Argi dago euren funtzioa zein zen: aleak luzaro gorde behar ziren, eta saguengandik babestu; gehienbat gari-aleak, baina baita hurrak eta beste fruitu batzuk ere. XVII. mendean, artoa landatzen hasi zenean, baserriek eraldaketa sakona jaso zuten. Artoari esker, ekoizpena asko handitu ei zen, eta ekonomia ere hobetu zen. Ordura arteko baserriak egurrezkoak ziren, baina harrizko baserri bihurtzen hasi ziren, sendoagoak. Eta, bestalde, baserrien ondoan izaten ziren garaiak kendu edo eraldatu ziren.
Zutik mantendu ziren apurrek beste funtzio bat izan zuten aurrerantzean: beheko zutabeen arteko hutsuneak harriz bete ziren, abereak han gordetzeko; egurrez egindako goiko banaketak kendu ziren; lekua lastategitzat erabiltzeko, txabolak-eta gehitu ziren, gunea handitzeko…
Ikerketa batzuei esker 66 garairen berri dugu Bizkaian. Gaur egun banaka batzuk daude; aipatzekoak dira Ibargurengoa (Etxebarria) eta Ertzillakoa (Iurreta). Azken hori berriztu dute eta egokia da garaiak nolakoak ziren ulertzeko. Nafarroan hainbat daude zutik, harrizkoak dira eta gehienak Pirinio inguruan daude. Azkenik, ezin dugu Orbaibar/Valdorbako garai ederra aipatu barik utzi.
Markinan hasiko dugu 10 kilometro ibilaldia; Illoroko Santa Marinara joan-etorria eginez gero, 3 km eskas gehiago. Etxebarrira eramango gaituen bidegorria hartuko dugu, Urko ibaiaren bidea. Merezi du patxadaz joatea, inguruaren edertasunagatik eta gauza askok etenalditxoa merezi dutelako. Haietako batzuk aukeratu ditugu eta errespetuz hurbilduko gara, asko leku pribatuak dira eta.
Erreka-ertzetik goazela, Antsotegiko jauregia eta ola-errota handia aurkituko ditugu, azken hori jatetxe-hotel bihurtuta. Merezi du sartzea eta barrutik ikustea. Handik oso hurbil dago olara ura eramateko erabiltzen zen presa. Errekan zehar errota izandako hainbat baserri daude. Esate baterako, industriagune txiki batera heldu baino lehen, ezkerretik apur bat desbideratuz gero, aurkituko dugu bat, bi ardatzetakoa.
Bidegorrira itzulita, Etxebarrin sartu-atera egin, eta errepide-bazterretik Barinagara doan bidegorritik jarraituko dugu. Bidegorria amaitzen denean, errepidetik segituko dugu. Eskuinaldean Santa Engrazi ermita dago, eta handik metro gutxira, ezkerrean, dagoen baserrira joango gara. Hori ere errota izan zen, eta ur-jauzia bideratzeko harrizko hodia ederto ikusten da. Oso hurbil, eskuinean, Ibargurengo garaia topatuko dugu bide ondoan. Ezin dugu esan oso ondo zainduta dagoenik, baina behintzat osorik dago.
Laster, eskuinetara egingo dugu eta PR BI-23 ibilbidearen markei jarraitu beharko diegu ibilbidea ixteko. Nolanahi ere, astirik izanez gero, merezi du aurrera jarraitu eta Illoroko Santamañe ermita bisitatzea, egurrezko kanpai-dorrea oso berezia du eta. Utzitako bidera itzuliko gara, eta 400 metro eskasera baserri bat topatuko dugu, eta bere ondoan, egurrezko txabola zahar bat. Azken hori aztertzen badugu, sorpresa!, ikusiko dugu beste garai batekoa dela eta handitu zutela. Asfaltoa utzi, eta PRaren marka hori-zuriei jarraituta, San Martin ermitara hurbilduko gara eta gero Markinara helduko gara. Eguna amaitzeko, Markina-Xemeineko Arretxinagako eliza bisitatu dezakegu: hori ere sorpresa handia da ezagutzen ez duenarentzat.