Sukaldean
Azafraiaren ordez, lore-hostoak erabili ditzakegu arrozari kolorea emateko. Era berean, erabili ditzakegu entsaladak egiteko, zopak, gailetak, karameluak eta likoreak: kolore bizi-bizia ematen diete.
Propietate sendagarriak
Hilerri-liliak propietate orbaintzaileak ditu eta digestioari laguntzen dio. Hilekoa etortzen laguntzen du, eta gibela garbitzen. Halaber, lagungarria da barneko gaitzak arintzeko, hala nola gastritisa, urdaileko ultzera, hileko mingarriak eta udaberriko depresioak (infusioa). Azaleko gaitzak arintzeko ere bada lagungarria, esterako dermatitisa, barizeak, zauriak, bihurrituak eta ebakuntzek eragindako hanturak (olioa ipini, tinturak, konpresak edo baltsamoa).
Erabilera kosmetikoak
Loreak erabiltzen dira xanpuak, xaboiak, pomadak eta kremak egiteko. Bere olioa oso gozoa da eta horregatik erabili dezakete edozein adinetako pertsonek; ume txiki-txikiek eta adintsuek ere bai. Azal sentikorretan eta narritatuetan ezarri daiteke eta, hortaz, lagungarria da psoriasia eta ekzemak arintzeko. Halaber, propietate orbaintzaileak eta hanturaren kontrakoak dituenez, erredurak arintzen laguntzen du. Azal helduek eta sikuek ere atseginez hartuko dute prestakina, leuntasun eta elastikotasun handia ekartzen duelako; horregatik, haurdun daudenentzat ere egokia da.
Olioa prestatzeko, flasko baten bi heren lorez beteko dugu, eta gainerakoa olioz. Hamabost egunetik hogeita hamar egunera bitartean utziko dugu mazeratzen, eta egunean gutxienez behin eragingo dugu. Iragazi, eta leku ilun batean gordeko dugu.
Ortuan
Bizitza laburreko landarea izanik, hobe da ortu osoan landatzea; beste landare batzuei onura ekartzen die, adibidez tomateei, orburuei, indabei eta zalkeei.
Bitxikeriak
Calendula izena latinetik dator, calendae (egutegia) hitzetik hain zuzen, hilabete bakoitzeko lehen eguna adierazten duena. Izena landarearen loraldiari dago lotuta; loraldia ia urteko hilabete guztietan izaten da.
Belarrak eta landareak batzeko aholkuak
Orokorrean: hartu ondo ezagutzen duzuna; hartu neurriz eta soilik lekuan asko badaude; ez eraman dena, utzi beti zerbait; hartu bakarrik erabiliko duzun landarearen zatia; ez atera sustraitik, moztu ondo hazten jarrai dezaten; ez moztu loreen % 20 baino gehiago, zuhaitzak edo zuhaixkak badira; hartu bakarrik erabiliko duzuna, geroago itzuli zaitezke, edo beste leku batzuetara joan; ez jaso gune babestuetan edo parke naturaletan.
Non: larreetan eta autorik pasatzen ez den bide-ertzetan; goldatu gabeko basoetan; toxikorik erabiltzen ez den ortuetan eta lorategietan; INOIZ EZ areketan, fumigatutako landetan eta ibaiertz kutsatuetan.
Noiz: goizean, ihintza sikatu ondoren; hartu hostoak erabiliko ditugun egunean berean; hartu loreak goizean eta sustraiak arratsaldean; landareak gorde edo sikatzeko, hobe da ilbehera denean jasotzea.
Materialak: eskularruak, artaziak, paperezko oihalezko poltsa, zumezko saskiak…