Erromaniko aurreko aroa VII. mendetik XI. mendera arte doa. Aurreko aroko arteari labar-artea deritzo, eta ondokoari, erromanikoa. VII. mendera arte bisigotikoa zabaldu zen, baina hura arabiarren eraginez VIII. mendearen hasieran desagertu egin zen eta mozarabiarra nagusitu zen. Bestalde, mende horren amaieran arte asturiarra eta mudejarra hasi ziren; mudejarrak XIII. mendera arte iraun zuen.
Adituen arabera, erromaniko aurreko gure leiho gehienak X. mendekoak eta gehienbat XI. mendekoak dira. Gainera, batzuen ustez, bisigotikoaren eta mozarabiarraren eragina dute; beste batzuen iritziz, berriz, nortasun propioa.
Argazkietan ikusten denez, formari dagokionez, dozena bat leiho idi-begi bikoak dira eta mainel bakarra dute. Soilik leiho batek ditu hiru idi-begi eta mainel bi. Beste guztiak irudi ezberdina dute, gurutzea eta abar.
Txorierrin erromaniko aurreko leiho bat dugu, Larrabetzun, Zarandonako San Salbatore ermitan hain zuzen; eta beste bi nahiko hurbil, Mungiako Santa Magdalena eta San Anton ermitetan. Beraz, inoiz Bizkaiko ermita batean bazaudete, begiratu patxadaz ea halako leihorik aurkitzen duzuen.
Zazpi kilometro eta erdiko ibilaldi erraza proposatzen dugu oraingoan, larra, basoa eta errepideak nahasten dituena. Larrabetzuko Goikoelexalde auzoan hasiko dugu ibilaldia. Lehen eskola ziren eta gaur egun txokoa den eraikinaren ondoko bidexka hartuko dugu. GR280.1ko marka-zurigorriei jarraituko diegu –ez da beti erraza izango– Loroño auzoraino (2 km). Hara ailegatzeko, landak eta baso polit bat gurutzatu behar izan ditugu, errekatxo baten gainetik salto egin, eta pinudi arteko aldapa igo. Loroño auzoan GR-a utzi, eta eskuinera egingo dugu errepidetik. Marrak zuri-horiak dira orain, PR BI254 ibilbidearenak, eta haiei jarraituko diegu hemendik aurrera.
Gaztelu auzoa pasatu ondoren, ezkerretara egingo dugu Gaztelumendirantz, une batean errepidetik, baina laster, lepo batera heltzen garenean, eskuinean ondo markatutako estrata hartuko dugu. Denbora izanez gero, Gaztelumendira igo gaitezke eta bertako bunkerrak bisitatu ditzakegu; kilometro eta erdiko joan-etorria da. Estratatik gora ikuspegi ederraz gozatuko dugu, beti ere marrei jarraituta. Hesi bat egurrezko eskaileretatik gurutzatu ostean, asfaltozko bidea aurkituko dugu, bertatik ezkerretara San Salvador edo Salbatore ermita dago, gure gaurko helburua. Ez dugu ahaztu behar ekialdeko horman erromaniko aurreko leihoari begiratzea. Zarandoa auzotik aurrera egin eta errepide nagusira heltzen garenean, Astoreka auzora, kontuz ibili beharko dugu. Larrabetzurantz egingo dugu, eskuinera, baina handik metro gutxira ezkerreko bidezidorra hartuko dugu beherantz. Estua eta aldapatsua da. Laster errepidetxo bat aurkituko dugu eta hari jarraituta helduko gara San Emeteri eta San Zeledonio eliza historikora. Amaitu dugu.