Zehatz-mehatz, Elkarrekin Mundura programaren bidez, iaz 21 enpresari lagundu zien nazioartekotzeari lotutako prozesuetan. Horrela, lau enpresari lagundu zien nazioartekotze-diagnostikoak egiten; lau merkataritza-misio egin zituen Frantzian, Txilen, Perun eta Mexikon; eta 13 enpresa inskribatu zituen Bizkaiko nazioartekotze-mapamundian. Azken hori martxan ipini da Bizkaiko Foru Aldundiarekin, Garapenekin eta beste erakunde batzuekin, nazioartekotzeari begira enpresen arteko sinergiak eta elkarlana bultzatzeko.
Bestalde, Suspertze Digitala programaren bidez, enpresa txiki eta ertainei lagundu zitzaien digitalizazio-prozesuetan; ibilbide-plana egin zen lau enpresatarako; eta digitalizazio-erronken diagnostikoa, 11 enpresatarako. Gainera, tailer bat eta sei webinar antolatu ziren, digitalizazio-konponbideak erakusteko eta enpresei irtenbide eta teknologia digitalak hurbiltzeko. Era berean, konponbide digitalak eskaintzen dituzten eskualdeko enpresak identifikatu ziren, haiengana konponbide bila jotzeko.
Enpresen berrikuntza-profila egiteaz gainera, hainbat programa –Segi Digitala, Industria Digitala…– baliatu ziren enpresen lehiakortasuna handitzeko. Era berean, Hazinnova eragile gisa, eta SPRIrekin lankidetzan, 20 bat enpresari lagundu zitzaien berrikuntza-erronkak ezartzen eta mikroproiektuak garatzen.
Turismoa eta tokiko merkataritza ere protagonista izan ziren Uribeko Jata Ondo Landa Garapenerako Agentzien eta Txorierriko udalen eskutik. Gurean, esaterako, Mahasti Artean jaialdia egin zen, eta haren baitan, eskualdeko pintxoen lehiaketa.