XIX. mendean, karlistaldiak edo gerra karlistak gertatu ziren Euskal Herrian: lehenengoa, 1835-1839 artean, eta azkena, 1872-1876 bitartean. Karlos erregearen alde (karlistak) edo Isabel erreginaren alde (liberalak) egotea zen aitzakia. Baina, zalantza barik, gauza gehiago zeuden jokoan. Mundu eta balio tradizionalak defendatu zituzten karlistek; ideia liberalak eta komertzio era berria, liberalek. Foruen eta ordura arteko mugen alde egin zuten karlistek; foruak desegin eta mugak aldatzearen alde, liberalek.
Gerra haien ondorioak gogorrak izan ziren herritarrentzat: milaka hildako, gosea, udalerriak zorrez beteta, mendi publikoak pribatizatzea eta euskal foruak kendu izatea. Hiriburuek, bereziki Donostiak eta Bilbok, liberalen alde egin zuten hasieratik. Ez da harritzekoa, itsas portua zutelako, eta merkataritzan interes handiak. Karlistentzat oso garrantzitsua zen Bilbo menderatzea. Tomas Zumalakarregi bera bidali zuten, eta Begoña inguruan belaunean jasandako zauri baten ondorioz hil zen.
Karlistek behin eta berriz saiatu ziren Bilbo hartzen. Horretarako, inguruan gotorlekuak eraikitzeari ekin zioten bi bandoek. Garai hartan erabilitako 19 gotorleku kontatu dira; haietako asko, Txorierri inguruan. Santo Domingon, Pikotamendin (haize errotaren ondoan) eta Cabras mendian gotorlekuak zeuden, nahiz eta gaur egun horien arrastorik ez egon. Aixpurun ere (Arriagatik Astrabuduara doan bidean) oso eraikuntza handia zegoen, gaur egun arrasto txikia baino ez dena. Enekuri inguruan erraz aurkitu daitezkeen beste bi ditugu: San Pablokoa eta Elorriaga/Banderasekoa.
Avril mendikoa kasu berezia da. Napoleonen garaian, Jean Jacques Avril gobernadore frantsesak agindu zuen eraikitzea. Karlistaldian ere erabili zen. Barruan antena batzuk dituen arren, ez da asko aldatu. Arraiz eta Arnotegiko gotorlekuak urrunago daude, baina bisitatzea merezi du.
San Pablo gotorlekua / Lutxanako bataila
Txorierritik Enekurirantz begiratuz gero, mendi tontortxo bat ikusten da. Baina ez da naturala: gotorleku bat zegoen bertan, orain jausita eta erdi estalita dagoena. Bere oinetan, 1836an, Lutxanako bataila ospetsua gertatu zen. Karlistek, Egia jeneralaren agindupean, Bilbo setiatu zuten. Liberalen armada Portugaletera heldu zen azaroaren 25an, Esparteroren agindupean, eta hainbat saiakeren ostean, abenduaren 25an San Pablo gotorlekua okupatu eta karlistek handik alde egitea lortu zuten.
Oraingo honetan, 6,5 kilometroko ibilbide erraza proposatzen dizuegu, eta San Pablo eta Elorriaga/Banderas bisitatu.
Sondikako Zangroiz auzora joango gara, hainbat pabiloi pasatu ondoren, presa eta parke biribil txikia dauden lekuraino. Ibilaldia hasi aurretik, ez ahaztu Erdi Aroko bertako zubia zeharkatzea: ondoko zubiak uholdeak eroan zituen arren, zutik jarraitzen du han, nahiko inguru degradatu batean bada ere.
Gorantz doan bidea hartuko dugu eta etxe batzuetatik igaro ostean, ezkerreko baserriaren ondoan (300 m) geldituko gara. Zangroniz (orain Zangroiz deitu arren garai baten Sangroniz-tarren leinua zen) leinuaren dorrea ei zen, eta, altura galdu arren, harrizko hormak eta leiho ederrak ditu oraindino.
Aurrera egingo dugu. Autobiaren gainetik pasatuko gara eta laster eskuinetara joko dugu, eta gero, ezkerretara: Erandioko Faoeta auzora heldu gara. Beherantz eginez gero, Enekuriko bidera aterako gara; beraz, guk ezkerretara egingo dugu, gorantz, eta laster San Bernabe ermita ikusiko dugu (1.500 m). Ermita hori, garai batean San Pablo deitutakoa, karlistaldian hondatu zuten eta luzaroan egon zen konpondu barik.
Hortik aurrera asfaltoa utziko dugu. Lurrezko pisten artean zuzen gora doana hartuko dugu. Apur bat aurrerago, 350 m, pista utzi eta ezkerretara, ondo zapaldutako bidezidorretik gora egingo dugu. Laster helduko gara San Pablo gotorlekua zegoen lekuraino. Horma zahar baten arrastoak ikusiko ditugu. Goraino igo, merezi du eta. Itzulia eman dorrea zenari, fosoa deskubritu eta gozatu dauden bistekin. Ez da harritzekoa hemen egitea gotorlekua.
Hortik aurrera asfaltoa utziko dugu. Lurrezko pisten artean hartuko dugu zuzen gora doana. Apur bat aurrerago, 350 metrora, pista utzi, eta ezkerretara bidezidor argi batetik gora egingo dugu. Laster helduko gara San Pablo gotorlekua zegoen lekura. Horma zahar baten arrastoak ikusiko ditugu. Goraino igoko gara, merezi du eta. Dorrea zenari buelta emango diogu, eta bertako ikuspegia gozatu. Ez da harritzekoa gotorlekua hor egin izana.
Utzitako bidezidorretik gora jarraituko dugu. Bernak agirian dituzuenek kontuz ibili otearekin. Ez dago bide argirik, asko daude zabalduta, eta aukeratu beharko dugu garbien dagoena, ote gutxien duena. Sanpablomendiko tontorrera helduta, buzoia eta guzti, argi ikusiko dugu hurrengo helmuga: antenak dauden tontortxoa. Apurka-apurka, jaisten hasiko gara ondo markatutako bidezidorretik. Otearen baimenarekin helduko gara Enekuritik Artxandara doan errepidera. Hori gurutzatu, eta belar artean dagoen bidezidorra hartuko dugu. Helburua da goiko antenetara ailegatzea eta haietara hurbildu ahala ikusiko ditugu harrizko hormak: Elorriaga/Banderas gotorlekukoak dira.
Itzulia gotorlekuaren eta antenen atzeko aldetik egin beharko dugula, San Inazio auzoaren gainean gaudela emango du une batzuetan. Porlanezko bidetik jarraituta laster egongo gara Berriz auzoan. Ez ikaratu, tiro-hotsak entzunez gero, inguruan tiro-praktikak egiteko gunea dago eta. Errepidera heldu, eta Artxandarantz egingo dugu. Ibilgailu-praktikak egiteko pistak pasatu, eta ezkerreko bidea hartuko dugu. Hainbat bihurguneren ostean, Zangroiz auzoan izango gara berriro.