Ardia, bestalde, intsektu bizkarroia ere bada, arkakusoa edo kukusoa deitua; pertsonei eta zenbait animaliari odola zurrupatzen diena.
Kontua da –orain txakurrez inguraturik bizi garenean– Mirenek eta Xabierrek jarraian datorren elkarrizketa izan dutela:
–Miren: Txakurra erosi duzu, Xabier?
–Xabier: Bai, ardi-txakurra!
–Miren: Baina ez daukazu ardirik-eta!
–Xabier: Berak txakurrak ekarriko ditu.
Edozelan ere –hasierako harira itzuliz–, artzaina ardiak zaintzen dituen pertsona dela esaten da, baina artikulu honetan ardi-jagolea erabiltzea egokiagotzat jotzen dugu. Gertatzen da artzain berba zabalduago dabilela ardi-jagole baino, zaindu jagon baino sarriago entzuten delako eskolan. Nahiz eta Euskaltzaindiaren bi sailak Iker Saila eta Jagon Saila diren, Jagon Saila izanik euskararen estatus sozialaz arduratzen dena.
Historiara jotzen badugu, Kristo aurreko VII. milenioan baziren ardiak. Izatez, mundu zabaleko ugaztun hausnarkaria da; 1.200 milioi buru ari dira belarra jaten. Orduan, ardi euskaldunik, hau da, euskal kulturakorik, ez ote da? Euskal izatea ez ote da unibertsal izatea? Kultura bakoitzeko sinbologian, literaturan, tradizioan, presentzia berezia du ardiak nahiz artzainak.
Hara, euskaraz bizi diren euskaldunei ardia entzutean, hots bereko hitzak edo kide direnak egingo diete oihartzuna beraien belarrietan: ardia; erdia, eguerdia, izerdia. Ostera, “Oveja” entzuten duenak, erraz gogora lezake: “Cada oveja con su pareja”; edo “sheep” entzunik zalantza: “ship” ala “sheep” idatzi? Euskal kulturan bizi bazara, kultura unibertsaleko ardia geurea ere izango da, baina gure kulturako berezitasunak dituena.
Ardiak eta artzainak eragin handia dute gure kulturan: manex ardia ardi mota bat da, eta manexa Zuberoakoa ez den euskara; Donostian “Artzain Ona” eliza bada. Atsotitzetan dozenaka esaldi indartsu dauzkagu: “Ardia ahuntzari ile eske”; “Ardi galdua!”; “Ardi erren asko bada, ardi-jagole txarra”.
Hau lehorte beldurgarriau amaiturik, euria etorriko denean, ardi-txabolan Erronkari gazta jaten ibiliko dira ardi-txakurra eta ardi-jagolea!