Menditik patxadaz

Mundu megalitikoa

t/a: IƱaki Olabarrieta eta Jose Angel Mentxaka 2023ko ots. 23a, 09:10

Zer da megalitismoa? Gure arbasoek Historiaurrean egindako eraikuntzak di­ra, harrizkoak eta landu gabeak. Batzuk zehaztuko ditugu:

Zutarria edo iruinarria ere deitua, menhirra da lurrean zutik jarritako harri­tzarra. Ez dakigu ondo bere funtzioa zein zen. Mugarria zen? Menditik gidatzen zituen ibiltariak? Kulturen bat?

Gainerako eraikuntzen funtzioa, be­rriz, –tumuluak, dolmenak eta crom­lechak– argi dago eta heriotzarekin zeri­kusia zuten: garai bateko hilerriak izan zi­ren.

Tumulua: dirudienez, mendian ar­tzain­en bat hilda agertzen zenean, gor­pua estaltzen zuten haren gainean lurra eta harriak ipinita. Tontortxo bat sortzen zen, eta, dakigun moduan, azpian gor­pua zegoen. Bestalde, harriz eta lurrez estalitako beste mota batzuetako eraikun­tzei ere tumulua esaten zaie. 

Dolmena edo trikuharria: bizi ziren inguruan dolmenak eraikitzen hasi ziren ko­munitateak. Helburua zen ganbara bat egitea bertan gorpuak sartzeko. Ha­rriak goitik behera jartzen ziren hasieran (ortostatoak), eta lurrez eta harriz ingu­ratu. Azkenik, harritzar bat –edo gehiago– igotzen zen haien gainean, ganbara es­taltzeko. Trikuharri barruan gorpu bat bai­no gehiago izaten ziren, eta gorpuak ekialdean zegoen ate edo galeria batetik sartzen ziren. 

Cromlech edo harrespilak: Burdin Aroan, gorpuak ehorzteko modua alda­tu zen. Gorpuak erre egiten ziren, eta errau­tsak harriz egindako toki txikietan lur­peratu; inguruan beste harri batzuk jar­tzen ziren borobilean. Ez dakigu zein erri­tu era­bil­tzen zuten, baina argi dago sin­bologiaz be­teriko lekuak direla. 

Uste da menhirrak, tumuluak eta dol­menak orain dela 3.000-5.000 urte erai­ki zirela, Brontze Aroan; Cromlechak be­rriagoak dira, Burdin Arokoak, Kristo au­rre­ko 800. urtetik aurre­ra­koak.   

Mundu osotik barreiatuta, Euskal He­­rri­ko bazter guztietan aurkitu ditza­ke­­­gu halakoak, mendietan bereziki. Ba­tzuk aipatzearren: Sorginaren txa­bola eta Sor­ginetxeko trikuharria, Ara­ban; Erre­ka­txue­tako trikuharria eta Kurtze­ganeko zu­tarria, Gor­beia inguruan; Okabeko crom­lech-mul­tzo ederra, Nafarroa Behe­rean, eta Men­diluzekoa, Entzian (Araba). Duela gu­txi Oiz inguruan aurkitu da Bizkaiko lehen crom­­lecha. 

Txorierri inguruan ere badugu zer ikusi: Hirumugarrietako trikuharriak, Ar­txan­dan; Munarrikolandako tumulu-tri­ku­harriak, Unben… Nahiz eta den­boraren po­derioz nahiko degradatu di­ren, men­ditik ibiltzean, patxadaz, haien on­dotik pa­satzen bagara, une batean gel­ditu gai­tezke eta hausnartu dezakegu gure ar­basoek duela milaka urte eraiki zituztela, ez gutxi kostata, euren hilak omentzeko. 

 

 

Ibilbide proposamena

Kostaldera joango gara, paraje ezin ederrago batera: Urdaibaira; Bustu­ri­ko Altamira auzora. Eliza ondoan dau­den GR-38 ibilbidearen markak aur­kitu eta jarraituko diegu. Ibilbidea oso ondo markatuta dago. “Ogia eta arraina” ibilbideko azken etapakoak di­ra, Gernikatik Bermeora doana. Etapa osoa (20 km) egin daiteke, baina gure pro­posamena da laburragoa egitea (13 km inguru). 

Markei jarraituta, Alarbin ola za­harra­ren ostean eskuinetara egingo du­gu. Men­dira sartuko gara. Kilometro-pa­re batera ikusiko dugu basakorta ba­ten erdiko harria, eta apur bat des­bi­deratzen bagara, Sorbituagako men­hir ederrarekin egingo dugu to­po. Duela gutxi aztertu eta berritu du­te, sute ba­tek apurtu egin zuen eta. Mar­kei berriro jarraituko diegu eta erre­pidea aurkituko du­gu, landetxe batzuk, eskola zahar bat, baserri batzuk, eta basoa berriro. Une batean GRa bi­tan banatuko da, eta guk, ezkerretara, Katillotxuko ton­torrera, doan bidea au­keratuko dugu. Leku ederra da, Urdai­baiko bista ezin ederragoekin. Gure arbasoek gauza bera pentsatuko zuten, zeren bertan, crom­lechetan, senideak-eta hilobiratzen zituzten, ondoan jarri­tako paneletan eder­to adierazten den bezala. 

Markek Bermeoraino jarraitzen dute (6 km eskas), baina guk eskuinetara egingo dugu, aldapa-behera zuzen eta bortitzetik, Sukarrietara heldu arte. Alta­mirara itzultzeko dauden hiruzpalau kilome­troak trenez edo oinez egin di­tza­kegu. Oinez egitea erabakiz gero, GR-123ko markei jarraituko diegu, edo zu­zenago doan bideren bat hartuko dugu. Azken zatian Madariaga Dorrea eta ekoetxea ikusteko aukera izango dugu.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).