Hori oso argi dute EGAZ Txorierrin, Txorierriko udaletako Ekonomia Sustapenerako eta Enplegurako Zerbitzuan hain zuzen ere. Bertan, atzerriko lan-aukerei buruzko informazio zehatza ematen da, eta enplegu-tailerretan argibideak eskaintzen dira mugikortasunaz edo Europako curriculumaren inguruan.
Nazioarteko enpleguaren aukerak HAZILAN proiektuaren saio batzuk ere hartzen ditu. Proiektu hori diruz lagunduta dago %100ean, eta Europako Gizarte Funtsak eta EGAZ Txorierrik % 50ean finantzatzen dute. Goi-mailako titulazioa duten 20 eta 44 urte bitarteko pertsonei zuzenduta dago, eta lan-egoera hobetzen laguntzen die, talde-dinamiken eta enpresetako praktiken bidez.
Urratsak ematen hasteko erabakia hartu ondoren, beste erakunde batzuen laguntza ere badute bide hori hartzen dutenek, behar diren izapide administratiboak betetzeko informazio gehigarria ematen dietenak.
Europako enpleguaren kasuan, Lanbidek informazio eta tresna espezifikoak eskaintzen ditu zalantzak argitzeko. EURES sarearen barruan dago Euskal Enplegu Zerbitzua, eta hainbat gairen inguruko aholkularitza ematen du: enplegu-eskaintza eta -eskariak, lan-merkatuaren egoera eta bilakaera, eta herrialde bakoitzak dituen bizi- eta lan-baldintzak.
Bere webguneak baliabide erabilgarriak biltzen ditu, esaterako atzerrira joan aurreko gomendioak, udan mugetatik haratago lan egiteko moduari buruzko gida bat, edo Akitaniako eskualde frantseseko lan-eskaintzei buruzko informazio espezifikoa, Iparraldeko euskal probintziak barne hartzen dituena.
Gazteentzat, gainera, berariazko programak daude atzerriko lan-esperientziak errazteko. Horixe da, hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzaren Global Training beka-programaren kasua. EGAZ Txorierrik gure eskualdean kudeatzen du programa hori, eta 30 urtetik beherakoei aukera ematen die atzerrian profesionalki trebatzeko, euren espezialitate akademikoari egokitutako praktika ordainduekin.
Izan ere, mugek ez diote talentuari hesirik jarri behar, eta hori errazteko lan egiten dute erakundeek eta enplegu-zerbitzuek.