Herbarioa

Izpilikua

t: Txiribita; a: Anastasia Shuraeva (Pexels) 2022ko uzt. 27a, 10:01

Lavandula sp. Mediterraneoko landarea da. Berrogeita hamar barietate baino gehiago daude eta oso usaintsua da. Ia metro bateko altuera ere izan dezake. Erraza da zaintzen: eguzkia gustatzen zaio eta ez da beharrezkoa asko ureztatzea, asterik edo bi asterik behin. Udan loratzen da, gutxi gorabehera ekainetik irailera bitartean. Hostoak eta loreak udan biltzen dira; loreak loratu bezain pronto hartu behar dira. 

Sukaldean

Infusioa hantura-kontrakoa eta digestio-laguntzailea da. Beraz, oso egokia da otorduen ostean hartzeko – kamamilarekin, mendarekin…–, baina izpilikua erabilita oso edari freskagarria ere egin dezakegu:

Izpiliku- eta limoi-ura: katilukada bat irakindako ur, 3 limoi-ur, bi koilarakada izpiliku-lore, litro bat ur, izotza eta azukrea. Kazola batean katilukada bat ur eta koilarakada bi azukre ipini, eta eragingo dugu azukrea urtu arte. Bost minutuan irakingo dugu. Sua amatatu, eta 30 minutuan izango dugu hozten. Pitxar batean ipiniko dugu izotza, limoi-ura eta prestatu dugun infusioa. Azkenik, litro bat ur gehituko dugu, eta limoi-xerrez hornitu. Arrosa koloreko edaria da, eta izpiliku-motaren arabera zapore fuerteagoa edo suabeagoa izango du.    

Ezaugarri sendagarriak

Antiseptikoa da, hantura-kontrakoa, lasaigarria, antibirala, lehorgarria, diuretikoa, digestio-laguntzailea eta orbaintzailea.

Barneko erabilera sendagarriak: infusioa edan daiteke buruko mina arintzeko, zorabioak, digestio-astunak… Erlaxatzeko edo insomniorako, bainuak hartu ditzakegu (gorputz osoa ala bakarrik oinak).

Infusioa: 20-30 g lore eta hosto eta litro bat ur. Ura irakiten denean, loreak eta hostoak gehituko ditugu. Sutatik kendu, estalkia ipini, eta 10 minutuan izango dugu jalkitzen. Egunean bizpahiru edalontzi txiki edango ditugu. Ez da luzaroan hartu behar.

Kanpoko erabilera sendagarriak: onuragarria da azalerako eta ilerako. Izpilikua erabilita, olioak, baltsamoak, ozpinak eta beste erremedio batzuk prestatu daitezke, eta hauek arintzeko erabili: aknea, psoriasia, zauriak, erredurak eta intsektuen ziztadak.  

Izpiliku-olioa: masajeak lagungarriak dira azaleko arazoetarako, kolpeetarako, artikulazioetarako minerako eta odol-zirkulazio txarrerako. Ontzi batean loreak ipini, eta oliba-olio birjina estraz estaliko ditugu (edo 40 g lore eta hosto, litro erdi oliotan). Hogeita hamar egunean izango dugu beratzen, eta egunero eragin. Ondoren, ondo iragazi, eta pote batean gordeko dugu.  

Izpiliku-ozpina: litro erdi ozpinetan (kalitate onekoa) lore-eskukada handi bat beratuko dugu. Hiru aste igarota, ondo iragazi, eta gordeko dugu. Antiseptikoa da, fungizida eta parasitoen aurkakoa. Zauri txikiak osatzeko erabili daiteke, ziztadak, azaleko onddoen kontra eta ilerako toniko moduan. Bestalde, sukaldean ere erabili dezakegu, entsaladak edo beste plater batzuk ontzeko.

Ortuan

Polinizatzaileak erakartzen ditu. Intsektizida moduan ere erabil daiteke (infusioa egin, 250 g hosto eta lore siku eta 10 litro ur erabilita), batez ere landare-zorrien edo kotxinilen izurritearen hasieran. Hektarea bakoitzeko diluitu behar dira 10 litro infusio 200 litro uretan.

Bitxikeriak

Intsektizida eta sitsen kontrakoa da. Oihalezko saku txikietan loreak sartu daitezke, eta armairuetan eta jantzitegietan ipini.

Kontraindikazioak

Ez da komenigarria barruko izpiliku-tratamenduak luzaroan hartzea, ezta adieraziko kantitateak baino gehiago hartzea.

 

Belarrak eta landareak batzeko aholkuak

Orokorrean: hartu ondo ezagutzen duzuna; hartu neurriz eta soilik lekuan asko badaude; ez eraman dena, utzi beti zerbait; hartu bakarrik erabiliko duzun landarearen zatia; ez atera sustraitik, moztu ondo hazten jarrai dezaten; ez moztu loreen % 20 baino gehiago, zuhaitzak edo zuhaixkak badira; hartu bakarrik erabiliko duzuna, geroago itzuli zaitezke, edo beste leku batzuetara joan; ez jaso gune babestuetan edo parke naturaletan.

Non: larreetan eta autorik pasatzen ez den bide-ertzetan; goldatu gabeko basoetan; toxikorik erabiltzen ez den ortuetan eta lorategietan; INOIZ EZ areketan, fumigatutako landetan eta ibaiertz kutsatuetan.

Noiz: goizean, ihintza sikatu ondoren; hartu hostoak erabiliko ditugun egunean berean; hartu loreak goizean eta sustraiak arratsaldean; landareak gorde edo sikatzeko, hobe da ilbehera denean jasotzea.

Materialak: eskularruak, artaziak, paperezko oihalezko poltsa, zumezko saskiak…

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).