Elikagaiak horietan gordetzen ditugu, edariak hoztu, izotz-puskak egin… Baina nola moldatzen ziren aurretik? Egia esan, ahal zuten moduan. Okela eta arrainak gatzunetan sartu ohi zituzten gatzak kontserbatu zitzan, edo lehortzen utzi, usteldu ez zitezen; mendiko gaztainak, esaterako, kirikinoetan gordetzen zituzten iraunarazteko. Eta zelan lortzen zuten izotza? Lortu ezin zenez, mantendu egin behar zuten; hau da, izotza neguan batu eta elur-zuloetan edo neberetan urte osoan mantendu. Denak antzekoak ziren: mendiko berezko zuloak aprobetxatzen ziren, edo zuloak egin, 4-8 metroko sakonerakoak eta 4-6 metroko diametrodunak. Zuloak harriz forratzen ziren eta beheko aldean hustubidea zuten, elur urtua handik ateratzeko. Bestalde, elurra zapaltzen zen gogortu zedin, eta, irak edo hostoak erabilita, blokeetan banatzen zen, geroago errazago apurtu ahal izateko. Sabairik ez zeukatenak tapatzen ziren eguzkitik babesteko. Elur-zulotik ateratzeko, izotza blokeetan mozten zen, poleez edo eskailerak baliatuta igo, eta mandoetan kargatu herrietara eramateko.
Erabilpenari dagokionez, jakiak kontserbatzeaz gain, hainbat udalek osasun arrazoiengatik agindu zuten elur-zuloak egitea. Izan ere, medikuek estimutan zuten elurra, besteak beste, sukarrak behera egiteko, botikak hotz hartzeko eta traumatismoak eta meningitisa artatzeko. Era berean, tabernetan, bainuetxeetan eta erromerietan modan jarri ziren limonada hotzak (Orozkoko txanbilak edo garrafak oraindik dira ezagunak). Izotza denetarako behar zen.
Inguruko mendietan aurkitu ditzakegu elur-zuloak. Pagasarri eta Ganekogortakoek Bilbo hornitzen zuten; Gorbeiakoek, Arratia eta Bilbo; Urkiola ingurukoek, Durango; Otxandiokoek, Durango zein Gasteiz; Oiz mendi ingurukoek, Gernika; Kolitza mendikoek, Balmaseda; Salbada mendilerrokoek, Urduña… Batzuk desagertu dira, eta beste batzuk erraz bisitatu daitezke, adibidez, Otxandion, Urkiolan, Pagasarrin, Mugarra azpian… Apur bat gehiago kostatzen da beste batzuk topatzea: Gorbeian, esaterako, ederrak daude, baina nahiko ezkutatuta; Pagomakurre eta Lekanda mendiaren artekoa da bat, ondoko argazkiko Areatzako elurzuloa, eta bestea, Itxinako elur-zulo natural itzela.
Ibilbide honetan bi elur-zulo ikusiko ditugu. Urkiolan hasiko gara, Santutegi ondoan. Pago artean 80 metro egin eta berriztatutako elur-zuloa aurkituko dugu, azalpen-panela eta guzti. Ibilbidearen bigarren elur-zuloa ikusteko, Dimako lurretan eta paraje zoragarrian dagoen Neberazarra, apur bat gehiago ibili beharko dugu.
Santutegitik hegoalderantz, errepidea gurutzatuko dugu eta bideari jarraituko diogu. Onena da PR-BI 83 marka hori-zuriei jarraitzea, ondo markatuta daude eta. Saibi tontor ondotik pasatuko garenez, gurutzeraino igotzea merezi du, eta bistaz gozatu (954 m). Hor, gerran, bataila odoltsuak gertatu ziren eta lurrean oraindik sumatu daitezke trintxeren karkabak.
Aurrera eta beherantz egingo dugu basotik. Pista zabalago batera helduko gara eta laster, ezkerretara, basakorta baten erdiko harri dotorea aurkituko dugu. Segidan Akalarrako bordara helduko gara. Eskuineko pista hartuko dugu, eta markei jarraituz, laster pista utzi eta ezkerretara eginez pagadi eder batean sartuko gara. Beste basakorta bat, oraingoan eskuinaldean.
Hortik aurrera ezin ederragoa da bidea, baina ez da hain erraza ibiltzea eta hari jarraitzea. Behera egingo dugu, gora, eta berriro behera, ezkerretik datorren pista zabal batera heldu arte. Aurrean izango dugun lepo ederrean dago Neberazarra elur-zuloa: kontuz, zeren lepoaren beste aldean dago. Bertara begira imajinatu ahal dugu nola garai batean izotz-blokeak hormetan zintzilik dauden eskaileretatik gora igotzen zituzten. Itzela.
Bertan dagoen Ezkumin-Izoztegi (915 m) tontortxoraino igoko gara, eta bistaz gozatu. Orain, bi aukera ditugu: etorritako bidetik Urkiolara itzuli (6,5 km) ala aurrera jarraitu eta Mañariraino jaitsi (5 km eskas). Bigarrena aukeratuz gero, pistari jarraitu beharko diogu, besterik ez, behera eta behera. Une batean, Mañaritik Dimara doan pistarekin egingo dugu topo. Guk eskuinera egingo dugu, PR-BI 84tik Mañarirantz. Berriro behera eta behera, eta hurrengo egunean, hanketako mina. Urkiolara itzultzeko, ia orduero irteten da autobusa Mañaritik.
Beste aukera bat da Mañaritik hastea: elur-zuloraino errazago helduko gara, baina kontuan hartu 700 metroko desnibela dagoela. Zuek aukeratu, eta pentsatu gaur egun izotza zein erraz lortzen dugun.