Txorierriko etxez etxeko laguntza zerbitzuaren langileak greban daude

Aikor aldizkaria 2023ko urt. 4a, 12:42

Etxez etxeko laguntza zerbitzuaren langileak greban daude eta gaur Txorierriko Zerbitzuen Mankomunitatearen egoitzan, Derion, batu dira bere egoeraren berri emateko. 2015etik ez diete soldata igo eta gainera euren autoa erabili behar dute mendekotasuna duten pertsonak artatzera joateko. Euren esanetan, patronalak ez du negoziatu nahi izan eta Mankomunitatearekin bilera egiteko eskatu badute ere, oraindik ez diete hitzordurik eman. Hitzarmen duin bat aldarrikatzen dute. Greba Txorierrin ez ezik Bizkaian ere egin dute.  



Txorierriko Zerbitzuen Mankomunitateak enpresa bat kontratatzen du etxez etxeko zerbitzua emateko. “Lizitazioaren aurrekontua handitu da, baina langileon soldatak 2015etik daude izoztuta. Patronalak % 3ko igoera eskaini digu, baina ez da nahikoa. Ordutegiak egun batetik bestera aldatu ahal dizkigute, enpresaren beharrizanen arabera; beraz, oso zaila da kontziliazioa eta lanorduetatik kanpo bizitza normala egitea”, esan dute langileek.   

Guztira, 25 lagun daude etxez etxeko zerbitzuan lan egiten: batzuk, behin betikoak; eta beste batzuk, behin-behinekoak. Azken horiek ezjakintasun erantsia dute, ordu gutxiko kontratuak dituztelako eta enpresak kontratuak noiznahi aldatu ahal dituelako, hau da, “ez dakite zenbat kobratuko duten hilaren amaieran”. Langileek lan fisikoa egin behar duten arren, bizkarreko minak ez dira laneko gaixotasuntzat hartzen. 

Langileen beste eskaera bat enpresako autoa izatea da. “Autoa erabiltzea behar-beharrezkoa da, baserrietara joateko garraiobide publikorik ez dagoelako. Guri auto propioa erabiltzea eskatzen digute eta horren truke 0,28 zentimo ematen dizkigute kilometroko. Eta erabiltzaile baten etxetik beste baten etxera arte hiru kilometro ez badaude, ez digute ordaintzen. Horri lotuta, denbora pila galtzen dugu aparkatzen eta hori gure jardunaldiaren barruan dago. Lotsagarria da”. 

“Pandemian funtsezkoak izan ginen: gure lana profesionaltasunez eta arduraz egin genuen eta gure osasuna arriskuan jarri genuen, baina orain patronalak eta erakunde publikoek ez digute kasurik egiten”, aipatu dute langileek. Txorierriko langileak autoz ibiltzen dira herriz herri, euren egoeraren berri ematen eta hitzarmen duin bat aldarrikatzen. 

 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).