Hori dela eta, grebara deitu dute aste honetarako eta herriz herri hainbat ekintza egiten dabiltza, hala nola autoen karabanak, elkarretaratzeak eta sinadurak jasotzea. Gaur goizean, Zamudioko udaletxearen aurrean batu dira eta arratsaldean Derion elkartuko dira. Bihar, otsailak 16, 11:00etan elkarretaratzeko dira Loiuko udaletxearen aurrean. Ondoren, auto-karabanan aterako dira eta 12:30ean manifestazioa egingo dute Mankomunitatearen egoitzaraino eta Derioko udaletxeraino. Sinadurak jasoko dituzte. Arratsaldeko 18:30ean elkarretaratzea egingo dute Lezamako plazan, eta sinadurak batu. Azkenean, barikuan, otsailak 17, autoen karabana egingo dute Deriotik, eta 12:00etan, manifestazioa Mankomunitateraino eta Derioko udaletxeraino. Sinadurak batzen jarraituko dute.
Txorierriko Zerbitzuen Mankomunitateak enpresa bat kontratatzen du etxez etxeko laguntza-zerbitzua emateko, eta langileek urtarrilean ere hainbat mobilizazio egin zituzten, euren lan-baldintzak salatzeko. Esan dutenaren arabera, 2015etik ez diete soldata igo, eta, bere beharrizanen arabera, enpresak lan-ordutegia egun batetik bestera aldatu ahal die. Era berean, euren autoa erabili behar dute mendekotasuna duten pertsonak artatzera joateko, eta kilometroko 0,28 zentimo ematen diete.
Txorierriko etxez etxeko zerbitzuak guztira 25 langile ditu: batzuk behin betikoak dira, eta beste batzuk, behin-behinekoak. Azken horiek ezjakintasun erantsia dute, ordu gutxiko kontratuak dituztelako eta enpresak kontratuak noiznahi aldatu ahal dituelako; hortaz, ez dakite hilaren amaieran zenbat kobratuko duten. Azkenik, salatu duten moduan, “lan fisikoa egin arren, bizkarreko mina ez da laneko gaixotasuntzat hartzen”.