Azaldu moduan, “enpresak lan-antolaketari lotutako hobekuntzak egiteko asmoa adierazi du, eta Mankomunitateak, aparkatzea errazteko asmoa, baina ez dute arlo ekonomikoko hobekuntzarik aitatu”. Horregatik erabaki dute grebari eta mobilizazioei ekitea. Gaur Derioko Kultur Birikan batu dira eta 11:00etan auto-karabana egingo dute Sondikaraino. Hango batzokian batuko dira 12:00etan eta sinadurak batuko dituzte. Arratsaldean, Larrabetzun batuko dira 18:00etan, eta han ere sinadurak jasoko dituzte.
Bihar, otsailak 14, 10:15ean elkartuko dira Loiuko udaletxearen ondoko aparkalekuan eta auto-karabanan aterako dira Derioraino. Hango azoka txikia ipintzen den gunetik irtengo dira manifestazioan, 12:00etan, Mankomunitatearen egoitzaraino eta Derioko udaletxeraino. Sinadurak batuko dituzte. Arratsaldean, 18:00etan elkartuko dira Zamudion, eta sinadurak jasoko dituzte. Eguaztenean, otsailak 15, auto-karabanan aterako dira Deriotik, Sondikako udaletxetik pasatu, eta 12:00etan Zamudioko udaletxean batuko dira. Sinadurak batuko dituzte bertan, baita arratsaldeko 18:00etatik aurrera ere Derion.
Eguenean, otsailak 16, 11:00etan elkarretaratzeko dira Loiuko udaletxearen aurrean. Ondoren, auto-karabanan aterako dira eta 12:30ean manifestazioa egingo dute Mankomunitatearen egoitzaraino eta Derioko udaletxeraino. Sinadurak jasoko dituzte. Arratsaldeko 18:30ean elkarretaratzea egingo dute Lezamako plazan, eta sinadurak batu. Azkenean, barikuan, otsailak 17, autoen karabana egingo dute Deriotik, eta 12:00etan, manifestazioa Mankomunitateraino eta Derioko udaletxeraino. Sinadurak batzen jarraituko dute.
Txorierriko Zerbitzuen Mankomunitateak enpresa bat kontratatzen du etxez etxeko laguntza-zerbitzua emateko, eta langileek urtarrilean ere hainbat mobilizazio egin zituzten, euren lan-baldintzak salatzeko. Esan dutenaren arabera, 2015etik ez diete soldata igo, eta, bere beharrizanen arabera, enpresak lan-ordutegia egun batetik bestera aldatu ahal die. Era berean, euren autoa erabili behar dute mendekotasuna duten pertsonak artatzera joateko, eta kilometroko 0,28 zentimo ematen diete.
Txorierriko etxez etxeko zerbitzuak guztira 25 langile ditu: batzuk behin betikoak dira, eta beste batzuk, behin-behinekoak. Azken horiek ezjakintasun erantsia dute, ordu gutxiko kontratuak dituztelako eta enpresak kontratuak noiznahi aldatu ahal dituelako; hortaz, ez dakite hilaren amaieran zenbat kobratuko duten. Azkenik, salatu duten moduan, “lan fisikoa egin arren, bizkarreko mina ez da laneko gaixotasuntzat hartzen”.