Ohituta gaude linea zuzenak erabiltzen lur-eremuak, soloak, etxe-eremuak eta abar banatzeko, baina ez da basakorten kasua. Aspalditik, ez dago argi noiztik, gure mendiak eremu biribilez beteta egon dira, eta badaude gaur egun. Basakortak biribilak dira eta erdigunean harritzar bat dute –edo zuten–, eta perimetroa markatzeko beste era bateko harriak, lau edo zortzi harri, inoiz 16 harri ere bai. Negukoak eta udakoak bereizten ziren: lehenengoak, kortanagusiak, handiagoak ziren eta 245 metro inguruko erradioa zeukaten, eta udakoak, kortatxikiak, 122 metro inguruko erradioa.
Eta zertarako erabiltzen ziren? Bada, mendietan animalien egonaldiak arautzeko. Hasiera batean behiak, geroago txerriak eta ardiak ere bertan babesteko. Ganadu-jabeek eskubidea zeukaten bertara euren animaliak eramateko, ohiturak eta legeak araututa. Ohikoena zen eremu horien barruan edo ondoan txabolak egotea, abereen jabeek erabiltzeko.
Bizkai aldean, gaur egun, korta, baserri barruan ganadua edukitzeko lekuari esaten zaio, baina mendikoak lehenagokoak ei dira.
Esan dugunez ez dago jakiterik noiztik erabiltzen diren kortak, baina lur-eremu bitxi horiei buruzko lehen aipamenak X. mendekoak dira, korta batean eskubidea zeinek duen, bestea nola eta nork markatu behar duen… Dokumentuetan jaso diren auzi askoren iturria ere badira kortak. Izan ere, estandarizatu nahian, sarritan saiatu da haien tamaina legez ezartzen, baina ez da beti lortu. Gehienek 120 eta 250 metro arteko erradioa dute; hala ere, jakina, antzina ez ziren metrotan neurtzen, brazatan edo besalditan baino: erradio handienak 126 braza zituen, eta txikienak, 63 braza. Neurtzeko era ere bitxia da, erabiltzen ziren barak, kateak edo kordelak udaletxeetan gordetzen ziren.
Egia esan, biribiltasuna ez zen hain arraroa, kastroetako antzinako etxeak biribilak zirelako, eta egurrezko etxolak ere bai. Hor ditugu hilen erritualekin zerikusia zuten cromlech eta tumuluak. Beraz, eremu zirkular hauek oinarri-oinarrizkoak ziren eta basakorten kasuan errepikatu egiten dira. Ez da ahaztu behar erdian jartzen zen harriari austarria ere deitzen zaiola. Hauts-harria esan nahi du eta leku batzuetan hautsa ere aurkitu da bere azpian. Suaren erritualen baten seinale?
Toponimian, eta geroago abizenetan, eragina izan dute: Sendagorta, Olagorta, Ganekogorta, Kortabitarte, Kortazar, Kortabarria, Azkargorta, Mañukorta...
Denborak aurrera egin ahala basakorten funtzioa aldatuz joan da. Burdin-olak ugaritu zirenean eta, ondorioz, ikatza asko behar izaten hasi zenean, hasiera batean abereentzat sortu ziren basakortak ikatza lortzeko erabiltzen hasi ziren. Bestalde, korta batzuk habitatu egin ziren eta baserriak eraiki ziren haien barruan. Eta azken aldaketa nabarmena kanpotik ekarritako zuhaitzen landaketa masiboa izan da: pinua eta eukaliptoa.
Ez da erraza mendiko kortak ikustea. Baina mendi-tontor batera igo eta bertatik kolore ezberdineko eremu biribilak ikusten badira (ikusi argazkia), badakigu zergatia. Ortofotoa edo Google Maps erabilita, lurrean eremu biribil handiak ikusten badira, beste kolore batekoak, bertan korta bat dagoen edo egon den seinalea da hori. Bertara oinez heltzen bagara, ia ezinezkoa da han korta bat egon dela antzematea, behintzat kortarririk (erdigunean jartzen zen harria) topatu ezean.
Guk dakigula, Txorierrin ez dago horien arrastorik, baina inguruan bai, eta asko: Arratian, Durangaldean, Enkarterrian... Esate baterako, Urdaibai inguruan 100 korta baino gehiago daude dokumentatuta.
Urdaibai inguruko lau kortarri ikusteko proposamena egingo dizuegu oraingo honetan. Hamar kilometroko ibilbide erraza da, Sollube mendiaren ingurutik eta dena pistatik.
Arrieta herrira abiatuko gara eta handik Busturira doan errepidetik 2,6 kilometro egin ondoren, etxe abandonatu bat ikusiko dugu ezkerraldean: aspaldiko gaurdetxea da. Autoa hor aparkatu, eta oinez jarraituko dugu.
Ez da asko ibili behar lehen kortarria ikusteko: guardetxean bertan, bidearen beste aldean beherantz doan basazko pistatxoa hartu, eta 50 metrora topatuko dugu Ikasta basakortaren erdiko harria. Kortarri gehienek legez, marra batzuk ditu goiko aldean, lau puntu kardinalak adierazten dituztenak.
Guardetxera itzuli, eta ezkerrean apurka-apurka gorantz doan pista hartuko dugu. Hirurehun eta berrogeita hamar metrora, eskuinaldean, Altzeta kortarria dago muna gainean. Adi ibili behar da hura ikusi ahal izateko.
Pistatik jarraitu eta erraz-erraz ikusiko dugu hirugarren korta: bihurgunearen aurretik, ezkerraldean, Azkonarzuloeta harria dago bide bazterrean, hasieratik kilometro batera edo.
Pistatik segituko dugu, beti gorantz. Etxe bat ikusiko dugu ezkerraldean eta ia goian antenetara doan bide asfaltatua topatuko dugu. Hori hartuta, Sollube mendiaren buzoiraino ailegatu gaitezke. Bertako ikuspegi ederraz gozatu ondoren, atzera egingo dugu hasieratik igo garen pistatik jarraitzeko, beherantz oraingo honetan. Ezkerraldean merendero bat dago eta ez da leku txarra zeozer ahora eramateko. Aurrerago, eskuineko bidea hartuko dugu bailarara jaisteko. Pistatik ibiltzeaz nekatu bagara, aukera dugu gasbidetik zuzen-zuzen jaisteko.
Arrieta-Busturia errepidera heltzen garenean, beste merendero bat aurkituko dugu, eta errepidea gurutzatuz hiru pista. Ezkerrekoa eta eskuinekoa beherantz doaz; guk erdikoa hartuko dugu, gorantz doana. Berrehun metrora laugarren kortarria aurkituko dugu: Otsagaraikoa.
Errepidera itzuliko gara; kontuz autoekin! Kilometro eta erdi eskas egingo dugu ibilaldia amaitzeko: guardetxera itzuliko gara. Bestalde, ibilbidea hilaren lehen domekan egiten baduzue, Arrietan gelditu eta ez joan bertako produktuen azoka bisitatu barik.
https://eu.wikiloc.com/ibilbide-senderismo/sollube-kortak-94297569