ko otsaila baino lehenago egin ditzakete eskaerak.