EGAZ Txorierri bitartekaria da enplegua lortu edo bizitza profesionala hobetu nahi duten pertsonen eta lantaldeetan profesional berriak sartu behar dituzten enpresen artean. Horretarako, tresna berritzaileak erabili ditu azken urteotan, hala nola Talentu Play hautagaitza digitala eta bideo-curriculuma. Iaz, 1.981 lan-postutarako, 548 enpresaren eskaintzak kudeatu zituen (aurreko urtean baino % 12,76 gehiago), eta 5.209 lagunen 48.455 kontsultari erantzun zien (2021ean baino % 1,22 gehiago).
Bestalde, enplegagarritasuna hobetzeko asmoz, 357 pertsonak hartu zuten parte EGAzen prestakuntza eta orientazio-ikastaroetan eta -jardueretan. Azaldu duten moduan, “lan horren guztiaren ondorioz, 2022. urtearen amaieran Txorierriko langabezia-tasa % 7,33koa zen. Lanbideen datuen arabera, zifra hori Bizkaikoa eta Euskal Autonomia Erkidegokoa baino txikiagoa da; % 11,2 eta % 10,3 hurrenez hurren.
EGAZ Txorierrira batez ere sektore hauek jo dute: manufaktura-industria (230 eskaintza), merkataritza (195), administrazioa (145), sektore profesionalak eta zientifikoak (124), ostalaritza (124) eta eraikuntza (113). Osasunari, arteari, entretenimenduari, garraioari eta ingurumenari lotutako eskaintzak ere izan ziren. Era berean, egitasmoak egin dira hautagaiek gaitasun pertsonalak eta profesionalak garatu ditzaten, eta hortaz, enplegua sustatzeko. Haien artean daude HAZILAN (52 parte-hartzaile; %75ek lana topatu dute), 3R (115 parte-hartzaile) eta Ezagutu Aukeratzeko (185 parte-hartzaile; 30ek lana topatu dute).
Azkenik, 29 enpresa ipini dira martxan, EGAZ Txorierrik lagunduta. Enpresa horiek 63 lanpostu sortu dituzte, eta 679.500 euroko inbertsioa ekarri; diru-kopuru horretatik 454.810 euro finantziatu dira Eusko Jaurlaritzaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Europako Gizarte Funtsaren dirulaguntzei esker. Enpresak 25 urtetik eta 45 urtera bitarteko lagunek sortu dituzte sektore hauetan: ostalaritza (% 24), eraikuntza (%24), merkataritza eta ibilgailu motordunen eta motozikleten konponketa (% 14), jarduera profesionalak, zientifikoak eta teknikoak (% 10), garraioa eta biltegiratzea (% 7), informazioa eta komunikazioa (% 7), osasun-jarduerak eta gizarte-zerbitzuak (% 4) eta manufaktura-industria (% 3). Gehienek, % 90ek, autonomoen erregimenean ipini dute negozioa.