Erromanikoa Frantziako Borgoinan sortu zen, 1000. urte inguruan, Clunyko abadiako beneditarren eraginez. Frantzian XI. mendean zabaldu zen, eta Iberiar penintsulara XII. mendean eta XIII. mendearen hasieran ailegatu zen, Done Jakue bidea dela eta. Izan ere, bideak ospe handia hartu zuen eta, erromes ugari erakarrita, monasterioak zabaldu ziren, ermitak… Eta horiekin batera, arte erromanikoa. Dena den, románico hitza Charles de Gervillek erabili zuen lehen aldiz askoz beranduago, 1820an.
Penintsulan erromaniko-mota ezberdinak aurkitu ditzakegu: Pirinioetan, lonbardiar erromanikoa; Gaztelan, harrizkoa; Leoneko Sahagunen, adreiluzkoa… Euskal Herriari dagokionez, eraikin erromaniko gehienak Nafarroan eta Araban daude; Txorierrin ez daukagu, eta Bizkaian banaka batzuk daude. Azken horien artean aipatzekoak dira Galdakaoko, Fruizeko eta Barrikako parrokiak, eta Bakio inguruan, San Pelaio eta Zumetzagako ermitak, azken hori Mungiako lurretan egon arren.
Mungiatik Bakiora doan bidean, laster dugu Larrauri eta ibilbidea bertako aparkalekuan hasiko dugu. Hamar kilometro eskaseko paseo erraza da, Zumetzagako baselizaraino joan-etorrian. Markaidara eta Jatabera doan bidea hartuko dugu. Hirurehun metrora baino gutxiagora, ezkerretara, errota baten antapara ikusiko dugu; ur barik, gaur egun. Larrauriko eliza ostean, ezkerreko errepidea hartuko dugu, Jatabera doana, eta kilometro eskasera azalduko zaigu Zumetzagako ermitako bidea adierazten duen kartela, eskuinetara. Bide horretatik jarraituko dugu. Merezi du 300 metrora, eskuinean, dagoen iturbururaino jaistea: nahiz eta bide ondoan egon, ez da erraz ikusten, harrizko estaldura du eta. Aurrera egingo dugu eta asfaltoa pista bihurtuko da. Aldapan gora egin, eta pistak ermitaraino eramango gaitu arazo barik. Ermitara helduta, atzealdera joan beharko dugu erromaniko berantiarreko leihoa ikusteko. Leiho ederra da, ohi denez, landare-elementuak eta irudi ikaragarriak nahasten dituena.
Aukera ezberdinak ditugu itzultzeko: gogoa izanez gero, Jata mendia aldapa gogorretik igo dezakegu ala zuzenean Bakiora joan gaitezke inguruan hasten den baso-pistatik edo errepideari jarraituta. Guk Tallu mendia igoaz itzultzea erabaki dugu. Horretarako, ermitaren bazter batetik mendian gora doan pista hartuko dugu. Adi ibili beharko dugu, kilometro batera pista bitan banatzen da eta. Eskuinekoa hartuko dugu eta laster ailegatuko gara Tallu mendiko tontorrera. Handik behera, pistetatik jarraituko dugu eta beti eskuinetara eginez kanposantura ailegatuko gara, eta bertatik Larraurira. Gozatu ibilbideaz eta erromanikoaz!