Santio belarra

t: Txiribita 2022ko eka. 8a, 10:04

Hipericum perforatum. Kostaldean zein mendian hazten da, bide-ertzetan, zelaietan, leku lehorretan eta eguzkitsuetan. Maiatzaren amaieratik abuztuaren erdialdera arte loratzen da. “San Joan belarra” esaten zaio, batez ere garai horretan loratzen delako. Lorea biltzen da, baina hostoak ere erabil daitezke. Bere propietateak direla eta, oso sendabelar preziatua da.

Barne-erabilerak:

Propietate bizigarriak ditu eta horregatik erabiltzen da depresioari eta tristurari aurre egiteko. Asma, bronkio-arazoak edo hotzeria badugu, infusioa lasaigarri moduan har dezakegu. Era berean, lagungarria da santio belar-olioa erabilita bularrean, bizkarrean edo eztarrian masajea ematea. Bestalde, infusioak odol-zirkulazioa aktibatzen du eta, hortaz, barizetarako erabil daiteke; olioa erabilita ere masajea eman dezakegu. Azkenik, infusioa ona da hesteetako arazoak, haizeak, bihotzerrea eta digestioa arintzeko.    

Kanpo-erabilerak:

Lagungarria da erreuma, ziatika, lunbagoa eta belarrietako eta giharretako mina arintzeko: santio-belar olioa erabilita masajeak eman ditzakegu minduta dugun eremuan. Belarrietako minerako, tanta bat bota dezakegu belarrira. Orbaintzailea da eta, beraz, kolpeetarako eta erreduretarako erabil dezakegu. Minduta dugun eremuan olioa bera edo olioz igurtzitako gasak ezar ditzakegu. Era berean, hostoak txikitu, eta kataplasma egin dezakegu. Egunean hiruzpalau aldiz ipini behar dugu.  

Errezetak

Infusioa: litro erdi uretan ipiniko ditugu hiru adaxka eta eztia gehituko dugu. Beste neurri zehatzago bat hau izango litzateke: ur litro bakoitzeko 15-20 g hosto. Egunean gehienez hiru aldiz edan daiteke; hala ere, kontuz! ez gainditu dosia, erabili kantitate zehatzak eta ez hartu denboraldi luzean.

Olioa: Baliagarria da mina, erreuma eta ziatika arintzeko. Litro erdi oliba-olioa eta 150 g santio belarra nahasi behar ditugu, eta eguzkitan gutxi gorabehera hilabetean izan. Egunero eragin beharko dugu. Olioa iragazi, eta poto batean gordeko dugu.

“Sanjuanera”

Oso ukendu ezaguna da Euskal Herrian, ohikoa eta preziatua. Santio belarraz gainera, azaleko gaitzak arintzeko onak diren hainbat osagai ditu; errezeta asko daude. Ukendua egiteko, olioa egiteko errezetari jarraituko diogu, baina beste landare batzuk gehituta, hala nola, erromeroa, malba, hilerri-lilia, ereinotza, asuna, intsusa, plantaina, berbena limoiusain, menda, mantzanilla, izpilikua eta aloea. Landareak txikituko ditugu. Litro olio bakoitzeko 300 g landare (freskoa) beharko dugu; hala ere, iritzira ere egin dezakegu: olioak ondo estali behar ditu loreak, hiruzpalau hatzamar gainetik. Maria bainuan ipiniko dugu, su motelean, olioak landareen propietateak har ditzan. Sutan bizpahiru ordu izango dugu. Noizean behin eragingo dugu eta adi egongo gara olioa larregi ez berotzeko. Olioa iragazi eta olio litro bakoitzeko 100-125 argizari gehituko dugu. Maria bainuan ipiniko dugu, su motelean, harik eta argizaria urtzen den arte. Potetan sartu, eta hozten denean itxiko dugu. Leku fresko eta siku batean gordeko dugu, eta hurrengo bizpahiru urteetan erabili ahal izango dugu. Hauek arintzeko balio du: erredurak, urradurak, ziztadak, ubeldurak, hainbat min, lunbagoa, bihurrituak, erreuma eta azaleko gaitzak. 

Ez erratu

Hostoak kontraargian begiratuz gero, zulotxo txiki batzuk ikusiko ditugu. Zulotxo txiki horiek lagunduko digute beste lore horidun landare batzuekin ez nahasten.

Kontraindikazioak

Landarea hartu ondoren ez gara eguzkitan egongo, eragin fotosentikortzailea duelako eta, ondorioz, azalean orbanak atera daitezkeelako.

Belarrak eta landareak batzeko aholkuak

Orokorrean: hartu ondo ezagutzen duzuna; hartu neurriz eta soilik lekuan asko badaude; ez eraman dena, utzi beti zerbait; hartu bakarrik erabiliko duzun landarearen zatia; ez atera sustraitik, moztu ondo hazten jarrai dezaten; ez moztu loreen % 20 baino gehiago, zuhaitzak edo zuhaixkak badira; hartu bakarrik erabiliko duzuna, geroago itzuli zaitezke, edo beste leku batzuetara joan; ez jaso gune babestuetan edo parke naturaletan.

Non: larreetan eta autorik pasatzen ez den bide-ertzetan; goldatu gabeko basoetan; toxikorik erabiltzen ez den ortuetan eta lorategietan; INOIZ EZ areketan, fumigatutako landetan eta ibaiertz kutsatuetan.

Noiz: goizean, ihintza sikatu ondoren; hartu hostoak erabiliko ditugun egunean berean; hartu loreak goizean eta sustraiak arratsaldean; landareak gorde edo sikatzeko, hobe da ilbehera denean jasotzea.

Materialak: eskularruak, artaziak, paperezko oihalezko poltsa, zumezko saskiak…

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).