Herbarioa

Aloea

t: Txiribita 2022ko mai. 5a, 09:00

Aloe vera, aloe barbadensis. Bere hostoak dira berdeak, mamitsuak, luzangak eta zorrotzak, eta ertzetan arantzak dituzte. Hostoen barruan dagoen gela substantzia terapeutiko moduan erabiltzen da. Landarea leku lehor eta eguzkitsuetan hazten da; hala ere, erraz egokitu daiteke, baldin eta klima oso muturrekoa eta hotza ez bada.

Landarea etxean badugu, gomendagarria da hura erabiltzea hiru edo bost urte dituenean. Momentuan bertan behar duguna hartuko dugu, eta kanpoko azala ere erabiltzen dugun momentuan bertan kendu. Hostoa 15-20 egunean gorde daiteke hozkailuan, behar denean erabiltzeko. Muturrak paperez estaliko ditugu, herdoildu ez daitezen. Zati mamitsuak erabiliko ditugu, eta puntak lehortuz edo zimelduz gero, moztu eta bota egingo ditugu. Batez ere gorputzaren kanpoko azalean erabiltzen da, baina barne-erabilerak ere baditu.

Ezaugarri dietetikoak

Aberatsa da aminoazidoetan, C, E eta B bitaminetan –B12 ere bai– eta mineraletan, hala nola fosforoan, kaltzioan, potasioan, burdinan, magnesioan eta zinkan. Jan edo zuku moduan edan daiteke. Merkatuan produktu asko daude kontsumitzeko prest; horri dagokionez, aloe likidoa duen produkturik erosten badugu, ontziak opakua izan behar du. Etxean zukuak egin ditzakegu, aloea jogurtarekin hartu, edo ur litro batean hosto bat sartu eta ura edanez joan.   

Aloezko eta jogurtezko irabiatua

Hurrengo osagai hauek behar ditugu: 150 g aloe (zatitua eta zuritua), ½ l jogurt, eztia eta limoi erdia (zuritua). Osagai guztiak irabiatu, eta hozkailuan sartuko dugu, postre moduan hartzeko. Dituen ezaugarriak direla eta, egokia da urdaia eta hesteak leheneratzeko eta babesteko.

Ezaugarri sendagarriak

Dituen printzipio aktiboei esker, barne-birsortzaile bikaina da urdaileko eta hesteetako ultzeretarako eta arazoetarako.

Aloe-tintura

Osagaiak: 300 g aloe (azala kendu barik) eta ½ l vodka edo uxual. Aloea edarian sartu eta 15 egunean izango dugu beratzen. Egunero eragingo dugu. Beratzeko denbora pasatu ondoren, likidoa iragazi eta gorde egingo dugu. Egunean hiru aldiz 5-10 tanta hartuko ditu. Defentsak hobetu egiten ditu eta lagungarria da digestioa egiteko eta idorreria arintzeko.  

Erabilera mediko-kosmetikoak

Gomendagarria da azaleko gaixotasunak tratatzeko, azal koipetsuak sikatzeko, zauriak osatu eta orbaintzeko eta erredurak sendatzeko (eguzkiak eragindako erredurak ere bai). Ekzema eta psoriasia arintzeko erabili daiteke, eta bizarra egin ostean masaje-lozio moduan ere bai. Ilea sendotzeko eta leheneratzeko baliagarria da.

Aloe-gela

Hosto bat hartu eta zuritu egingo dugu. Ahalik eta gel gehien aterako dugu, eta mina dugun azalaren eremuan erabiliko dugu. Hostoa liburua balitz bezala ireki ere egin daiteke, eta eremuan zuzenean igurtzi. Aurpegiko gaitzetarako erabili daiteke, erreduretarako edo bizarra egin osteko lozio moduan.

Aloe-ozpina

Aloaren pulpa ardo-ozpinetan izango dugu bi astean. Egunero eragingo dugu. Ondoren, likidoa ondo iragaziko dugu. Ozpina baliagarria da zauriak eta onddoak tratatzeko eta ilea sendotzeko. Arrosa- edo hamameli-ura erabilita motelduz gero, pikortak eta gorriuneak tratatzeko erabili daiteke, eta bizarra egin osteko lozio gisa.

Aloe- eta ilen-krema

Osagaiak: ilen-eskukada handi bat (lore berriak), 250 g aloe (zuritu barik eta ondo zatitua), litro bat oliba-olio birjin eta 150 g argizari. Osagaiak ontzi batean ipini, eta su motelean berotuko ditugu, hostoek eta aloeak hezetasuna galdu arte eta olioa erre gabe. Sutik aterako dugu eta gaza bat erabilita iragaziko dugu. Krema kristalezko poteetan gordeko dugu. Ilenaren ordez, hurrengo landare hauek erabili daitezke: erromeroa, zaldi-buztana, haguna, kamamila eta malba.

Bitxikeriak

Liliazeoen familiakoa da, baratxuria eta tipula bezala.

Belarrak eta landareak batzeko aholkuak

Orokorrean: hartu ondo ezagutzen duzuna; hartu neurriz eta soilik lekuan asko badaude; ez eraman dena, utzi beti zerbait; hartu bakarrik erabiliko duzun landarearen zatia; ez atera sustraitik, moztu ondo hazten jarrai dezaten; ez moztu loreen % 20 baino gehiago, zuhaitzak edo zuhaixkak badira; hartu bakarrik erabiliko duzuna, geroago itzuli zaitezke, edo beste leku batzuetara joan; ez jaso gune babestuetan edo parke naturaletan.

Non: larreetan eta autorik pasatzen ez den bide-ertzetan; goldatu gabeko basoetan; toxikorik erabiltzen ez den ortuetan eta lorategietan; INOIZ EZ areketan, fumigatutako landetan eta ibaiertz kutsatuetan.

Noiz: goizean, ihintza sikatu ondoren; hartu hostoak erabiliko ditugun egunean berean; hartu loreak goizean eta sustraiak arratsaldean; landareak gorde edo sikatzeko, hobe da ilbehera denean jasotzea.

Materialak: eskularruak, artaziak, paperezko oihalezko poltsa, zumezko saskiak…

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).